“Gizarteak kultura sismikoa behar du; egoki jokatzeko eta gehiegi ez larritzeko”

Lurrikarak zergatik gertatu diren argi du Antonio Aretxabalak (Vigo, Galizia, 1963). Erreniega inguruak hidrosismikotasuna duela dio, eta euriteen eraginez failek elkarrekin talka egin dutela, eta lurrikarak eragin dituztela. Nafarroako Unibertsitateko geologoa da Aretxabala, eta zientzialarientzat lurrikara multzoa ikertzea oso interesgarria dela azaldu du. Ez, ordea, herritarrentzat, ezusteko handia hartu baitute askok.

Berrehun lurrikara baino gehiago izan dira. Larritzeko modukoa da?

Ez, inolaz ere ez. Lurraren barneko energia barreiatzen ari da, euriteek lur guztia bigundu dutelako. Nafarroako historiako negu euritsuena izan da aurtengoa, eta faila batzuk gehiegi tenkatu dira. Erreniega inguruan dauden faila txiki horiek urarekin mugitu dira, eta elkarrekin talka egitean lurrikarak sortu dituzte. Domino efektua gertatu da, bata bestearen atzetik. Eta faila nagusiena ukitu dute, Iruñeko faila.

Beraz, eremuak hidrosismikotasun naturala du?

Bai, hidrosismikotasunak eragin ditu lurrikarak. Dena den, oraindik erabat ez dira ikertu lurrikarak, eta horrek beti zalantzak sortzen ditu. Failek eragiten dituzte lurrikarak eta failak euriteengatik mugitu dira, hori argi dugu. Lurrikararen epizentroa lurraren sakon-sakonean izaten denean, urak ez du hainbesteko eraginik izaten, eta hori aztertu behar dugu, epizentroa lurraren sakon-sakonean izaten delako askotan. Erreniega inguruko gatz zulobideak uraren atea izan direla uste dugu, eta hortik urak bere bidea egin du. Iberiar penintsulako sismikotasun handieneko tokien artean, Nafarroa hirugarrena da.

Azken hilabeteetako lurrikararik handiena 4,1 gradukoa izan da. Handiagoak eta gehiago gertatuko dira?

Tektonikoa izan zen 4,1 graduko lurrikara, eta Iruñeko faila nagusiari eragin zion. Seguruenik, gertatuko dira gehiago, eta handiagoak izan daitezke; ez, ordea, kalte larriak eragiteko modukoak. Geologiaren ikuspuntutik, oso interesgarria litzateke gertatzen ari diren lurrikarak aztertzea. Herritar askorentzat, hala ere, ezusteko handia izan da. Argi dago ez dagoela kultura sismikoa, eta beharrezkoa dela uste dut. Horregatik izutu da hainbeste jendea. Baina lurrikara multzoa amaitzen denean, inork ez du hitz eginen honi buruz.

Zer egin behar da lurrikara bat gertatzne denean?

Lurrikara bat gertatzen baldin bada, gauden eraikinetik irtetea da egin behar den azken gauza. Askok ez dakite, baina kontu garrantzitsua da. Lorcan (Espainia), adibidez, ez zen inor hil eraikin batean egoteagatik. Are gehiago, hil ziren guztiak kalean zeuden edo kalera irteteagatik hil ziren, tximiniak eta beste gauza batzuk erori zitzaizkielako. Informazio gehiago behar dute herritarrek, gehiegi ez larritzeko eta lurrikara bat gertatuz gero zer egin behar den jakiteko.

Besteak beste, hitzaldiak eman dituzu hori guztia azaltzeko, ezta?

Utergan egon nintzen, inguru horretako alkateek eskatuta, eta joan den astean Iruñeko planetarioan izan nintzen. Utergako herritar batzuk, gainera, kezkatuta etorri ziren nigana. Ez zekiten beren etxe zaharrek —XVIII. eta XIX. mendekoak— lurrikara bati eusteko gai izango liratekeen ala ez. Horrelako etxeek, askotan, askoz hobeki jasaten dituzte lurrikarak, gaur egungo betoizko eraikin batzuek baino. Askoz prestatuago daude, kultura sismikoa baitute barnean.

Eta noiz amaituko dira lurrikarak?

Ez dakigu. Azken egunetan lurrikara gutxiago egon dira, baina horrek ez du esan nahi gehiago ez direla izanen. Edonoiz eta edonon izan daitezke. Baina ezin dugu ezer egin, naturaren indarra delako. Nafarroako Gobernuak lurrikarak gertatzen direnenerako protokoloa du, baina, nire ustez, gaur egun zerbait gehiago eskatu behar dugu. Bereziki Iruñerrian eragina izateko, eta eremuaren zaurgarritasunari aurre egiteko.