Ingurumen heziketa “eraistea” egotzi diote gobernuari

“Ironikoa da Ingurumen Heziketaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean gobernuak NIABZ Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren fundazioa ixtea”, azaldu dute fundazioko langileek. Urtarrilaren 22an Nafarroako gobernu kontseiluak bere ardurapean dituen hamabi fundazioetatik zortzi ixtea erabaki zuen, horien artean ingurumen baliabideen fundazioa. Langileek ezuste handia jaso zuten berriarekin, eta euren lanaren balioa aldarrikatu dute. “Ingurumen heziketa ez da nahikeria, herritar guztien behar eta eskubidea da”. Horrez gain, fundazioaren itxierak egoera larrian utzi ditu bertako langileak. “Ez dute aurreztuko; lortuko duten bakarra zerbitzu publiko bat eraistea da”, azaldu dute langileek.

Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren fundazioa 2003an sortu zuen gobernuak, Nafarroako Ingurumen Heziketarako Estrategiaren barruan dauden 150 taldek eskatuta. Fundazioaren helburua ingurumen heziketa zabaltzea da. Azken urtean, 30.000 talde eta pertsonekin lan egin dute. Fundazioaren ardatzak dira, besteak beste, eraginkortasun energetikoa, mugikortasun iraunkorra, klima aldaketa, kontsumo arduratsua, uraren kudeaketa, hondakinen birziklapena eta enpresen gizarte erantzukizuna.

Gobernuaren arabera, Landa Eremuko Garapenaren, Ingurumenaren eta Tokiko Administrazioaren Departamentuak hartuko du orain fundazioaren lana. Ingurumen baliabideen zentroko langileek uste dute hori ezinezkoa dela. Gainera, gobernuaren eta herritarren artean egiten duten bitartekari lanaren garrantzia nabarmendu dute. “Sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza ahalbidetu dugu. Fundazioa iraunkortasunaren topagunea bilakatzea lortu dugu”.

Gobernuak itxitako zortzi fundazioekin dirua aurreztu nahi du. Baina fundazioko langileek diote eurek zentroaren aurrekontuaren %50 autofinantzaketaren bidez lortzen dutela. “Gobernuarengandik jasotzen ditugun ehun euro bakoitzeko, guk 90 lortu ditugu Europako funtsetatik”, azaldu dute langileek. Euren ustez, gobernua ingurumen politikak desegiten ari da. “Nafarroako Gobernuak Ingurumen eta Ur Zuzendaritzan murrizketa gogorrak egin, beste enpresa publiko batzuetako talde teknikoak desegin, eta ingurumen lehentasunak ahaztu ditu”, azaldu dute langileek.

Horregatik, gizartearen laguntza eskatu dute. Ez soilik Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren fundazioa mantentzeko, baizik eta “gaur egungo erronkak eta baliabideak kontuan izanda, beharrezkoa den ingurumen politika berreskuratzeko eta bultzatzeko”.