Dendak jaiegunetan ixteko eskatu dute sindikatuek

Joan den igandean, Nafarroako zenbait denda irekita egon ziren. Jaiegunetan dendak itxita egon behar dutela eskatzeko, ia ehun lagun bildu ziren Uharteko Itaroa merkataritza gunean, CCOO, UGT, ELA eta LABek deituta egin zen elkarretaratzean. Sindikatuen irudiko, “ez dago eskaera errealik hamar jaiegunetan dendak irekitzeko”. Diotenez, afera enpresa handien arteko “gerraren” emaitza da. Urtarrilaren 2an eta7an denda batzuk ireki zituzten. Beste zortzi jaiegunetan ere zenbait irekita egongo dira, tartean martxoaren 28an, irailaren 1ean, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 3, 6 eta 23an. Horiez gain, Iruñean azaroaren 29an ere lanean arituko dira dendari batzuk.