Lanez “gainezka” daudela salatu dute Larrialdietako Agentziako hainbat langilek

Urteko lehenengo hamar egunetan DYAk ez zuen anbulantzia zerbitzurik eskaini, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasoko zuten ala ez jakin zain zeudelako. Nafarroako Larrialdietako Agentziak baieztatu zuen gertaera horrek ez zuela inolako eraginik izanen, baina agentziako langileek kontrakoa erakutsi dute.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek salatu dutenez, DYAko zortzi anbulantziek —zazpi ohikoak eta bat medikuduna— lan egin ez zuten hamar egunetan, %60 lan gehiago hartu zuten beren gain. Suhiltzaileen, Gurutze Gorriaren eta Baztan-Bidasoa enpresa pribatuaren anbulantziak aritu dira lanean. Horrez gain, langileek salatu dute denbora tarte horretan eriek “inoiz baino denbora gehiago” itxaron behar izan zutela anbulantzia heltzeko. Kasu batzuetan, ordubete ere egon ziren anbulantziaren zain, “gainezka” ibili baitzen zerbitzua.

Ohiko egoera batean, anbulantzia arrunt batek hamahiru-hamalau lekualdatze egiten ditu egunero, baina 2013ko lehenengo hamar egun horietan, 20 eta 23 lekualdatze inguru egin behar izan zituen anbulantzia bakoitzak. Herrietara ere joan behar izan zuten anbulantziek. Gares eta Agoizko adibidea esanguratsua da. Bi herri horietan DYAk boluntarioen baseak dituen arren, horiek ez zuten lanik egin; hortaz, Iruñeko anbulantziek lekualdatzeak egin zituzten larrialdi egoeretan. “Ezin ginen arriskatu lan egitera diru laguntza jasoko dugun ala ez jakin gabe”, azaldu dute DYAko langileek.

DYAren egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta aurten oraindik zailagoa izanen da. Anbulantzia zerbitzua eskaini gabe egon den hamar egunetan DYAk ez du berri onik izan. Nafarroako Larrialdietako Zerbitzuak 200.000 milioi euro emanen dizkio, iaz baino %17 gutxiago. Azkeneko bi urteetan, DYAk %50 diru sarrera gutxiago izan ditu. Joan den ostiraletik berriro lanean ari dira DYAko anbulantziak, baina bakarrik sorosleak libre daudenean. Zortzitik zazpi anbulantzia erabiltzen ari dira. Anbulantzia medikudunak aparkaturik jarraitzen du. Normalean, anbulantzia horrek astelehenetik ostiralera goizeko bederatzietatik gaueko hamarretara lan egiten du, eta asteburuetan arratsaldez.

Gainera, Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek jakinarazi dutenez, “larri” ibili diren hamar egunetan, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatea erabili behar izan dute ezbeharretan. Normalean kasu larrienetan bakarrik erabiltzen dute ZIU, baina anbulantzia faltak erabiltzera behartu zituzten.

Gaur egun, DYAn Nafarroako Gobernuak ordaintzen dituen bost gidari, hiru administrazio langile eta formakuntza koordinatzaile bat aritzen dira lanean. Horrez gain, ezintasun fisiko eta psikologikoa dutenentzat enplegu zentroa dute, eta bertan soldatapeko bat eta bost koordinatzaile daude. Iaz, denera, DYAko anbulantziek 6.428 lekualdatze egin zituzten Nafarroan. Iruñerrian 5.700, Agoitzen 151, Erriberrin 126, Altsasun 85, Los Arcosen 66, Garesen 207 eta Azkoienen 93. Guztira, 700 bazkide ditu lurraldean. Errepideko istripuetan artapen zerbitzua eskaintzen du DYAk.

Duela ia urtebete Nafarroako DYAko hiru kide auzipetu zituzten ustez fakturak faltsutzeagatik. 52.000 euroan erositako bi anbulantziaren fakturak faltsutzea egotzi zieten Nafarroako Gobernuak elkarteei eman ohi dien diru laguntza lortzeko asmoz, baina epaileak hiru kideak errugabetu zituen. Javier Cruz Nafarroako DYAko kudeatzailea, Alfredo Zelaia idazkaria eta Eneko Arteaga erakundeko presidentea izan ziren auzipetuak.

Gertaerak, hala ere, hautsak harrotu zituen DYAn, baita kanpoan ere. Javier Cruz kudeatzaileak Burlatako Udalean UPNko zinegotzi izateari utzi zion, eta Nafarroako DYAko hainbat kidek adierazpen bat kaleratu zuten, “izen ona” kolokan jarri zelako gertakarien harira. Gauzak horrela, Nafarroako DYA ez da oso egoera onean. Gainera, Nafarroako Gobernuak diru sailak gutxituz gero, “okerrera” egin dezake.

Landa eremuko larrialdiak

Nafarroako Osasun Departamentuak landa eremuko larrialdi zerbitzuak lehen mailako osasun arretaren larrialdi zerbitzu bilakatzeko proposamena egin du. Gaur egun, larrialdi zerbitzuetan medikua eta erizaina osasun etxean egoten dira, dei bat baldin badago pertsona hori berehala artatzeko. Gobernuak egin nahi dituen moldaketak abian jarriz gero, medikuek ez dute zertan osasun etxean egon, baina beti lokalizatuta egonen dira. Aldaketaren harira, lanorduak “izugarri haziko” direla salatu dute langileen ordezkariek. Herri txikietan eskaintzen den larrialdi zerbitzua etetea ekarriko du horrek, eta “onartezina” dela diote. Azaldu dutenez, 57 lanpostu gutxiago izanen dira.