“Ikusle faltagatik” itxi dute Iruñeko Saide Olite zinema aretoa, 52 urteren ondoren

“Oliteko aretoa errentagarria ez delako itxi dugu”, azaldu du Alberto Zozaia Saide zinema aretoetako kudeatzaileak. Otsailaren 12an egin zuten azken saioa Iruñeko Olite kaleko lokalean. Hirian dagoen zaharrena da. Zozaiak argitu du “ikusle faltagatik” itxi dutela eta ez dakiela aretoko langileekin zer egingo duten. “Langileen inguruan ez dut ezer esango, oraindik ez baitugu erabakirik hartu”, esan du. Saidek areto bakarra du orain Iruñean, Carlos III.akoa. Zozaiak esan du areto hori “oraingoz” ez dagoela ixteko arriskuan. Azken berrogei urteetan, hamahiru zinema areto itxi dituzte Iruñean.

Saide enpresa 1940ko hamarkadan sortu zuten. Hasierako urteetan, Iruñeko hainbat auzotan ireki zituzten aretoak. Lehen areto horien ostean, Saidek bigarren zabalgunean jarri zuen arreta, 1960ko hamarkadan pizten ari baitzen ingurua. Olite kaleko lokala erosi, eta Nafarroako zinema areto handiena egin zuten, 936 eserleku eta 12,5 metroko pantailarekin. 1961eko abenduaren 21ean inauguratu zuten.

Milaka film eskaini dituzte bertan. Data gogoangarrietako bat 1977ko abenduaren 17a da. Egun horretan, Star wars (Izarretako gerra) estreinatu zuten. Gerora etorri ziren, besteak beste, Superman, Alien eta Apocalypse Now.

Garaiak aldatuz joan ziren, eta Olite aretoa egokituz joan zen. Nafarroako lehen areto anitzeko zinema izan zen, 1980. urtean. Hala ere, 1990eko hamarkadan aretoaren gainbehera heldu zen. Alde batetik, Saide enpresak beste areto batzuk ireki zituen, eta banatzaileek estreinaldiak egiteko beste lokalak hobetsi zituzten. Beste alde batetik, aldirietan areto berriak eraiki ziren. Egoera iraultzeko xedez, hainbat zinema ziklo antolatu zituzten, baina ez zuten nahi besteko arrakasta izan, eta BEZaren igoera izan da azken kolpea.