Ehun BERRIAlagun baino gehiago direla ospatuko dute gaur Iruñean

Krisiak oro irensten duela dirudien garaiotan, badira albiste baikorrak, zailtasunei aurre egiteko bide berriak. Horretan ari da BERRIAlagunak egiten diharduen kanpaina; Zure ziztada behar dugu leloa ardatz hartuta, sare bat trinkotu nahi du euskarazko hedabideen inguruan, jendearen sostengurik falta ez dakien, eta, hartara, lanean jarrai dezaten. Iruñean, jada ehun lagunek bat egin dute deiarekin, eta Iruñerri osoan, 160 baino gehiago dira. Hori ospatze aldera, jai bat egingo da gaur ilunabarrean; bertso merendu bat egingo dute Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Errimak bi bertsolariren esku izango dira: Julen Zelaieta eta Aimar Karrika ariko dira bertsotan.

Elkarlanaren emaitza izango da gaurko merendua; jan-edanak Zaldiko Maldiko elkartearen ekarpena izango dira, eta bertsolariak musu truk ariko dira. Ekitaldiak topaketa gozo bat izan nahi du: BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren alde orain arte egindako lan guztia eskertu nahi du, eta egitasmoa ezagutzera ematen segitu.

Lehendik ere, kanpainaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira Nafarroan; iazko urriaren 11n, esaterako, bertso merendu bat egin zen Lakuntzan, eta azaroaren 10ean kontzertu bat eman zuen Ruper Ordorikak, Altsasuko Iortia kultur etxean. Nafarroako euskarazko hedabideek lagundu dute horiek antolatzen. Izan ere, hedabide horietako asko arras ataka gaiztoan daude; orain arte, urriak ziren laguntza publikoak, eta gutxitu egin zaizkie azken urteotan; batere diru laguntza publikorik ez dute egun Nafarroako instituzioen partetik. Egoera horrek hedabide askotan eragin dituen arazo larriez ohartuta, BERRIAlagunen kanpainaren bidez eskuratzen den diruaren zati bat —eskualde bakoitzean lortzen denaren bostetik bat, hain zuzen ere— hedabide horietarako jartzea erabaki da. Eta ahalegin horren fruitua agerikoa da: dagoeneko egin dira lehendabiziko ordainketak zenbait hedabidetan.

10.urtemugaren inguruan

Herriz herri egin da orain arte BERRIAlagunak erakartzeko kanpainaren zati handi bat. Euskal Herri osoan ekintza ugari egin dira, eta 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Egitasmo iraunkor bat denez, aurten ere horren aldeko lanean jarraituko da. Ekainaren 21ean, hamar urte beteko ditu BERRIA egunkariak, eta urtemuga hori ospatzeko antolatuko diren ekitaldien jira-biran egin nahi dira kanpaina ezagutarazten jarraitzeko saio handienak datozen hilabeteetan. Apirilaren erdialdean hasi eta ekainaren amaiera bitartean egingo dira ospakizun ekitaldiak, eta horiek izango dira ziztaden aldeko etorkizuneko urratsak harilkatzeko gakoak. Bide batez, ahalegina egiten jarraitu nahi da jadanik kanpainari atxikimendua erakutsi diotenen aldeko urratsekin jarraitzeko; haien proiektuarekiko atxikimendua indartu nahi da, eta ateak zabaldu nahi zaizkie, parte hartze iraunkor bat izateko.