Iruñean artatu dituzten etxegabeen %83k buruko gaitzen bat dute

“Soilik alda daiteke ezagutzen dena”. Hitz horiekin azaldu du Idoia Urzainki Xilema fundazioko kideak etxegabeei buruz ikerketa egiteko arrazoia. Bajo un cielo abierto (Zeru zabalaren azpian) txostena egin du Xilema fundazioak, Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Bertan, 2012an etxerik gabekoen arretarako udal zerbitzuak artatutako pertsonen ikerketa egin dute. Iruñeko datuak nazioarteko beste errealitate batzuekin alderatu dituzte, besteak beste, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Espainia, Portugal, Italia, Suedia eta Polonia. Ana Lezkano Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu du Iruñean artatutako etxegabeen %83k buruko gaitzen bat dutela.

“Etxegabearen arazoa ez da bakarrik etxerik gabe geratzea”, adierazi du Javier Gil Xilema fundazioko kideak. Ikerketan gizarte bazterketa bortitza pairatzen duten pertsonen egoera aztertu dute. Hiru arlo jo dituzte oinarrizkotzat pertsona baten gizarteratzean: pertsonala, komunitatearena eta ekonomikoa. “Gizarte bazterketa ez da egun batetik bestera gertatzen, hiru urte baino gehiagoko prozesu konplexua da”, esan du Gilek. Era berean, fundazioko kideek aitortu dute zaila dela etxegabeak sailkatzea, oso profil hetereogeneoak baitituzte.

Hala ere, badaude ezaugarri orokor batzuk. Xilema elkartearen arabera, Iruñeko etxegabearen profila hau da: “42 urteko gizona, muturreko alkohol kontsumitzailea eta buruko gaitzen bat du diagnostikatua”. Iruñeko Etxegabeen zerbitzuetan artatu dituztenen %89 gizonak dira, baina 2011ko datuekin alderatuta emakume kopurua %3 hazi da. Era berean, gora egin du etxerik gabe dauden gazte eta familien kopuruak.

Profil orokorrarekin jarraituz, artatutako pertsonen %48k muturreko alkohol kontsumoa dute, hau da, eguneroko intoxikazio etilikoak eta diagnostikatutako alkoholismo arazoak dituzte. Beste drogen kontsumoa alkoholarena baino askoz apalagoa da: ikertutakoen artean %47k ez dute alkohola ez den beste drogarik hartzen. Adinari dagokionez, etxegabe gehienek 30 eta 65 urte artean dituzte, eta batez beste emakumeak gizonak baino gazteagoak dira.

Ikerketa borobiltzeko, beste herrialde batzuetako egoera aztertu dute. Lau taldetan banatu dituzte herrialdeok: potentzia ekonomikoak, Europa iparraldeko herrialdeak, Europa hegoaldekoak eta Europa ekialdekoak. Iruñeko egoera Europa hegoaldeko herriek dutenarekin aldera daiteke.

“Lan honekin lehen urratsa egin nahi dugu”, dio Lezkanok. Ikerketak agerian utzi duen beste datuetako bat da etxegabe gehienak ibiltariak direla, hau da, Iruñean egun batzuk baino ez dituztela ematen. “Eurekin lan sakona egitea galarazten digu horrek; egun batzuetan elikatzeko eta garbitzeko aukera baino ezin diegu eskaini”, azaldu du Gilek. Horregatik erabaki dute arreta gehiago jartzea Iruñean erroldatutakoekin. “Errealitate konplexu horri aurre egiteko, udalak pertsona horiek laguntzeko prozesu oso bat abiatu nahi du”, adierazi du Lezkanok. Kontuan izan behar da Iruñean dauden etxegabeen artean %2,8 daudela erroldatuak.