Ezinean bizi

Azken datuak dira: 52.600 langabe daude Nafarroan. 15.000 pertsonak ez dute baliabiderik. 8.000 inguruk gizarteratze errenta jasotzen dute, eta %18 inguru gizarteak baztertzeko arriskuan daude. Ez dira datu soilak. Zenbaki horiek agerian uzten dute Nafarroako milaka familiaren errealitatea. “Inork eta ezerk ezin digu ziurtatu gu hurrengoak ez garela izanen”, ziurtatu du Ubaldo Gonzalez Nafarroako Pobreziaren Aurkako Sareko presidenteak. Aditzera eman duenez, iazko urtea “oso larria” izan zen. “Duela hogei urte zegoen egoerara itzuli gara, eta beste hogei urte beharko ditugu ohiko egoerara itzultzeko”.

Gobernuak ezarri dituen neurriak langabezia, babes sozialik eza eta pobrezia areagotzen ari dira. Era berean, lana dutenen baldintzak kaskartzen dituzte. “Gizarteak gero eta kontzientzia gehiago hartu du egoera honetan; lehen, etorkinak ziren pobreak, baina orain Nafarroako dozenaka familia ere egoera berean daude”. Azkeneko hamabost egunetan, Gonzalezek muturreko kasuak ezagutu ditu. “Autoan bizi diren bi familiarekin egin dut topo; orain dela asko ez nuen hori ikusten”. 25 urte daramatza Gonzalezek behartsuenei laguntzen. “Egunean egunekoak itota bizi dira asko, aurrera egin ezinean jatekorik ez dutela”.

Nafarroako Pobreziaren Aurkako Sarea 25 entitatek osatzen dute. “Oso desberdinak elkarren artean, baina helburu komunarekin: pobreziari eta bazterketari aurre egitea”. Orain, gainera, beste behar bat dute: haien sareak irautea. “Murrizketek eragin zuzena izan dute, eta aurten ez dakigu diru laguntzarik jasoko dugun ala ez; baliabide oso mugatuak ditugu”. Programak mantentzea izan da sarearen lehentasuna, eta hala egin dute. “Programa bat kentzen badugu, ia ezinezkoa zaigu berriro jartzea, jendeak konfiantza galtzen duelako”.

Baina krisiak azaleratu du beste datu bat ere: egoera zenbat eta makurragoa, orduan eta handiagoa da jendearen elkartasuna. “Murrizketen aurkako eta berdintasunaren aldeko gizarte mugimendua areagotu egin da. Jendea haserre dago, eta kalera irten da”. Haiek horrela bizi izan dute: “Gero eta jende gehiago hurbildu da gurera; ez laguntza jasotzera soilik, eskaintzera baizik”.

Aurten, egoerak “okerrera” egin dezake, eta gizartearen bazterketa saihesteko plan bat bultzatu nahi dute sareko kideek. Gaur egun indarrean dagoen gizarteratze errentak “baldintza zorrotzegiak” dituela salatu dute, eta garai bateko oinarrizko errenta berreskuratzeko asmoa azaldu. Besteak beste, errenta jaso ahal izateko Nafarroan lege barruan gutxienez bi urtez bizi izana eskatzen dute. Gainera, langabezia saria amaitu dutenek ez dute gizarteratze errenta jasoko “bazterketa sozialean” ez badaude. “Egun, 8.000 familiak jasotzen dute gizarteratze errenta, baina 3.000 lagun kanpoan geratu dira, baldintzak ez dituztelako betetzen; hori da larriena”. Gonzalezek azaldu duenez, gobernuak errenta berria jarri zuen etorkinak haien herrialdeetara itzultzeko, “baina ez dute lortu, hemen jarraitzen dute; prekarietatean bizi dira, baina han baino hobe”. Gizarteratze errenta jasotzen duten %38,59 Nafarroako familiak dira. Guztira, gobernuak 31 milioi euro baliatu ditu horretarako.

NUPeko Gizarte Lana sailak Krisiaren eragina 2007-2011 ikerlana kaleratu zuen duela hilabete batzuk. Bertan aditzera ematen dutenez, 30.000 pertsona inguru bizi dira Nafarroan “pobrezia latzean”. Horrek esan nahi du 475 euro baino gutxiagorekin bizi direla. Argi du Gonzalezek. “Krisiak ez du aitzakia izan behar murrizketak egiteko osasunean, hezkuntzan eta gizarte laguntzetan ere”.