“Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana”

Lesakako Udalak Rafael Eneterreagaren esku (Lesaka, 1942) utziko du sanferminei hasiera emateko ardura, Lesakako kultur ondarearen bilketan egindako lanarengatik. Eneterreagarentzat ohore bat da lehenengo suziria botatzeko aukera izatea, baina, dioenez, oraindik ez dago urduri.

Nola eskatu zizuten txupinazoa botatzeko?

Karrikan lagunekin nengoela, Ainara Flores kultur zinegotziarekin topo egin nuen, eta orduan esan zidan herriko bestetako batzordean erabaki zutela niri galdetzea ea txupinazoa botako nukeen. Momentu hartan ezezkoa eman nien, baina handik egun pare batera udaletxera joan eta lehen suziria botatzeko arrazoia zein zen galdetu nien. Antza denez, kultura arloan egindako lana eskertzeko eman zidaten aukera hura, hala nola herritarrentzat zein kanpotarrentzat doako bisita gidatuak egiteagatik, Lesakaren inguruan liburuxka bat idazteagatik eta herriko berriak Facebook bidez zabaltzeagatik eskatu zidaten bestei hasiera emateko. Hori entzunda, baiezkoa ematea erabaki nuen.

Urduri zaude?

Oraindik ez, baina momentuan hala jarriko naizela pentsatzen dut. Halere, nolabait asmatzea espero dut, bertzela sanferminik gabe geratuko zarete [kar, kar, kar]! Gainera, lesakar guztientzat ohore bat da txupinazoa botatzea, eta niretzat ere halaxe da.

Nola bizitzen dituzu herriko bestak?

Asteburuan jende anitz etortzen da, eta agian hori da gutxien gustatzen zaidana. Garai batean, San Fermin egunean inguruko herritako jendea agertzen zen, eta listo. Baina orain sekulako jendetza egoten da. Hori kenduta, guztia gustatzen zait, eta zerbait aukeratzekotan, uztailaren 7arekin geldituko nintzateke. Egun hori sakratua da niretzat; ez dut sekula galtzen.

Egun horretako ekitaldiren bat aukeratzekotan, zein hautatuko zenuke?

Ezin dut bat aukeratu. Guztiak dira politak, eta guztiek osatzen dute egun berezi hori. Den-dena gustatzen zait.

Noizbait galdu dituzu sanferminak?

Bizitza osoan behin. Familiarekin oporretara joan nintzen, baina han ere izan genituen gure sanferminak. Gogoan dut San Fermin egunean guztiok zapi gorria jantzi eta telebistaz Iruñeko bestak ikusi genituela, Lesakakoak ikusterik ez zegoelako. Munduaren bertze puntan ere, sanferminak beti buruan.

Lesakari buruzko liburu bat idatzi zenuela erran duzu. Oihartzun handia izan du lesakarren artean?

Bai, bai. Iazko San Joan bezperan, Lesakako Euskara Batzordeak bisita gidatu bat antolatu zuen Lesakan zehar, eta ni izan nintzen gidari. Ordura arte jendeak errana zidan Lesakari buruz nekiena idazteko, eta egun hartan eskaera areagotu zela errango nuke. Horregatik erabaki nuen liburuxka xume hori egitea, eta uste baino arrakasta handiagoa izan du. Nabari da lesakarrek interes handia daukatela gure herriaz.

Lesakaren inguruan daukazun informazio guztia nondik eskuratu duzu?

Erretiratu aurretik jada banuen horrelako zerbait egiteko gogoa, eta, behin lana bukatuta, Lesakako artxiboan, Elizakoan eta Iruñeko Artxibo Nagusian informazio bila hasi nintzen, herriari buruzko gauzak aurkitu nahian. Gainera, artxibora joan eta hiru-lau ordu konturatu gabe pasatzen dira.

Afizioa ofizioa bilakatu zaizu.

Bai, bai. Ahal izanez gero, egunero joaten naiz artxiboetan saltsan ibiltzera. Halere, maiz nire bilobekin egoten naiz, eta aitatxiren lana ere zoragarria da. Bi gauzak bateragarriak dira, eta bietan ibiltzen naiz hagitz gustura.

Facebooken ere ibiltzen zara herriko berriak zabaltzen hainbat kontutan.

Bai, bortz kontu ditut: nire kontu pertsonala, Lesakako gai ezberdinak, Lesakako ihauteriak, Lesakako sanferminak eta Lesakako olentzero. Lehen, ateratzen zen berri bakoitza horri zegokion kontuan sartzen nuen, baina orain hasi naiz berri guztiak kontu guztietan argitaratzen, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, denetan ez baititut lagun berak.

Txupinazoaren ondoren ere, Facebook martxan jarriko duzu?

Noski. Argazki kamera hartu, eta Facebookera kargatzeko argazkiak ateratzen hasiko naiz, beti bezala. Hala, kanpoan dauden lesakarrek beren herrian gertatzen ari dena ikusteko aukera izanen dute. Anitzek eskertzen didate hori, eta ni ere poztu egiten naiz halakoetan, nik egindako lanak zerbaitetarako balio duela sentitzen dudalako.

Lan eskertua da zurea, orduan.

Dudarik gabe. Txupinazoaren kontua ere eskerrak emateko modu bat da, eta jende andana etorri zait zorionak ematera. Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana. Lesakarrak kontent baldin badaude, ni ere bai.