Euskalgintzako eragileen mahaingurua izanen da bihar Katakrak liburudendan

Euskalgintzako eragileen mahaingurua izanen da bihar Katakrak liburudendan
Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastatuko dira bihar Kontseiluko Iñaki Lasa, AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Nekane Otamendi, Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolaturiko mahai inguruan. Katakrak liburu dendan izanen da, 19:00etatik aurrera. BERRIAren webgunean streaming bidez ikusten ahalko da.
Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldietako lehen hitzordua izanen da biharkoa. Egoera politiko eta ekonomiko nahasiaren erdian, itxaropen zantzu argiak, ideia eta proposamen berriak antzeman daitezkeela-eta antolatu dira euskalgintzaren, kulturaren eta gizarte gaien inguruko hiru mahai inguruak.
Kultura eta hauteskundeak, datozen asteetan
Maiatzaren 5ean eginen da bigarrena. Kultura izanen da mintzagai: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izanen dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du.
Azkenik, maiatzaren 13an, hauteskunde kanpaina betean, eztabaida publikoa eginen dute hainbat alderditako hautagaiek, alternatiba politikoa eraikitzearen inguruan. EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek parte hartuko dute, eta Juan Kruz Lakasta kazetariak zuzenduko du saioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.