Gobernu krisiaren aztarnak

Hilabete frenetikoak izan dira politika orokorrean, UPNren gobernua kili-kolo jartzeraino: Yolanda Barcinaren taldeak jarraituko du, ordea, itxura guztien arabera —hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko epea hortxe da: martxoaren 31—. Aztarna sakona utzi dute, bai, Kontuz elkarteak salatutako CAN auziko ustelkeria kasuak eta Ogasuneko kontseilari eta presidenteorde Lourdes Goikoetxearen ustezko delituen zapriztinak. Baina arazoek izan al dute eraginik goi politikaz gaindi? Krisia iritsi al da herrietako udaletara ere? Zenbait udalerriren egoera aztertu nahi izan du Nafarroako Hitza-k. Horretarako, hiru herri aukeratu ditu, bertako egoera politikoa eta herri bakoitzaren pisu politikoa kontuan hartuta: Tuterako, Iruñeko eta Tafallako udalak.

Iruñea

Nafarroako Gobernuaren isla

Ezegonkorra da Iruñeko Udalaren kudeaketa, eta “asko” antzeman dira gobernuaren gorabeherak. NaBaiko zinegotzi Aitor Lakastak azaldu du: “Instituzio ezberdinak dira, baina eragina nabarmena da”. Hiriburuan, UPNk 11 zinegotzi dauzka, NaBaik bost, PSNk hiru, beste hiru Bilduk, bi PPk, beste bi Aralarrek eta bat Ezkerrak. Gehiengoa dute erregionalistek, baina ez osoa; beraz, beste taldeen babesa behar dute maiz.

Lakastak egoeraren irakurketa orokorra egin du. Dioenez, PSN ahulduta dago udaleko taldean ere. Eta UPNk aukera baliatzen du. “UPNk orain aurkeztu ditu osoko bilkuran bizikidetzarako kaltegarriak diren hainbat mozio”. Desegonkortasuna baliatzea egozten dio Lakastak. Baina PSNren jarrera ere ez du hobeki ikusten. “PSN Iruñeko Udalean UPNren oposizioa izaten saiatzen da. Dena den, ezin dugu ahantzi PSNri esker dela Maia alkate”. Hala, kritiko egiten du solas. Udalean gauzak aldatu behar direla iruditzen zaio, baita gobernuan ere, “alternatibek” indarrak batu behar dituztela, baina zehaztapen batekin: “PSN jada desaktibatuta dago alternatiba bezala”.

Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginorentzat ere gobernuaren egoerak udalekoa mugatu du. Nolanahi ere, baikor ikusten du oposizioko taldeen jarduna: “Orain, sinergia handiagoa dago oposizioko taldeen artean, UPNren eta PPren artean baino”. UPNk eserleku asko dauzka, baina bidelagun gutxi. Hasieran, errazagoa izan zuen: “PSNk txeke zuria eman zion”. Orain, baina, “bakartuago” dago. Hala ere, oposizioa batuta dagoen arren, egiturazko aldaketa beharrezkotzat jo du: “Hauteskundeak behar dira”. Iruñeko UPNk eta PSNk zer pentsatzen duten jakiteko modurik, berriz, ez da izan: mututasunarekin erantzun diete Hitza-k egindako deiei.

Tutera

PSNko eta UPNko kritikoak

Tuteran eman dute beren iritzia UPNko eta PSNko ordezkariek: “Ez da batere nabaritu krisia, ez UPNren jarreretan, ezta PSNren jardunean ere”. Zorrotz mintzatu da PSNko kide eta Tuterako zinegotzi Manuel Campillo. Egoera orokorraren azterketa saihestuz, herriaz baino ez du hitz egin.

Egun, UPNk agintzen du Tuteran: 21 eserlekutatik zortzi betetzen dituzte haren zinegotziek; bost PSNkoek; beste lau Ezkerrakoek; eta geratzen diren laurak PPkoek. Agintea, beraz, erregionalisten esku dago, baina gehiengo osoaren faltan, PPren babesarekin egiten du aurrera. Campillok oposizioan ikusten du bere alderdia, orain artean bezalaxe.

PSNko kidearen ustearekin bat egiten du Ezkerrako zinegotzi Milagros Rubiok; “normal” dago herriko politika. Aldaketarik gabe, alegia. Rubiok argi dauka zergatik ez diren gauzak aldatu: “PSN oposizioaren parte da udalbatzan, beraz, ez lehen, ez orain, ez doa UPNren eskutik”. PSNren zenbait iritzirekin bat egiten ez badu ere, oro har oraindik ere egoera aldatzeko gaitasuna badagoela pentsatzen du. Hori dela eta, “batzeko” deia egin dio ezkerrari. “Guztien artean eraiki behar dira zubiak, PSN edo Bildu baztertu gabe”.

Luis Casado UPNko kidea da herriko alkatea. Rubiori iruditzen zaio Casadok ez duela “bide orria” aldatu. Aitzitik, bada desadostasunik udalean, baina ez alderdien artean, alderdi barruan baizik. UPNko “sektore kritikoko” kide da Casado, Rubioren irudiko. “Ez da Barcinaren aldekoa”. Horregatik, herrian, egunerokotasuna nahastu ez bada ere, hautsak harrotuta daudela antzematen da erregionalisten artean. Eta PSNn. Tuterako PSNko kideak ere zuzendaritza orokorrarekiko “kritikoak” direla dio Rubiok.

UPNko zinegotzi Joaquim Torrentsek aitortu du “garai zailak” pasatzen ari dela alderdia, baina ez du barne tentsioen inguruan hitz egin nahi izan. Esan du Tuterako Udalean ez dela nabaritu gobernuaren afera: “Herri txiki batean eragina ez da hainbestekoa”.

Tafalla

Herri baten normaltasuna

“Ez da ezer nabaritu; denak jarraitzen du berdin-berdin”, taldeen arteko harremanak ere bai. Argi esan du Bilduko zinegotzi Pedro Peraltak. “Lehengo lepotik burua”. Tafallan, UPNk dauka gehiengoa: hamazazpi ordezkarietatik zazpi dauzka —Hitza-k ez du lortu haiekin hitz egiterik—. Bildu da bigarren indarra, seirekin; PSNk hiru dauzka —Amanda Acedo haien idazkari nagusiak argi eta garbi hitz egin zion BERRIAri elkarrizketa batean PSNren jarduna errotik eta behetik konpondu behar zela esanez—; eta Iniciativa por Tafallak, bat. Peraltak argitu du “orain arte bezala” ari direla lanean alderdiak.

Dioenez, PSNko korronte “kritikoenaren parte” dira Tafallako zinegotziak, eta, beraz, errazagoa da haiekin batera lan egitea. Bestalde, aurretik ere nahiko adostasun izan dute taldeek elkarrekin. Horren adierazgarri da, adibidez, UPNren aurrekontuek Bilduren abstentzioari esker aurrera egin izana. Zeresana eman zuen gaiak hedabideetan; izan ere, erregionalisten eta abertzaleen arteko hartu-emanaren ondorio izan zen. Haatik, justu kontrako irakurketa egiten dute herriko alderdiek; euren aburuz, “normaltasunaren” adibide da.