“Autoaren inguruan egina dago hiria, ez plazaren inguruan”

Kaktusak eta western pelikuletako paisaiak. Arroila Handia. Indioak. Horrelakoa da Arizona. “Politenak ez dira hiriak, natura baizik”. Eneko Ganuzaren (Iruñea, 1978) hitzak dira. Harrituta gelditu zen Arroila Handia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Franklin D. Rooseveltek esan zuena gogora ekarri du: “Bizitzan noizbait ikusi beharrekoa da”. Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari ohiak esandakoa betea du Genuzak, baina oraindik hamaika txoko gelditzen zaizkio aurkitzeko. “Oso zabala eta handia da herrialdea; horregatik, paisaia guztiz desberdinak dira”.

Duela urtebete baino gehiago iritsi zen Eneko Ganuza Phoenix hiriburura. Itsas Zientziak ikasi zituen Palman (Kanariauharteak, Espainia), eta ondoren Ingalaterrara joan zen doktoretza egitera. “Nafarroatik kanpo anitz urtez bizi izan naiz, baina udan itzuli ohi naiz”. Gabonetan familiaren bisita izan zuen Arizonan. “Hemen ez dago aukerarik opor luzeak hartzeko, bakarrik 15 bat egun; horregatik ez naiz itzuli nahi bezainbeste”. Bioteknologia enpresa batean lan egiten du Phoenixen. “Ikertzailea naiz, eta iluntasunean hazten diren mikroalgak ikertzen ditut”. Alga horiek azoka eta supermerkatuetara merkaturatu nahi dituzte, janari, kosmetiko edo botika gisa. Ez dago mikroalga enpresa asko, eta Ganuzak ez zuen bi aldiz pentsatu lana eskaini ziotenean.

Lanean duen giroa, gainera, apartekoa da. ” Gehien harritu nauena lan egiteko era izan da”. Enpresek langileak zaintzen eta motibatzen dituzte. “Personal couching, personal training… kontzeptu horiek hemen oso erabiliak dira, Euskal Herrian ez”. Kanpotik lan ereduak “faltsu samarra” eman dezakeela ulertzen du Ganuzak, baina erabat eraginkorra dela dio. “Enpresaren produkzioa hobetzea lortzen dute, eta, aldi berean, langileak motibatuta joaten dira lanera”.

Arizonako bizimodua “zeharo” autora lotuta dago. Leku batetik besterako distantziak ikaragarriak dira, eta guztiek dute autoa. Auto guztiak primerakoak eta berrienak direla dio Ganuzak. Sonora basamortuan dago Phoenix. Banakako etxebizitzez beteta, ez dago eraikin alturik, ezta etxe orratzik ere. “Hiria ez dago plazaren inguruan eginda, autoaren inguruan baizik; horregatik, aparkalekuetan aurkitzen duzu jende gehien, eta ez parkeetan”. Errepublikanoen estatua da Arizona. Armetara eta autoetara ohituta daude. “Familia guztiek dituzte armak, hasieran oso arraroa egiten zitzaidan, eta oraindik ere bai; seinale ona da hori”.

Horretaz gain, indigena erreserba handienetarikoa du lurraldeak. Sorterriko 300.000 lagun inguru bizi dira. “Erreserbetan beste eskubide batzuk dituzte; adibidez, Arizonan debekatua dago kasinoak eraikitzea, baina erreserbetan ez; horregatik, indiarren diru iturri nagusiena kasinoak dira”. Erreserbetako hiriak “triste samarrak” direla azaldu du Ganuzak, inguruan duten natura oso polita den arren. “Desberdintasun handiak ikusten dira, batzuk oso pobreak, besteak kasinoekin…”. Ohikoa da auto-stop egitea erreserbetan, askok autorik ez dutelako. Behin, Ganuzak auto-stop egin zuen erreserba batean, eta navajo indio batek hartu zuen bide erdian. Indioaren etxea ezagutu zuen, eta familia ere bai. “Sekulako esperientzia izan zen, oso jatorrak eta umilak ziren; primeran hartu gintuzten”.

Globe herria gustuko du Ganuzak. “Hutsik dago herria; kobrea ateratzen zuten garai batean handik, urrezko aroa izan zuen, baina 1930eko hamarkadan hutsik geratu zen”. Hala ere, etxe guztiek zutik jarraitzen dute, eta horrek berezia egiten du herria. “Ikaragarria da”.

Behin, Tucsongo irakasle batekin topo egin zuen Ganuzak. Hitz egiten hasi, eta jatorriaz galdetu zion Ganuzari. Arizona hitza euskalduna dela esan zion. “Haritz ona esan nahi duela azaldu zidan”. Orain dela 100 urte euskaldun artzain ugari joan ziren Arizonara. “Flagstaff hirira joan ziren gehienak, eta han haritzak ohikoak dira; hortik, izena”. Oraindik ere, Euskal Herritik etorritako artzainen arrastoa agerian da. “Euskal artzainek zuhaitzetan haien izena eta urtea idazten zuten”. Euskal aztarnak aurkitzea gustatzen zaio Ganuzari. Hala ere, gaur egun bizi direnak Euskal Herria ez dutela ezagutzen dio. “Phoenixek bakarrik ehun urte ditu; ez du erro historikorik, hiri gaztea da”.

Urte hauetan guztietan izugarri hazi da hiria. Metropoli eremuak 4 milioi biztanle baino gehiago ditu. Gero eta immigrazio gehiago dagoela konturatu da Ganuza. “AEBetako beste estatuetatik jende asko etorri da, baita Mexikotik ere”. Muga egiten du Arizonak Mexikorekin, eta latino-amerikar komunitatea handiak sortu dira. “Arizonaren %25 latindarrak dira”. Ganuza mexikar merkatuetara joan ohi da erosketak egitera. “Han barazkiak eta frutak askoz hobeak dira; eta merkeagoak ere bai”. Baina Arizonako haragia da gehien gustatzen zaiona: “Hemen haragia primerakoa da; hemen jaten dituzten hanburgerrak ez dira McDonaldsekoak”.