“Uste dut Bertso Egunean jende gutxi gelditu zela hotzepel”

Bertsotan gizon zein emakumeen arteko parekidetasuna erdiesteko asko falta dela uste du Nerea Elustondo bertsolariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1981). Hala ere, ohartarazi du azken urteetan aurrerapausoak eman direla. Bertsotan ere egungo gizartean dagoen egoera islatzen dela irizten dio.

Bertsolaritza eta parekidetasunaz mintzatu zinen atzo Barañainen. Nolakoa da egungo egoera?

Bertsolaritza azkenean jendarte honetako zati da. Beraz, horren araberakoa da bertsolaritza ere. Hala ere, ikusten dugu gero eta jende gehiago kezkatuta dagoela gai honekin. Jakin badakigu lan asko dagoela oraindik egiteko, baina itxaropentsu gaude.

Duela zenbait hilabete egin zen Donostiako Bertso Egunean, generoa izan zen gai nagusia.

Hala da. Iaz, hamar urte eta gero, emakume bertsolarien topaketa bat egin genuen, eta haren harira egin zen Bertso Eguneko saioa. Bertsozale Elkarteak berak proposatu zigun generoa izatea saioaren funtsa. Badago kezka orokortu bat; ziurrenik batzuk kezkatuago daude beste batzuk baino. Baina duela urte batzuk baino kontzientzia handiagoa dago egun. Bertso Egunak lagundu zuen barruan gauza batzuk mugitzen; hotzepel jende gutxi gelditu zela uste dut.

Bertsolaritzan, berdintasunari dagokionez, non antzematen dituzu hutsunerik nabarmenenak?

Kopuruetan, esaterako, parekidetasuna oraindik urrun dago, bai bertsolarien artean, bai gai-jartzaile eta epaileen artean ere. Hutsuneak denean daudela esan daiteke. Hala ere, sentsibilitatea lehen baino handiagoa da. Guk sinetsi nahi dugu hemendik urte gutxira hutsune horiek txikiagoak izango direla. Berdintasuna baino gehiago, parekidetasuna lortu nahi dugu. Erakutsi nahi dugu garatu dugun bertsolaritza eredua ez dela neutroa. Guk jaso dugun bertsolaritza eredua gizonek garatutakoa da, eta hor sartu gara gu. Gure bidearen bila gabiltza, gizonekin batera oholtza gainean, bertsotan egin nahi dugun bidearen bila.

Bertso eskoletan dauden ikasle asko neskak dira, baina, adin batetik aurrera, utzi egiten diote bertsotan egiteari. Zergatik?

Heziketatik hasita, ezberdin hezten gara, baita jendaurrerako ere. Bertsolaritza, azken finean, plazaratzea da, jende aurrean hitza hartzea, alegia. Horrek norberak konfiantza handia izatea eskatzen du. Beharbada, duela ez hainbeste arte, nesken konfiantza hori ez da askorik landu. Mutilek askatasun handiagoa sentitu izan dute, bai plazara ateratzeko, bai bertso eskolan bertan kantatzeko ere. Jolastokiko sindromearekin gertatzen dena pasatzen da bertsotan ere: mutilek dena okupatzen dute, eta neskak ertz batean egoten gara.

Bertso Egunean, emakumeen sexuaz egin zenuten bertsotan. Nola sentitu zinen?

Askoz ohikoagoa da gizonek sexuaz hitz egitea emakumeek hitz egitea baino, nahiz eta salbuespenak beti dauden. Gizonen masturbazioa beti onartzen da, baina ematen du emakumerik ez dela masturbatzen. Orduan, horrek bertsotan ere badu isla. Ohituago gaude zakilari buruzko txisteak entzuten. Aluarenak entzuten ez gaudenez horren ohituta, beharbada oharkabean harrapatzen gaitu.

Hala ere, aurrerapausoak izan direla diozu.

Egun batetik bestera ez da dena aldatuko, baina pausoak eman behar dira. Emakume bat oholtza gainean bertsotan ikustean, askok pentsatzen dute ez dagoela hor generoen arteko inolako ezberdintasunik, eszena neutro baten modura ikusten delako. Baina ezinbestekoa da ohartzea hor badaudela ezberdintasun batzuk. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Ohartu behar dugu normaltzat jotzen den hori ez dela horren neutroa.

Zenbait eremutan, parekidetasunaren izenean kuotak ezarri dira. Zein da zure iritzia horren inguruan?

Ez dakit kuotak ezartzea ote den bidea, baina garrantzitsua iruditzen zait emakumeak ikusaraztea. Bertso Egunean bertan, jende asko harritu zen, egun osoan parte hartu zuen emakume kopurua ikusita. Publiko zabalak uste du garenak baino askoz gutxiago garela. Plazetan gabiltzan emakumeok %20 gara, baina azken Txapelketa Nagusian, eta hor txartela irabazi egin behar da, %30 ginen. Beraz, maila ere ez da aitzakia. Sustatu beharrekoa iruditzen zait emakume bertsolarien presentzia areagotzea.