Saltxitxa taloa

Paderborn 140.000 biztanle inguru dituen hiria da, Alemaniako Ipar Renania-Westfalia land edo estatuan dagoena. 1992. urtean gure hiriburuarekin senidetu egin zen, eta, lotura horri esker, Oberena dantza taldearekin hara abiatu ginen 2008. urtean. Krisiaren hastapenetan joan ginen Sanferminetako egitarauan sarri irakurri genuen hirira. Oraindik ez zen alarmarik, eta oraindik ere ez genekien Errepublika Federaleko kantzilerraren aurpegia behin eta berriro ikusiko genuenik gure etxeko telebistan.

Esan bezala, Paderbornera abiatu ginen, saltxitxak eta garagardoa dastatzeko gogoz (badakizue, aurreiritziak). Autobusa lepo bete genuen, eta dantzari guzien artean pertsona bakarra mintzo zen alemanez. Arraroa zen; bitxia iruditu zitzaigun iruindar batek hizkuntza hori ezagutzea. Bidaian zehar, beraz, bere alboan izan ginen hau eta hura nola esaten zen galdezka: danke, hallo, bitte…

2013. urtean, baina, orduan arraroa edo exotikotzat genuena ohiko bihurtu da, edo bihurtzen ari da behinik behin. Gazteok Alemaniara joan behar dugula esaten digute han eta hemen. Hego Euskal Herrian no future, hanka egin lehenbailehen! Eta hasi dira batzuk alemana ikasten, eta hasi da alemana nonahi agertzen, eta orain badirudi alemana jakin behar dugula gazte guziok. Hizkuntza eskolan, adibidez, 1. mailan eskari gehien izan duen hizkuntza da dagoeneko (1.415 eskari); ondotik, ingelesa eta frantsesa (1.228 eta 1.222).

Baina, hara! Derrigorrezko lehen hezkuntzara ere ailegatu da. Heldu den ikasturtetik aitzinera alemanezko ereduan ikasteko parada izanen dute Iruñeko haurrek. Victor Pradera Ikastetxe Publikoak eskainiko du hizkuntza horretan oinarrituriko eredua. Orain arteko eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu elebiduna asmatu zuen Nafarroako Gobernuak (edozein eredutan txerta daitekeen PAI). Orain, eredu eleaniztun bakarrari, hau da, D ereduari aurre egiteko eredu eleaniztun berri bat asmatzeko asmoa ez ote duten ere pentsatzen hasi naiz. Badakizue hemen denak balio duela euskararen kaltetan baldin bada.

“Neska-mutil orok, nonahi bizi delarik ere, ingelesa ikasteko eskubidea du”, esan du berriki Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek. Euskara ez, euskara ikasteko eskubidea ez baitzaio bermatzen nonahikoa den nafarrari. 2008an, Paderbornen ginelarik, pentsaezina zen kontseilari batek ingelesa ikasteko eskubidea defendatzea. Bost-hamar urteren buruan, agian, adituko dugu kontseilari baten ahotik alemana jakiteko eskubidea dutela haur guziek. Euskalerria irratiak ez du lizentziarik izanen, Euskal Telebista ikusteko arazoak izanen ditugu, baina lasai, taloan saltxitxa sartu eta alemanez ikasteko eskubidea aldarrikatuko dugu.