Batasuna erasoen aurka

Alarma piztu zen iragan urteko sanferminetan. Txupinazoan emakumeak nola erasotzen zituzten ikusten ziren irudiak azkar batean hedatu ziren mundu osoan zehar. Azken urteetan, behin eta berriz errepikatu dira irudi horiek. Hala ere, iazkoek eragin dute erreakzioa. Sanferminak legerik gabeko jaiak direnaren ideia dute askok. Arrazoi horregatik jakinarazi du Ana Lezkano Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak festa eredu “onartezin” horretatik aldendu beharra dagoela. Hala, Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpaina jarri du abian Iruñeko Udalak, hainbat talde feministaren eta gizarte eragileren elkarlanaren bitartez.

Ez da lehen aldia Iruñeko udalak sanferminen harira berdintasunarekin lotutako kanpaina abian jartzen duena. Iaz esaterako, bi ekinbide jarri zituzten abian, bat gizon eta emakumeen arteko parekidetasunarekin lotutakoa eta bestea emakumeen erabakia errespetatzeko aldarrikatzeko. Hala ere, Pilar Mayo Iruñeko Berdintasun teknikariak jakinarazi duenez, aurten “pauso bat haratago” joan nahi izan dute. “Ezinbestekoa da indarkeria sexista jai eremuetan ere gaitzestea. Gainera, gizon eta emakumeen arteko errespetua beharrezkoa da”, azaldu du Mayok.

2013ko erasoen harira urtarrilean Sanferminak Berdintasunez taldea sortu zuen Iruñeko Emakumearen Udal Kontseiluak. Lehen aldia da halako talde bat eratzen dena Iruñean. Besteak beste, bilera horietan Bilgune Feministak, Gora Iruñeak, Kattalingorrik eta beste hainbat eragilek hartu ahal izan dute parte.

Dena den, Tere Saez Andrea plataformako kexu agertu da. Jakinarazi duenez, Sanferminak Berdintasunez taldeko bileretan parte hartzeko gonbita jaso arren, ez dute bileretara joaterik izan. “Udal teknikariak azaldu zigun bilerak eguerdi partean izango zirela, eta plataformako kide guztiak ordu horretan lanean izaten gara. Beraz ez dugu bilera batera ere joateko aukerarik izan”, adierazi du atsekabetuta.

Miren Aristu, Gora Iruñea taldeko kidea, aldiz, izan da Sanferminak Berdintasunez taldeak egindako bileretan. Udalaren gonbita jaso zutenean, hasieran batean “errezeloa” sortu zitzaiela onartu du. “Sexu erasoen aurka jarrera epela izan du sarritan udalak, eta harritu egin ginen”, onartu du Aristuk. Lehen bileran Gora Iruñeak berdintasunean oinarritutako jaien alde hartu beharreko neurrien proposamena egin zuen. “Gauza bera egin zuten gainontzeko taldeekin”, argitu du Aristuk.

Pilar Mayok jakinarazi duenez, Iruñeko Udaleko berdintasun teknikarientzat “ezinbestekoa” zen lehenik eragile guztiei entzutea. “Argi geneukan kanpainaren diseinuan politikariek zuzenean parte hartzerik ez genuela nahi, litekeena zelako horrek ekinbideari sinesgarritasuna kentzea”.

Eraso sexistarik gabeko jaien alde leloa duen kanpainak bost helburu nagusi ditu: eragile ezberdinen arteko adostasuna lortzea, larrialdi zerbitzuetako telefonoen berri ematea, sexu erasoa jasan duten emakumeak artatzen dituzten udaltzainen formakuntza hobetzea, babes zibileko langileei informazioa helaraztea eta hedabideetako langileen formatzea eta sentsibilizatzea

Bost helburu horiek ontza jo ditu Aristuk. Hala ere, euren eskakizun guztiak ez dituztela aintzat hartu salatu du. Ohartarazi duenez, hiriaren antolakuntza erabat aldatzen da sanferminetan eta horrek eremu arriskutsuen eraldaketa eragiten du. “Puntu ilunen mapa egitea garrantzitsua da, emakumeek hiriko toki arriskutsuak ezagutu ditzaten”.

Dena den, sanferminekin zerikusia duen gai oro Sanferminetako Mahaian eztabaidatzen da. Besteak beste, entzierroa eta jai eredua izaten dituzte mintzagai. Tere Saez oso kritiko agertu da Sanferminak Berdintasunez taldeko kideak ez direlako Sanferminetako Mahaian izan: “Sexu erasoak jai giroan gertatzen dira, eta guretzat ezinbestekoa da gaia Sanferminetako Mahaian lantzea”.

Mayok onartu du gaia Sanferminetako Mahaiak lantzea egokia dela. “Dena oso azkar egin dugu, eta beti egiten dira akatsak. Logikoena hori izan daiteke eta heldu den urterako kontuan izango dugu”, onartu du. Kanpaina, berez, urtarriletik aurrera hasi ziren lantzen. Lanketa hori lehenago hasi behar zela defendatu du Saezek.

Jai ereduaren inguruan ere bada eztabaida. Ana Lezkano Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak onartu bezala, jai ereduak ere hausnarketa sakona behar duela irizten diote Miren Aristu eta Tere Saezek. “Sanferminetan edozer gauza egitea libre dela dirudi. Turismo kanpainetan hori saltzen dute eta hori onartezina da” azaldu du Aristuk. Saez ere bat dator Gora Iruñeako kidearekin. “Urte luzez helarazi den mezuaren aurka egin nahi dute, eta hori oso zaila da”.

Gainera, Enrique Maia Iruñeko alkateak afera honetan izan duen jarrera kritikatu dute bi ekintzaileek. Izan ere, iragan urtean hedabideetan ikusi ahal izan ziren irudien harira “kezka” agertu zuen alkateak. Honakoa adierazi zuen 2013ko sanferminen balorazioa egiterako orduan: “Txupinazoari buruz ematen ari den irudia negargarria da. Elastikorik gabeko eta ardoz blai egindako emakumeen irudiek gehiago saltzen dutelako. Baina hori ez da sanferminetako benetako irudia”. Eraso hitza erabiltzea ekidin zuen.

Oraingoz Maiak ez du sexu erasoen aurkako kanpaina babestu, eta hori “onartezina” dela uste du Aristuk. Jakinarazi duenez, ezinbestekoa da eragile sozial zein politikoek babesa adieraztea, gizartea ohartu dadin sexu erasoak ez direla “zilegi”.

Biktimei aitortza

Sexu erasoak eta gainontzeko bortizkeriak ez direla iragan urteko gauza ohartarazi du Saezek. “Dagoeneko sei urte beteko dira Nagore Laffage erail zutela. Udalak biktimak benetako aitortu behar ditu”, aldarrikatu du Andreako kideak. Gaineratu duenez, onartezina da auzi horretan udalak izan duen jarrera. “Sarritan ematen du Nagore [Laffage] ez zutela sanferminetan hil, eta bai, hala hil zuten”. Udala “behin eta berriz” hilketa hori ezkutatzen saiatzen dela gaineratu du. “Ikusi besterik ez dago iragan urtean Nagoreren [Laffage] omenez egin nahi izan genuen antzerkian zer nolako jarrera izan zuen”. Udalak ofizialki sostengatu ez duen arren, urtero legez, uztailaren 5ean, Gazteluko plazan 13:00etan Jose Diego Yllanes gazte iruindarrak Nagore Laffage hil zuela gogoraraziko dute. “Beste behin gizonezko bati ezetz esaten zaionean errespetatu egin behar dela aldarrikatuko dugu”.