Paperetik sarera eta karrikara jauzi eginen du ‘Hitza’-k

Bosgarren urteurrena ospatuko du ‘Nafarroako Hitza’-k aurtengo abenduan, eta, egindakoari autoatseginez begira gelditu beharrean, hamaika egitasmo berri jarriko ditu abian datozen hilabeteetan, gertuko informazioa jorratzeko molde berriak sustatu nahian.

Apiriletik aitzinera, adibidez, irudi digitala goitik behera berrituko du ‘Hitza’-k: webgune propioa eta itxuraldatua, Twitter kontua, presentzia bestelako hedabide eta atarietan…

Horrez gainera, kazetaritza karrikara ateratzeko xedez, mahai inguru sorta eginen du apirilean eta maiatzean, Nafarroako kultura, euskara eta politikaren esparruetako zenbait ordezkarirekin. Solasaldiak irekiak eta doakoak izanen dira.