Hamaika ekitaldi Nafarroan, giroa berotzen hasteko

Nafarroako herrietako euskara elkarteek besoak zabalik hartu dute apirilaren 25eko ekitaldia, eta hasiak dira dagoeneko ekitaldi paraleloak antolatzen, Anaitasunako ikuskizunaren aurreko giroa berotzeko.

AEK-k eta Arrotxapea kirol elkarteak mendi lasterketa antolatu dute Ezkaba mendira, eta 10:00etan aterako dira Errotaberri elkartetik; Atarrabian, berriz, Karrikaluze elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu, euskara ardatz hartuta betiere; Dindaia fundazioak Xamariko Eguna eginen du Uharten, eta handik, oinez abiatuko dira parte hartzaileak Anaitasunara; eta Lizarran, mintza taldeak eginen dituzte goizez. Azkenik, bertso bazkaria eginen da Anaitasunan, 14:00etan. Julio Soto, Fredi Paia eta Alaia Martin bertsolariek parte hartuko dute.