Erabakitzeko eskubidea lortzeko mugimendua zabaldu nahi dute

Euskal Herrian 150.000 pertsona baino gehiago batu ziren igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean. Nafarroan 46 kilometro bete zituen kateak, eta nafarrek horietako hamasei betetzeko helburua zuten. Datu zehatzak argitaratuko ez badituzte ere, antolakuntzak oso balorazio ona egin du, nahiz eta hasieran zailtasunak izan egitasmoa martxan jartzeko. Giza katea eginda, aurrera begiratzeko garaia da. “Gure Esku Dago sortu zenean, iraungitze datarekin sortu zen. Egun hori giza katearen eguna zen, ekainaren 8a. Hemendik aurrera zer egin, katean parte hartu genuenen artean erabaki beharko dugu. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu oraindik zabalagoa sortzeko”, azaldu du Txetxu Ezkurrak, Gure Esku Dago Nafarroako koordinazioko kideak.

Iazko ekainean jarri zuten martxan Gure Esku Dago egitasmoa. Nafarroan, otsailean sortu zuten koordinazio taldea, gainontzeko herrialdeetan baino geroago. “Egitasmoa martxan jarri zenean, bete beharreko kilometroak herri eta auzo batzuen artean banatu zituzten. Beraz, kilometroak auzo eta herrietako taldeak sortzen saiatu gara”.

Aurkezpen orokorraren ostean, tokian tokiko aurkezpenak egin zituzten Nafarroan. “Aurkezpenak egiten genituen, eta, bertaratzen zen jendearen arabera, lan taldeak sortu ziren”, azaldu du Ezkurrak. Nafarroan errealitate ezberdinak daude. Hori dela eta, eskualde batzuetan besteetan baino gehiago kosta izan zaie kilometroak betetzea. “Azken kilometroa Arrosadia, Azpilagaña eta Alde Zaharraren auzokideen artean bete zuten. Auzo horietan aurkezpenak egin ziren, eta Gure Esku Dago taldeak sortu zituzten. Martxa ona hartu zuten”, dio Ezkurrak. Baina beste eskualde batzuetan, ez da horren azkarra izan prozesua. “Ni 113. kilometroaren arduraduna izan naiz. Orbaibar, Izarbeibar, Tafallalde eta Zangozaldeko herriek bete behar zutena. Pentsa zenbat herri dauden. Bertan, ahoz aho lagun eta ezagunen artean hitz eginez funtzionatu du”.

Egunean kilometroak aise bete bazituzten ere, hirian eta herrietan zegoen batez besteko kopurua oso ezberdina zen. “Arazo soziologikoa da hori; beti dena azken momenturako uzteko ohitura dugu. Jende asko egunean bertan joan zen giza katera. Horregatik hiriko hainbat tokitan jendea pilatu zen, eta herrietara aurretik izena emanda zeudenak joan ziren”.

Mugimendua zabalduz

Ekainaren 8an giza katea egitea lortu zuten. Dinamikaren aurkezpenean mugarri gisa definitu zuten egun hori. “Giza katea egin dugu, baina orain mugimendu zabala egituratu behar da”, azaldu du Ezkurrak. Udazkenean, Gure Esku Dago dinamika aurrera eraman duten taldeak lanean hasiko dira erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu berri bat sortzeko. Giza katearekin erabakitzeko eskubidearen alde daudenak sarean lotu nahi izan dituzte. “Giza katean parte hartu zuen mundu guztia inplikatzea lortu behar dugu. Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Horregatik, gizarteko sektore guztietara heldu behar dugu. Orain arte egindako lanaren bikoitza egin beharko dugu aurrerantzean”.