“Amildegira bultzatzen ari dira jendea”

Gizarteratze Errentaren erreformak izan ditzakeen ondorioak aztertzeko goiz dela diote Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kide Javier Indurainek (San Nicolas, Argentina, 1957) eta Marisol de la Nava gizarte langileak (Salamanca, Espainia, 1972). Dagoeneko badakite, baina, arau berria motz geldituko dela.

Zein da zuen iritzia erreforma honi buruz?

JAVIER INDURAIN: Txapuza bat da. PSNren zuzenketa batzuk daude erreforma honen oinarrian; hain zuzen, guk aurretik eginiko proposamenak urardotzen dituzten zuzenketak. Gogorra da hau esatea, baina PSN salerosian ari da jendearen beharrekin.

MARISOL DE LA NAVA: Horrez gainera, beharrak dituzten herritar askoren egoera are gehiago zailtzen du, lege berriaren aplikazioa oso-oso konplikatua delako: bi urteko epean onartzen den gisa honetako laugarren legea da, eta horri gehitu behar zaio indarrean direla oraindik bi foru arau eta 1999ko foru dekretu bat. Adabaki bat da.

Zehazki, zer aldatuko da errenta berriarekin?

M.N.: Tira, baditu gauza on batzuk: adibidez, hartzaileek diru gehiago kobratuko dute, eta epe luzeagoan; bestalde, jende gehiagorengana iritsiko da laguntza, orain arte ez bezala, errenta jasoko baitute 18 eta 25 urte arteko gazteek ere. Baina aldi berean, babesik gabe gelditu dira 65 urtetik gorakoak, besteak beste. Eta adin tarte horretan, gabezia larriak dituzten herritar asko daude Nafarroan. Erretiratu asko, adibidez, 360 euroko pentsio ez kontributibo batekin bizi dira soilik, eta babesgabe gelditu dira. Horiez gain, paperik gabekoak ere arauditik kanpo gelditu dira, ez baitzaie eskubiderik onartzen.

J.I.: Eta dagoeneko ikusi dugu gobernuak asmoa duela guraizeak are gehiago sartzeko, ez baitiote legeari atzerako eragina aplikatu nahi; beraz, onuradun berrien kasuan soilik ezarriko dira hobekuntzak, eta orain artekoek berdin segituko dute. Dena den, puntu hori konfirmatzen bada, helegitea aurkeztuko dugu, legez kontrakoa baita.

Zein da oinarrizko errentaren hartzaileen profila?

M.N.: Gaur egun, ez dago profil zehatzik. Edozein adineko, jatorriko edo lan sektoreko jendea egon daiteke zuloan sartuta. Ilara luzeak ikus ditzakegu elizen atarian, jendeak emandako elikagaiak jasotzeko. Halakoak ikusita, ez dakit nola egon daitekeen egoera ekonomikoa hobetzen ari dela dioen inor.

Zeintzuk dira gehien hunkitu zaituzten kasuak?

M.N.: Batez ere, guraso bakarreko familien kasuak. Seme-alabak dituzten emakumeak dira gehienetan eta sekulako dramak ikusten dira: 800 euroko errenta kobratzen dute, eta diru horrekin, alokairua, eskolako jantokia, ur beroa, bizilagunen komunitatea eta gainontzeko gastu guztiak. Askotan, andre horiek hautua egin behar izaten dute: jan edo argindarra pagatu. Eta egoera are gehiago okertzen da, 36 hilabete igarota, oinarrizko errenta bukatzen zaienean. Orduan, zer?

Antzeko egoeran zegoen Miren Peña antsoaindarra ere, eta bere buruaz beste egin zuen iragan asteburuan…

J.I.: Bai, antzeko kasua da. Finean, jendea muturreko egoeretara bultzatzen du sistema honek, amildegira. Eta Mirenek muturreko irtenbidea bilatu zuen, askok hartuko ez genukeen bidea, baina horretara behartu zuten.

Ezer ez egiteagatik dirua jaso nahi duen jendea babesten ari zaretela dio UPNk.

J.I.: Lanik egin gabe soldata jasotzen duen talde bakarra ezagutzen dut nik: gobernuburu eta politikari profesional ohiena. Jende arruntak lan egin nahi du, ez du laguntzetatik bizi nahi. Baina denontzako lanik ez dagoen bitartean, beharra dutenen bizi-baldintza minimoak berma daitezela eskatzen dugu. Besterik ez.

Eta maiatzeko bozen ostean gobernu alternatibo bat osatuko balitz?

M.N.: Egoera hau irauli daitekeela uste dugu, baldin eta orain oposizioan dauden indar politikoek gurekin hartutako konpromisoari eusten badiote.