“Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat”

Umeen eta gurasoen arteko komunikazioa erraztea. Hori da Mentxu Isturizen helburua (Iruñea, 1980). “Momentu batetik aurrera umeak badaki zer nahi duen; hark aukeratu nahi du, eta ez dauka modurik zer nahi duen azaltzeko”. Irratiaren bidez, Isturizek haurren keinu hizkuntzaren berri izan zuen, eta ikastea erabaki zuen. Ikasi, eta semearekin praktikatzen hasi zen. “Ikusi nuenean Oierrek keinuak egiten zituela, neure buruari esan nion: ‘Hau mundu guztiarekin partekatu behar dut'”. Beraz, haurren keinu hizkuntzan prestakuntza jaso, eta ikastaroak ematen hasi zen. “Blog bat ireki nuen Interneten, eta kalean kartelak jarri nituen. Poliki-poliki hasi naiz, eta, bi urteren ostean, nabaritu dut ahoz ahokoaren bidez asko zabaltzen ari dela”. Hala ere, keinu hizkuntza irakatsiz bakarrik ez du bizimodua aurrera ateratzen. Horregatik sortu du Xamurki. Han, keinu hizkuntzaz gain, umeei masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du.

“Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat”. Isturizek uste du horrek frustrazio eta momentu txar ugari ekidin ditzakeela. “Haur batek, zer nahi duen azaltzeko gai ez denean, bere baliabideak erabiltzen ditu. Hau da, soinuak egiten hasten da, gero oihuka, eta, azkenean, kasketa galanta sor daiteke”. Haurren keinu hizkuntza gorren keinu hizkuntzan oinarritua dago, baina ez da gauza bera. “120 keinu irakasten ditut, eta oso errazak dira ikasteko. Keinuak ikonikoak dira, eta batzuk betidanik egin ditugu etxean. Jateko, eskuak ahora eramaten dituzte, eta, lo egiteko, eskuak aurpegiaren alde batean jartzen dituzte”.

Haurrak jaiotzen direnetik keinuekin komunikatzen hastea gomendatzen du Isturizek. “Hasieratik hitz egiten diegu, eta ez gaituzte ulertzen. Keinu hizkuntza errazagoa da, hitzak abstraktuak direlako eta keinuak ikonikoak; hau da, ekintzen antzekoak dira”. Haurrak erraz jabetzen dira keinuez, eta sei eta zortzi hilabete bitartean dituztenean, eskuak garatu dituztenean, keinuak errepikatzen hasten dira. Era berean, keinuak hitzekin laguntzeko gomendioa egiten du Isturizek, komunikazioa garatzeko. Haurrek, hitz egiteko gaitasuna garatzen duten heinean, keinuak galduko dituzte. Isturizek dio bi gauza baino ez direla behar haurrei keinu hizkuntza irakasteko: “pazientzia eta pertseberantzia”.

Zabaltzen ari den ezagutza

Haurren keinu hizkuntza AEBetan hasi zen, 1960ko hamarkadan. Urte batzuk geroago, 1980ko hamarkadan, Joseph Garciak egin zituen lehen ikerketak. Unibertsitateko ikaslea zen, eta gorren keinu hizkuntza ikasi zuen. Orduan, lagun gorrak ikusten zituen seme-alabekin komunikatzen, haurrek bederatzi hilabete baino ez zituztela. Garciak, ordea, arazo handiak zituen hainbatetan bere seme-alabekin komunikatzeko. Horregatik erabaki zuen keinu hizkuntza ikertzea. Garai berean, Linda Acredolok eta Susan Gotwinek ikerketa sakonak egin zituzten gai horren inguruan. Haurren keinu hizkuntza oso zabaldua dago, besteak beste, AEBetan, Ingalaterran eta Alemanian. Baina Euskal Herrian ez da oso ezaguna. Gipuzkoan ikasi zuen Isturizek, han irakasten zuen pertsona bat zegoelako.

Isturiz da Nafarroan haurren keinu hizkuntzako irakasle bakarra. Horretarako, Cincodeditos elkartearen ikastaroa egin zuen. Claudia Carterrek sortu zuen elkartea; Ingalaterrakoa da Carter, eta Madrilera joan zen bizitzera. Konturatu zen Espainian ez zutela ezagutzen haurren keinu hizkuntza. Hori dela-eta sortu zuen elkartea. Geroztik, gurasoei keinu hizkuntza irakatsi die, eta irakasleak trebatu ditu.

Bi urte daramatza Isturizek haurren keinu hizkuntzako ikastaroak ematen. Ehun familia ingururekin lan egin du, eta pixkanaka-pixkanaka ezagun egiten ari dela uste du. Ikastaroak ematen ditu deitzen dioten tokian, normalean larunbat goizean. Bi ordu eta erdiko ikastaroak ematen ditu, eta saioan ikasitakoaz gain laguntzeko hainbat material ematen ditu.

Baina, keinu hizkuntza ikastaroez gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu. Horretarako sortu du Xamurki. Han, haurtxoentzako masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du. Bi gauza horiek berebiziko garrantzia dute gurasoen eta haurren arteko erlazioan. “Haurtxoak oso sentiberak dira lehen sei hilabeteetan, eta azalaren bitartez hamaika sentipen transmiti daitezke; lotura ixten da”. Isturizek dio haur-eramaileek ere haurren eta gurasoen arteko harremanean laguntzen dutela. “Umeak gurasoen kontaktua sentitu behar du, seguru dagoela jakiteko”.

Amatasunak bizimodua aldatu zion Isturizi. Seme-alabekin komunikatzeko beharrak beste mundu bat ireki zion. Geroztik, haurtxoekin erlazionatzeko beste bide batzuk bilatu ditu, komunikazioa hitzak baino askoz gehiago dela frogatzeko.