“UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du”

Gora Iruñea plataformak salatu du Iruñeko herri mugimenduak gero eta arazo gehiago dituela ekintzak antolatzeko. Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik udalari 26.000 euroren baino gehiagoren tasak ordaindu zizkioten. Hori guztia salatzeko eta herri kultura aldarrikatzeko, Kultura Eztanda ekinbidea antolatu dute bihar goizerako. Han, hainbat kultura taldek musikaz eta dantzaz beteko dituzte Alde Zaharreko lau plaza. Rakel Arjol Gora Iruñeko kidea da (Iruñea, 1989), eta, dioenez, Kultura Eztanda Iruñeko herri kulturaren erakusleihoa izango da.

Zer da Kultura Eztanda?

Kultura Eztanda Gora Iruñea plataformak sortu duen aldarrikapen kulturala da, Iruñeko herri kultura aldarrikatzeko eta iruindarrek ikusteko zer-nolako indarra duen hemengo herri kulturak. Bihar, 12:00etan, Sarasatetik abiatuko dira lau kalejira. Horietako bakoitza plaza batera joango da: San Frantziskora, Udaletxekora, Gaztelukora eta Navarreriara. Leku horietako bakoitzean, ordu betez, ekitaldi kulturalak izango dira, eta, 14:00etan, Sarasatera itzuliko gara denok, han manifestua irakurtzeko.

Zergatik sortu duzue aldarrikapen hori?

Iaz, Gora Iruñeak Aurten bai kanpaina egin zuen. Horren helburua sanferminetako jaigunea lortzea zen. Aurten, hasiak gara jaigunea antolatzen. Baina berebiziko garrantzia eman nahi genion Iruñeko kulturari. Horregatik idatziko dugu Iruñea biziz manifestua, eta bihar aldarrikapen eguna izango dugu.

Zein arazo dituzue kultura eragileek?

Kultura eragileek udalarekin dituzten hitzarmenak gero eta murritzagoak dira. Adibidez, dantza taldeek urtero hainbat emanaldi egiten dituzte udalarekin batera. Baina udalak gero eta emanaldi gutxiago antolatzen ditu, eta emanaldi horiengatik jasotzen den diru kopurua gero eta urriagoa da.

Horrez gain, edozertarako eskatzen dituen baldintzak gero eta gogorragoak dira. Auzoetako jai batzordeek jaiak antolatzeko izugarrizko tasak ordaindu behar izaten dituzte, isunak ere bai, eta, gainera, beti izaten dituzte hamaika traba.

Beraz, zer eskatzen diozue udalari?

Iruñea biziz manifestua idatzi dugu, eta hor hiru aldarrikapen egiten ditugu. Hasteko, udalari eskatzen diogu kultura taldeekin emanaldi gehiago antolatzeko eta emanaldi horiengatik ematen dituen diru laguntzak handitzeko. Horrekin batera, udalari kultura plan eraginkorra egiteko eskatzen diogu. Bukatzeko, herri mugimenduei jartzen dizkien trabak bertan behera uztea nahi dugu.

Zer gertatu da udalaren kultura planarekin?

UPNk agindu zuen kultura plana egingo zuela. Dirutza inbertitu zuten horretan, baina, azkenean, ez dute planik egin. UPNk jakingo du zer egin duen, baina 700.000 euro gastatu dituzte existitzen ez den kultura plan bat egiteko.

Zein traba ditu herri mugimenduak?

Adibidez, baimenak eskatzeko orduan, oso baldintza gogorrak jartzen dituzte. Horrez gain, baimena eskatu ostean, ez dute erantzuten eguna heldu baino bi egun lehenago. Tarte horrekin, ezinezkoa da plana aldatzea. Berandu erantzuten dute, eta hor konpon egiten denarekin. Hori bai, gero isunak jartzen dituzte. Jai batzorde gehienek isunentzako atala dute euren aurrekontuetan. Hainbatetan, gainera, isunek ez dute batere zentzurik.

Zergatik du politika hori Iruñeko Udalak?

UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du. Nik uste dut UPNk beldur diola herritarren hitzari eta parte hartzeari. UPNk bere jai eredua baino ez du nahi, oso itxia eta baztertzailea.

Zein da UPNren jai eredua?

Urtero ikusten duguna. Adibide garbia Nafarroako Foruen plaza da. Udalak enpresa bati ematen dio plaza, eta eskuak garbitzen ditu. Lehenago, Runako parkean ere enpresak sartzen ziren. Hori egiten dute; sanferminak pribatizatzen dituzte, eta enpresei guneak ematen dizkiete, eurek kudeatzeko. Udalarentzat, dena da negozioa; beldur dira negoziorik gabe gelditzeko Gora Iruñea bezalako plataforma batek indarra hartuz gero.

Baina udalarekin harremana duzue, ezta?

Bai, badugu. Askotan biltzen gara haiekin, hala nola sanferminak antolatzeko. Iaz, hainbat alditan bildu ginen. Aurten, Gora Iruñea oso gogor ari da eraso sexisten aurkako planarekin, eta horretarako ari gara udalarekin hitz egiten. Gero, haren esku dago gurekin batera lan egin ala ez. Ikusi beharko dugu nola aurre egiten dien sanferminetan gertatzen diren erasoei.

Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik ezarri dizkizueten tasak salatu zenituzten. Zer gertatu da?

Lehen, jaietarako gune bat hartuz gero, metro koadro bakoitzeko diru kopuru jakin bat ordaindu behar zen. Barra jarriz gero, barraren neurriak hartzen zituzten, eta barrako metro koadroak askoz ere garestiagoak ziren. Hori auzoko jai guztietan egin dute. Guk, erreferentzia hori izanda, kalkulatu genuen jaiguneagatik 8.000 euroren tasak kobratuko zizkigutela. Baina, horren ordez, 26.500 euroren tasak ordaindu ditugu. Orain jakin dugu 2013ko urtarrilean UPNk tasen legea aldatu zuela, eta gune osoan barra egongo balitz bezala kobratzen dute. UPNk lege hori ez du aplikatu auzoko jaietan, baina idatzia dago. Guk uste dugu lege hori Gora Iruñea ekonomikoki itotzeko egin dutela.