“Antikomertziala irabazien bila ez dabilen sorkuntza kulturala da”

Sorginkale banatzaile antikomertzialak hamar urte daramatza Sorgin Gaua antolatzen. Hasieran, sorkuntza alternatiboaren erakusleihoa izatea nahi zutena banaketa alternatiboaren erreferente bilakatu da. Iker Otxoa (Zizur Nagusia, 1982) eta Karlos Andion (Zizur Nagusia, 1991) Sorginkale osatzen dutenetako bi dira, eta belaunaldien nahasketaren adibide dira. Sorgin Gauaren antolaketaz, banaketa alternatiboaz eta horren zentzuaz jardun dute.

Zer da sorkuntza alternatiboa edo antikomertziala?

IKER OTXOA. Antikomertziala, hain zuzen, irabazirik lortzen saiatzen ez den sorkuntza kulturala da. Bide alternatiboetatik zabaltzen den sorkuntza, eta gure ustez, izaera aldarrikatzailea ere baduena.

Zergatik lantzen duzue banaketa alternatiboa?

KARLOS ANDION. Mugimendu alternatiboan, kultura oso arlo garrantzitsua da. Uste dugu gaur egun printzipio antikomertzialak ahaztuta daudela hainbat gune autogestionatutan. Txosnetan oso ohikoa da 3.000 euro kobratzen dituen talde bati deitzea. Guk zirkuitu alternatiboa aldarrikatu nahi dugu. Nafarroan talde eta banatzaile ugari dago. Mugimendu hori guztia koordinatu eta bultzatu nahi dugu.

I.O. Beti alternatiben inguruan hitz egiten dugu: bizimodu alternatiboak, lan alternatibak, gure bizitzako arlo guztietan. Horregatik, garrantzitsua da sorkuntza kulturalean ere sistemak eskaintzen digunari alternatiba bat ematea. Banatzaileen sare horrekin eta talde antikomertzialekin, alternatiba bat sortzen ari gara. Era horretan, abestietan esaten denarekin koherente izateko modu bat da.

K.A. Sortzeko eta banatzeko orduan, baliabideak jartzen ditugu bide ez kapitalistetatik sorkuntza aurrera eraman nahi duten pertsonentzat. Horregatik hasi ginen Sorgin Gaua egiten, talde antikomertzialekin kontzertu handiak egin daitezkeela erakusteko.

Nola sortu zenuten Sorginkale?

I.O. Sorginkale 2000. urtean sortu genuen Zizurko gazte batzuen artean. Kultura eta ideia libertarioen inguruko jakin-nahia genuen. Jakin-nahi hori asetzeko, liburutegi libertario bat sortzea bururatu zitzaigun. Geroago sortu zen banatzailearen proiektua, Sorginkale deitu zena. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka banatzailea zena kolektibo bilakatu zen, eta hainbat egitasmorekin hasi ginen. Denak kultura libertarioaren inguruan.

Zer motatako ekinbideak eramaten dituzue aurrera?

K.A. Sorgin Gaua da urtean egiten dugu ekitaldirik ezagunena. Guk lokal bat dugu Zizurren. Astelehenero irekitzen dugu 17:00etatik 20:00etara. Han saltzen dugu materiala: CDak, biniloak, zintak, kamisetak, liburuak, fanzinak… Liburutegia ere badugu lokalean. Nahi duena etor daiteke, eta liburu bat hartu. Guk hori apuntatzen dugu eta listo. Lokala Zizurreko Alde Zaharrean dago, jaietan txosnak jartzen diren tokiaren ondoan. Lokalaren ondoan ere Rock etxea dago, autogestionatutako musikarako entsegu lokalak.

Banatzeaz gain, sortu ere egiten duzue?

K.A. Bai, orain arte diskoak grabatu ditugu gehienbat. Urtero disko pare bat argitaratzen ditugu. Oro har, Nafarroako taldeekin lan egiten dugu, baina baita beste toki batzuetakoekin ere. Ameriketako talde batzuen lanak ere argitaratu ditugu. Baina diskoetatik harago joan nahi dugu. Duela gutxi Comunidades sin estado en la montaña vasca (Estaturik gabeko komunitateak euskal mendietan) liburuaren argitalpenean parte hartu genuen. Hagin argitaletxeak publikatu du liburua.

Sorgin Gaua berezia antolatu duzue aurten. Zeintzuk dira programazioan dauden ekitaldirik garrantzitsuenak?

K.A. Normalean Sorgin Gaua larunbat batean egin izan dugu. Aurten aste oso bat egitea erabaki dugu. Asteartetik aurrera, Zizur Nagusian eta Iruñean hainbat ekitaldi egingo ditugu: hitzaldiak, kantautoreak… Kontzertuek erakartzen dute jende gehien. Ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dira Zizur Nagusian; orotara 20 bat taldek joko dute.