Hondartzarik ez Iruñean

Maia, hondartza nahi dugu eskatzen zuten Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren XX. urtemugako jaiaren kartelek. Hondartzarik ez, eta Aquavoxeko igerilekuarekin konformatu behar izan zuten gaztetxearen aldeko lagunek. Lekua, hala ere, ezin hobea zen. Euskal Jai zegoen tokian eraiki baitzuten Aquavox. Ehun pertsona inguru sartu ziren erakinean, eta 50 batek bainu azkar bat hartu zuten. Poliziak ez zuen inor identifikatu orduan. Baina ekainaren 3an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, horietako bi herri hedabideetako kazetariak. Bi delitu egozten dizkiete: pertsona juridikoaren jabetza bortxatzea eta kalteak eragitea.

“Aquavoxekoa desobedientzia zibileko ekintza sinbolikoa izan zen”, esan du Borok. Lahaine.org webguneko erredakzio taldeko kidea da, eta ez du bere benetako izena eman nahi. “Ni egunaren berri ematen ari nintzen. Sakelakoarekin grabatu nuen Aquavoxeko ekintza. Hamar bat minutu izan ziren, eta ez zen inolako istilurik egon”. Ez da Boro atxilotzen duten lehen aldia. Martxoaren 29an, Jaque al rey (Xake erregeari) mobilizazioa egin zuten Madrilen. Bertan, poliziak kazetariei oldartu zitzaizkien, eta Boro atxilotu zuten. Haren aburuz, “beste diskurtso bat” lantzen duten hedabideen aurkako errepresioak gora egin du azken urteetan. “Gero eta eraso gehiago jasan dituzte herri hedabideetako kazetariek. Aste Santuko prozesio ateoa Ahotsa.info-rako grabatu zuen pertsona inputatu dute, esaterako”.

Bororekin batera, Alde Zaharreko aldizkari baterako eta Ekinklik-erako lan egiten duen kazetaria ere atxilotu zuten ekainaren 3an. Hark ere ez du izena eman nahi. “Jendea igerilekuko uretan murgiltzera sartu zen, bertan Euskal Jai zegoelako”, esan du kazetariak. Uste du ez zela inolako arazorik izan. “Igerilekura igo nintzenean, hainbat pertsona ikusi nituen bainatzeko txanoarekin eta harridura aurpegiarekin. Zur eta lur zeuden, baina besterik ez”. Langileekin ere ez zen istilurik izan. “Harrerako langilea hasieran larritu zen, baina zer gertatzen ari zen azaldu eta lasaitzeko eskatu zioten. Igerilekuko soroslea, ordea, bere onetik aterata zebilen”. Duela bi urte atxilotu zuten Ekinklik-eko kolaboratzailea, greba baten harira, baina epaileak kasua artxibatu zuen, froga faltagatik. “Gobernu ordezkaritzak esan du atxilotuetako batek aurrekariak dituela, baina ez dute esan nire kasua artxibatu zela. Ezta kazetari lanetan nenbilera ere. Dena oso mediatikoa eta faxista da”.

Egunean bertan Poliziak ez zuen inor identifikatu. “Traba egiten dietelako atxilotu dituzte kazetariak”, esan du June Donemiliaga bi atxilotuen abokatuak. Haren ustez, ez da beharrezkoa pertsona horiek atxilotzea. “Badirudi auziren batean sartzen badute norbait, atxilotu, komisarian ordu batzuetan eduki eta gero epailearen aurrean deklaratu gabe askatu behar dutela. Hori auzitara joateko dei batekin egin daiteke”. Donemiliagaren ustez, bi pertsona horiek ez dituzte atxilotu eguneko informazioa biltzeagatik.”Herri mugimenduetako hedabideetan lanean ari zirelako atxilotu dituzte”. Atxilotu eta bi egunera, epaitegira joan zen Donemiliaga. Iruñeko 5. instrukzio epaitegiak darama kasua. “Informazio bila joan nintzen, eta bertako langile batek esan zidan ez zegoela txostenik”.

Maiatzaren 10ean, desobedientziaren bitartez Euskal Jai gogoratu zuten, ez baitzuten baimenik eskatu eguneko ekitaldietarako. Hala eta guztiz ere, herri mugimenduetako kazetarien aurka jo dute, eta haien lana kriminalizatu. Oraingoz, ez da hondartzarik izango Iruñean.