Zer iruditzen zaizkizu Yolanda Barcinak gobernuan egin dituen lehen bi urteak? Sergio Sayas

UPNko komunikazio arduraduna

“Legegintzaldia zaila izaten ari da ikuspuntu politikotik, ekonomikotik zein sozialetik. Ezin da ahaztu, egun dugun egoera ekonomikoak doikuntzak egitera behartu gaituela. Beste egoera batean beharrezkoak ez diren neurriak eta erabakiak hartu behar izan ditugu. Bestalde, oposizioko alderdiak jazarpen eta eraispen kanpaina garatzen jardun dira. Gure proiektu eta planteamendu guztiak errefusatu dituzte”.

PSNko idazkari nagusia

“Legegintzaldiari koalizio gobernu dinamikoarekin ekin genion. Baina Yolanda Barcinak akordioa hautsi zuenetik, gobernua ezegonkor eta norabiderik gabe dabil. 55.000 nafar langabezia pairatzen ari dira, eta ez dira horri aurre egiteko gai. Gobernua ahul eta bakarrik dago; ez du urgentziazko neurriak hartzeko gaitasunik”.

Aralarreko parlamentaria

“Gobernuak ez du Nafarroaren autogobernua defendatu eta, beraz, Madrilek ezarritakoari men egiten dio. Langileok gero eta pobreagoak gara, murrizketek ez dute enplegua sortzen eta langileon eskubideak desagerrarazi nahi dituzte. Nafarroan aplikatzen ari diren defizitaren muga eta UPNk ezarri dituen politika horiek amildegira garamatzate; kaosa nabari da. Lan publikoa deuseztatzen ari dira, eta horrek oinarrizko eskubideen galera dakar”.

Bilduko parlamentaria

“Legealdiko lehen bi urte hauetan Nafarroako egoerari mozorroa erori zaio eta agerian gelditu da errealitaterik gordinena: langabezia tasa izugarria, administrazioaren zorpetzea, murrizketa bortitzak, pobreziaren igoera kezkagarria, ustelkeria eskandalagarriak… Horiek dira UPNren eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren porrotaren adierazle nagusiak. Garbi ikusi da azken hamarkadetako UPN-PSN erregimen zaharkitu eta baztertzailea herritarrontzat guztiz kaltegarria dela”.

Geroa Baiko bozeramailea

“Balantzea, Geroa Bairen aburuz, ezin kaskarragoa da. Gobernua ahul jaio zen, eta are ahulagoa da bi urte igaro eta gero. Barcina bere bakardadean tematzen da, eta egundoko ezegonkortasuna islatzen duen gobernuaren buru da. Ez duela ardura onartu nahi eta eragindako kalteak gero eta gordinago ikusten dira Nafarroako gizartean. Geroa Baitik aspaldi ari gara aldarrikatzen hauteskundeak berandu baino lehen egiteko beharra”.

Ezkerrako bozeramailea

“Lehen bi urte hauek bi kontzepturen bitartez definitu daitezke: austerizidioa eta agonia. Austerizidio ekonomiko neoliberala alde batetik, eta agonia politikoa bestetik. Ezkerratik defendatzen dugu, krisitik irteteko irtenbide justu eta soziala ahalbidetzeko alternatiba badela: erreforma fiskala, lanbidearen defentsa eta zerbitzu publikoak, banka publikoa, lanaren banaketa… Hauteskunde aurrerapenak gobernua beldurtzen du, oposizioko kide izatera igaro daitekeelako”.

PPNko parlamentaria

“UPN-PSNk sortu zuten gobernua hasieratik ezpalez beteta egon zen. Gobernu akordioa egin eta urtebetera ituna bertan behera gelditu zen. Nafarroan bi urte daramatzagu ziurtasun politikorik gabe, instituzioetako egonkortasun faltak krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzea oztopatzen du. Guk espero dugu arduraz jokatzea eta oinarrizko gaietan guztiak ondo funtzionatzeko akordioak erdiestea”.