Bagoaz inora

Berripaper honen irakurle fidelok honezkero jakinen duzue Nora aldizkariarenak egin duela. 2008an sorturiko bidaia eta paisaia hilabetekari ederrak ezin izanen du bere borzgarren urtebetetzea egin “gaur egungo baldintzek” ez dietelako “aurrera egiteko aukerarik laga”. Bertze bat zulora.

Gogoratzen Matraka gazte gehigarri ausarta? Gogoratzen astialdi aukera saldoa egunero biltzen zuen Tartea gehigarri koloretsua? Horiek ere zulora joan ziren. Berez, 2003ko ekainean jaio zenetik, BERRIA egunkaria txikitzen joan da gutxika-gutxika. Hemendik gutxira 10 urte beteko ditu eta, “bertze hamaika egiteko asmoa” dutenez, Zure ziztada behar dugu bezalako kanpainak egin behar izaten dituzte. Oso egoera ekonomiko larrian baitaude. Benetan.

BERRIAko lagunak kanpaina polita egiten ari dira eta, dagoeneko, 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Ziztadak lortu nahian, hitz ederrak erabiltzen ari dira, esaldi aski ongi biribilduak, bihotzak samurtzeko eta dirua erakartzeko.

Bada, nik alde batera utziko ditut hitz politak. Zuzenagoa izanen naiz. Bortitzagoa. “Euskaraz bizi nahi dut” lelo horrekin bat egiten duzu? BERRIA Interneten, liburutegian, euskaltegian edota institutuan dohainik irakurtzen duzu? Egunkaria euskaraz irakurtzen segitu nahi duzu? Twitterren edo Facebooken BERRIAren albisteak zabaltzen dituzu? Bada, benetako konpromisoa erakusteko tenorea ailegatu da: egin ezazu oraintxe berean BERRIAren harpidetza, urtean 381,91 euro astinduz. Zer nahi duzu erratea? Ez dago bertzerik.

Edukiak dohainik ematen omen dituen Internet ahalguztidunaren garaiotan zaila egiten da hau esplikatzea. Baina, aizue, BERRIA egunkariarenak egiten badu, akabo Berria.info; eta Argia aldizkariarenak egiten badu, akabo Argia.com. Adibidez. Alegia, ordaindutako kazetaritza bukatuz gero, akabo doako Internet.

Aurrekoan BERRIA egunkariko Komunikazioa atalean soldatapeko kazetari batek primeran azaldu zuenez, Madrilgo Prentsa Erakundeak egindako txosten baten arabera, 2012an 1.916 kazetari zeuden Hego Euskal Herrian langabezian —horietako 333 Nafarroan—; 2011. urtean baino 984 gehiago. Hortaz, azken urtean, langabezia tasa %105 handitu da hegoaldeko kazetarien artean.

Nahi baduzue, alimaleko langabezia tasa horren erdia krisi ekonomikoak esplikatuko du. Baina bertze erdiaren azalpena arestian aipatu dugun joerak ekarri du; gure munduaren ikuskeratik gertu dagoen informazioa ere dohainik ekoitz daitekeela dioen uste ustelak.

Erran gabe doa langabezian edo prekarietatean zaudetenok ez duzuela zertan halako diru ahalegina egin. Baina gainerakook, bai. Bada ordua gustuko dituzuen hedabideen harpidetza egiteko. Iraun dezaten nahi baduzue, bederen.

Nora zulora joan zaigu. Baina gu, ez. Gu bagoaz norabaitera. Bagoaz inora. Bidean gure hedabideek lagunduta, haiek gabe biderik ez baitago.

Tira, erran dut.