Belateko tunelak bikoizteko ideia lehiaketa bat abiatu du gobernuak

Sarritan izaten dira N-121-A errepideko Belateko tunelak hizpide, istripu zein luiziak tarteko. Ireki zirenetik, eztabaida eta polemika izan dira nagusi. Bi tunelek noranzko bakoitzerako errail bakarra dute. Ondorioz, tuneletako batean istripu edo arazoren bat denean, Belateko portutik joan behar izaten dute ibilgailuek. Arazoari irtenbide bat topatu nahian, Nafarroako Gobernuak lehiaketa bat jarri du martxan, Belateko tunelak bikoizteko ideiarik "onena" aurkitzeko asmoz.

Heldu den maiatzaren 16ra bitarte aurkeztu ahal izango dituzte lehiakideek proiektuak. Behin ideia "onena" zein den erabakita, Sustapen Departamentuak bost hilabete inguru hartuko ditu hori "sakonki" aztertzeko. Duela aste gutxi, Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak onartu zuenez, "epe motzean, ertainean eta luzean Sustapen Departamentukoak lanean ari gara Belateko tunelak bikoizteko proiektuan". Oraindik ezer erabaki ez duten arren, Zarralukik aurreratu du noranzko bakoitzerako tunel bat izateko 200 milioi euroko inbertsioa egin behar dela gutxi gorabehera.

1997ko azaroan inauguratu zituzten Belateko tunelak, lanak hasi eta lau urtera. Orotara, 11.000 milioi pezeta eman zituen administrazioak Belateko tunelak eraikitzeko; hasieran aurreikusitakoa baino dezente gehiago. Ordutik, dozenaka konponketa egin behar izan ditu Sustapen Departamentuak, itogin, luizi eta istripuen eraginez. Iruñeruntz edo Behobiaruntz doazen ibilgailuak tunel beretik igarotzen direnez, arazoren bat denean ez da alternatibarik. Ondorioz, Belateko portutik igaro behar izaten dute.

Egoera hori ikusirik, etorkizunari begirako asmoa da noranzko bakoitzarentzat tunel bat eraikitzea. Egunean 10.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen dituzte tunelak, eta horietatik %30 kamioiak dira. Hainbat eragilek azken horien zirkulazioa erregulatzeko eskatu dute.

Izan ere, N-121-A errepidea baliatzen dute kamioi gidari gehienek Europako herrialdeetara joateko. Iruñea Andoainekin lotzen duen A-15 errepidea, berez, ibilgailu kopuru handiagoa hartzeko diseinatua dago, noranzko bakoitzean bi errail dituelako. Hala ere, autobide maldatsua denez, kamioi gidariek nahiago izaten dute N-121-A errepidetik joan. Sarritan, A-15ean, kamioiak balaztarik gabe gelditzen dira, eta istripua izateko arriskua handia da.

Baina, N-121-A errepidea kamioi gidariek nahiago duten arren, urtean dozenaka istripu izaten dira. Iragan astean, esaterako, Urdiaingo neska gazte bat larri zauritu zen oraindik zehaztu gabe dauden arrazoiengatik, kamioi batekin talka egin ostean. Beste behin, agerian gelditu da N-121-A errepidearen arriskua.

Hain justu, errepidearen arriskuez mintzatzeko bilera bat egin zuen Zarralukik, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako alkateekin. Zarralukiren arabera, arazoari "irtenbide integrala" eman behar zaio. Hala, datozen asteetan, errepideko 66. eta 64. kilometroetan aldaketak egingo dituzte. Iragarri duenez, errepideko zorua berrituko dute datozen asteetan.

Bestalde, apirilaren 10ean Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran, N-121-A errepidea eta Belateko tunelak izan zituzten eztabaidagai. Bilkura horretan, Nafarroako Gobernuari N-121-A errepidean hartu beharreko neurriak zehazteko eskatzeko mozioa onartu zuten. Dena den, hainbat alderdik neurri zehatzagoak ere eskatu zituzten, PPNk kasurako.

Izan ere, Eloy Villanueva PPNko parlamentariak ohartarazi zuen N-121-A errepidea abiadura handiko errepideen artean bikoiztu gabe dagoen bakarra dela. Pirinioetako edota Bideko autobideek baino zirkulazio handiagoa duela gogorarazi zuen. Aralarrek, bestalde, Iruñea eta Behobia lotzen dituen errepidearen leku arriskutsuen inguruko azterketa "zehatza" egiteko eskatu dio gobernuari.