Iruñeko 150 haurrek eskolan gosaltzen dute peñei esker

“Uste dugu, elikagai gabe dauden umeak leku urrunetan daudela. Baina ez, hori hemen gertatzen ari da, gure Suitza txikian”, esan du Haritz Pascualek, Gosariak ekinbideko sustatzaile eta Irrintzi peñako kideak. Egun, bi ikastetxetako 150 umeentzako gosariak prestatzen dituzte egunero Iruñeko peñek. Baina beste bost ikastetxe atzetik dituztela adierazi du Pascualek. “Hau ez da karitatea, Nafarroako Gobernuari kargu hartzen diogu. Arazo bat dago, lehen batean guk erantzun dugu, baina hori administrazioaren lana da”.

Aurreko udan, lagun arteko elkarrizketa batean hasi zen Gosariak egitasmoa. “Irakaslea den lagun batek esan zigun bere gelako hainbat ume gosaldu gabe joaten zirela eskolara”, dio Pascualek. Une horretan Iruñeko hainbat peñetako kide elkarrekin zeuden, eta zerbait egitea pentsatu zuten. “Egoera horri erantzun bat eman behar genion, eta pixkanaka elkartu eta zer egin genezakeen pentsatu genuen”. Dirurik gabe lan egiten dute. Elikagaien Bankuarekin harremanetan daude. Kontu bat ireki dute bankuan, bertatik hartzen dituzte beharrezkoak diren elikagaiak. Gero, peñetako kideen ekarpenekin bildutakoa itzultzen diote Elikagaien Bankuari.

Pascualen lagunak lan egiten duen eskolan hasi ziren gosariak banatzen. “Eskolan bertan diagnostikoa egin zuten, beharra duten familiak zeintzuk diren jakiteko”. Behin azterketa eginda, gosariak banatzen hasi ziren. Peñetako kideek gosariko elikagaiak eskolako atera eramaten dituzte, eta irakasleek banatzen dituzte.

Urtarrilean hasi ziren lanean. Martxa onean hasi zirenez, irakasleei esan zieten ahoz aho zabaltzeko egitasmoa. “Irakasleek euren arteko sarea dute, eta gauza horietaz hitz egiten dute”. Handik gutxira eskari gehiago izan zituzten. Egun, bi ikastetxetako 150 umeentzako gosariak banatzen dituzte. Pascualek ohartarazi du gosariak jasotzen dituztenen artean ez dagoela profil jakinik. “Iruñea osoko umeek behar dituzte gosariak, modelo guztietakoek, bertakoek eta kanpokoek, ikastetxe publiko zein pribatukoek. Oso egoera dramatikoa da”.