“Egungo erritu batzuek ez dituzte asetzen pertsona batzuen nahiak”

Gaur Santu Guztien Eguna dela eta, doluaren inguruko jardunaldiak egin ditu Senda fundazioak. Fundazio horretako kidea da Angel Albeniz (Donostia, 1959). Dioenez, azkenaldian hildakoak agurtzeko errituetan izandako aldaketek eragina izan dute dolua bizitzeko moduan. Azaldu du pertsonen bizitzak hasiera eta amaiera duela eta hori onartu beharra dagoela.

Hildakoak agurtzeko errituak asko aldatu dira azkenaldian. Horrek zer eragin izan du?

Lehen, hildakoari egiten zitzaion agurra egun baino askoz ere luzeagoa zen. Familia daukat Malerrekan, eta oroitzen naiz nola han garai batean pertsonak etxean hiltzen ziren. Hilotza ere etxean izaten zen, gehienetan ezkaratzean. Han pare bat egun edukitzen zuten senitartekoek, bizilagunek zein adiskideek hildakoa agurtu ahal izateko. Horren ostean, etxetik hilerrira joaten ziren auzokideek lagunduta. Agurrean jende andanak parte hartzen zuen. Azkenaldian, ohartu gara agurtzeko gero eta denbora gutxiago erabiltzen dela. Erritua izugarri laburtu da.

Aldaketa horrek doluan eraginik izan du?

Nik uste doluari aurre egiteko moduan ez dela aldaketa handirik izan. Errituak aldatu dira, baina dolua ziurrenik ez. Hala ere, posible da dolua errituengatik aldatu izana. Egungo erritu batzuek ez dituzte asetzen pertsona batzuen nahiak. Errausketaz hitz egiten denean, hainbatek esaten dute erritualizazioa aldatzen ari dela eta hori arriskutsua izan daitekeela.

Nekeza izaten da maite den pertsonaren heriotzari aurre egiteko prozesua.

Doluaren ereduaren arabera, esaten da sentimenduek etapa ezberdinak gainditzen dituztela. Lehenik, ukazioa izaten da; ondoren, haserrea, negoziazioa, depresioa, onarpena… Pertsonak berregituratu egiten du gertatutakoaren narrazioa eta horren esanahia. Izan ere, gure bizitzak istorioak direla esan daiteke; hasiera eta amaiera dute istorioek. Hala, zenbait pertsonaia desagertu egiten dira, eta gertaera horrek kontakizuneko zati izan behar du, pertsonaia hori gabe istorioa idazten jarraitzeko.

Hala ere, heriotza guztiek eragin bera dute?

Inola ere ez. Hiltzen den pertsonak norberaren bizitzan zer-nolako esanahia duen da garrantzitsua. Adibidez, pertsona bat zahartuta hiltzen denean, ohikoena da onartzeko arazo handirik ez izatea. Baina heriotza bat garaiz kanpo gertatzen denean, istripu baten eraginez esaterako, doluak gainkarga eragin dezake, eta horrek pertsonen esanahia kolokan jartzen du. Horrek dolua sufritzen ari den pertsonaren ingurunean eragiten du zuzenean.

Pertsona batek dolua modu eraginkorrean gauzatzeko arazoak dituenean, nola laguntzen diozue fundazioan?

Doluan edozein momentutan trabatu daiteke. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da galera onartzea. Egoera berrira egokitu behar da pertsona hori gabe. Une horretan jakiten da pertsona hori zein garrantzitsua izan den artatzen ari garen pertsona horrentzat. Askotan, izan den mendekotasunaren araberakoa da hori. Egoera horietan gurera jotzen dutenak edozein etapatan trabatu daitezke. Gu saiatzen gara traba horiek gainditzen laguntzen. Askotan, prozesua zaila izaten da, baina pixkanaka-pixkanaka lortzen da. Guk, normalean, baliabide psikoterapeutikoak baliatzen ditugu doluari aurre egiteko zailtasunak dituztenekin.

Nola aurre egiten dio haur batek doluari?

Haur bat galdera serioak egiteko gai denean galdu den pertsonaren inguruan, modu serioan erantzun behar zaio. Heriotzak eta doluak zer esan nahi duen azaldu behar zaio. Haurrek gaitasun handia dute gertatzen diren gauzak euren pentsamenduko zati moduan barneratzeko. Nerabezaroan neurotizatu egiten gara, eta zailagoa da. Haurrak duen adinaren arabera bizi du dolua. Baina hildakoa berriz kokatzeko gaitasun handia du, zeruan dagoela esanez adibidez.

Inguruan kultura ezberdinetako lagun asko dago. Heriotzari aurre egiteko modu ezberdina dute?

Guk, egia esan, ez dugu hori ebazteko adina kasu izan; bai, ordea, beilatokietan. Gelak egokitzen hasi dira hileta erritu ezberdinetarako. Esate baterako, askok musulmanen errituak gauzatzeko aukera ematen dute. Ijitoek, adibidez, heriotza muturreko sentimenduekin bizi dute, eta horretara egokitu behar dute beilatokiek. Nafarroan ez dugu oraindik esperientzia handirik alor horretan.