Eredua gara

Nafarroako Gobernuak bidali duen oharraren arabera, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea “eredua da gainontzeko autonomia erkidegoentzat daukan eskaintza kopuru handiarengatik, barneratze mailarengatik eta teknologia berrietara ongi moldatzeagatik”.

Azter dezagun, bada, sinetsarazi nahi diguten gezur hau: “eskaintza kopuru handia” diotenean, “Nafarroak 7.000 biztanle bakoitzeko liburutegi bat” daukala erraten dute, hau da, “Espainiarekin konparatuz bikoitza, hango batez bertzekoa 18.000 biztanlekoa baita”. Hori, estatistikoki, egia izan daiteke —izanen da—, baina datu hori lortzeko liburutegia dagoen herriaren biztanleria bakarrik hartzen dute kontuan, zerbitzuak inguruko herri, auzo eta baserri guztietara hedatzen direlarik. Eta horrek gauzak zaildu bertzerik ez du egiten. Galde diezaiotela bertzenaz Aurizberriko liburuzainari, astean behin bere auto propioa hartu —liburuzainentzat ez dago “enpresa autorik”— eta Pirinioetan barrena joaten denean etxez etxeko banaketa egitera. Elurra dela medio. Edo galdetu edozein liburuzaini liburutegiko edozein berri zabaldu nahi duenean, ea nola moldatzen den informazio hori toki guztietara helarazteko. Errazagoa litzateke gure lana 18.000k barrideak balira eta kartelak auzotik bakarrik paratu behar bagenitu, eta ez inguruko herri guztietara nola iritsi pentsatu, eta kontaktuak egin behar izango bagenitu, haien laguntza behin eta berriz eskatuz eta eskertuz. —Oharra: Nafarroako Liburutegi Publiko gehienetan pertsona bakarra dago lanean; beraz, liburuzaina ezin da izan bere lana egitera liburutegitik ateratzen dena, “zerbitzuaren beharrek” liburutegian kieto egotera behartzen baitute—.

“Zerbitzuaren beharrak” zein diren aztertzeak ere eztabaida polita ekarriko luke, baina horretan gehiago luzatu gabe, goazen bigarren puntura: “Populazioaren %40 erabiltzailea da”. Gezurra. Zuzenduko dut: populazioaren %40k erabiltzaile txartela dauka. Hori da egia. Liburuzainek behin baino gehiagotan eskatu dugun arren, liburutegiko txartelak ez du epe mugarik. Behin eginda, bizitza guztirako daukazu. Baita bizitza guztian liburutegia berriz zapaltzen ez baduzu ere. Horietatik aunitz daude, baina %40ren parte dira. Baita behin txartela egitera etorri zirenen bildu gabeko hamarnaka txartel, eta… hildakoak. Tarteka datu basean garbiketa bat egiten omen da, 120 urtetik gorakoak jada erabiltzaile ez direla ohartuta. Haienak bai, ezabatzen dira. Gainontzekoak, %40ren parte.

Eta hirugarren puntua: “Teknologia berrietara ongi moldatu izana”. Ttak. Liburutegi aunitzetan pizten 10 minutu kostatzen zaien ordenagailuak daude, eta ez da hitz egiteko modu bat. Aunitzetan hiru ordenagailu daude gehienez —Iruñerrian gehiago, noski, herrietan beti dago ziber batera joateko aukera eta—. Askotan ez dago zure ordenagailu eramangarriarekin Internet erabiltzeko aukerarik edo liburutegiak ez daude prestatuta ordenagailua entxufatzeko. Baina liburutegiaren katalogoa sakelakoan erabiltzeko Espainiako aplikaziorik onena daukagu, eta ehunekoan inor gutxik erabiltzen duen liburu elektronikoen mailegurako plataforma martxan dago. Hiru pertsonak galdetu didate niri horri buruz azken bortz hilabeteetan. Aplikazioari buruz, inork ez.

Hau dena hiru puntu horiek bakarrik aztertzearren, liburutegi aunitzek ordezkapenik ezagatik hetsita pasatzen duten denbora aipatu gabe utzita, diru aurrekontuetan izandako %93ren murrizketak atera gabe, zerbitzuak duen berezko ordutegi eta langile kopuru murritza kontuan hartu gabe… Estatistikaren arabera, dena bikain. Errealitatea? Nori inporta zaio? Eredua gara eta!