“Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu”

“Euskaldunak hiritik bizikletan ibiltzen gara, eta erdaldunak, autoz. Auto tartean ibiltzea oso deserosoa da bizikletentzat. Horregatik behar ditugu bidegorriak. Karrikirik bidegorri hori izan nahi du”, horrela azaldu du Karrikiriren filosofia Silbia Alonsok (Iruñea, 1953). Orain hamahiru urte jarri zuten martxan elkartea. Lana egiten dute, baina umorea ez dute sekula galtzen. “Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu”.

Alonsok ia hasieratik parte hartu du Karrikirin. “Elkartea martxan jarri baino lehen, lantalde bat ibili zen hausnarketa egiten. Bi urtez iraun zuen. Nik ez nuen bertan parte hartu, ondoren hasi nintzen”. Gogoeta horien ondorioz sortu zen proiektuaren helburua: euskaldunen arteko hartu-emanak garatzeko guneak sortzea. “Euskararen munduan hainbat arlo daude, eta horietan guztietan taldeak eta pertsonak ari dira lanean. Baina guk hutsune bat ikusten genuen. Ez zegoen euskararen erabilera eta euskaldunen hartu-emanak lantzeko gunerik”. Horregatik, euren kabuz, baita beste elkarte batzuen laguntzarekin ere hainbat ekinbide jarri dituzte abian.

Euskaldunak harremanetan jartzeko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Karrikirin. Lan poltsa da horietako bat. “Lan bila dabilen jendea dator, alde batetik, eta lana eskaintzen duena, bestetik. Euskaldunak izan behar dute. Guk harremanetan jartzen ditugu, ezer kobratu gabe”, esan du Alonsok. Antzeko sistema du Pisukide deituriko zerbitzuak. Alokatzeko gelak dituztenak etxe bila dabiltzanekin harremanetan jartzen dituzte. “Oso ondo funtzionatzen du zerbitzu horrek. Horrela, pixkanaka-pixkanaka gero eta etxe euskaldun gehiago daude Iruñean”, dio Alonsok. Horretaz gain, informazio zerbitzua ere badute. “Euskararen inguruan eta euskal gaiei buruz baten batek zalantzarik badu, hona etor daiteke galdetzera. Adibidez, Bertsolari Txapelketa Nagusia zela eta, asko galdezka etorri ziren ea sarrerak bazeuden edo autobusak izango ziren”, azaldu du Alonsok.

Zerbitzu teknikoez gain, hainbat elkarterekin batera lan egin dute. Topaguneko kide dira, eta Mintzakide programan parte hartzen dute. Zaldiko Maldiko elkartearekin eta Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera, Karrikadantza antolatzen dute hileko hirugarren larunbatean. Horrez gain, Iruñea Kantuz ekinbidean ere parte hartzen dute. “Beti sortzen dugu gune bat euskaldunen artean ezagutzeko; hori da gure helburua”.

Ekintza horietan guztietan parte hartzeak izena eman dio Karrikiri elkarteari. Baina erreferentziazko puntu nagusia Xabierko aldapan duten denda da. Bertan dute bulegoa, baina hamahiru urte hauetan hainbatetan aldatu dute tokiz. “Hasieran, Xabier aldapan genuen lokal txiki bat, ondoko portalean. Baina txikia zen, eta 2002. urtean denda ireki genuen Donibane auzoan. Oso garrantzitsua ikusten dugu gure finantzaketa propioa izatea. Hori da dendaren zentzuetako bat”, dio Alonsok. Donibanen hiru urte eman ostean, 2008an Xabierko aldapara itzuli ziren, gaur egun duten lokalera. Baina hori ez da Karrikirikoek duten denda bakarra; “denda ibiltaria” ere badute. “Hasieratik dugu denda ibiltaria, finantzaketa propioa izateko. Sortzen Ikasbatuaz-en jaietara, Nafarroa Oinez-era, Nafarroaren Egunera eta gisa horretako jaietara joaten gara gure materiala saltzera”.

Karrikiriko dendari dagokionez, hiru ataletan banatzen dituzte euren produktuak. Alde batetik, kaleko arropa saltzen dute. “Euskal Herriko markak saltzen ditugu. Salbuespen batekin, Kataluniako La Ciutat Invisibleko produktuak ere saltzen baititugu. Horrez gain, euskararen aldeko talderen batek kamisetak edo produktuak ateratzen dituenean, horiek ere saltzen ditugu”. Beste alde batetik, aisialdia euskaraz gozatzeko produktuak saltzen dituzte, hala nola diskoak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta filmak. Beste sail bat euskal jantzi tradizionalena da. “Nik esango nuke Iruñean aitzindari izan ginela euskal jantzi tradizionalen moda salgai jartzen. Lehen, denok joaten ginen betiko arropa ilun eta tristeekin. Baina euskal jantzietan badago mundu oparo, zabal eta polit bat”.