Marrazkilarien bidaia kaiera

Marrazkilarien bidaia kaiera

Eguneroko grafikoa, marrazki maratoia, ilustrazioz osaturiko bidaia kaiera… Askotariko definizioak eman zaizkio sketchcrawl izeneko egitasmoari. Baina zer da zehazki? Proiektuaren sortzaile Enrico Casarosa margolari eta ilustratzaile italiarraren arabera, marrazkien bidez egindako koadernoa da. Egun oso batean artistak ikusitako guztia jasotzen duen testigantza grafikoa.

2003. urtean hasi zen lehen sketchcrawl taldea San Frantzisko hirian (AEBak) biltzen, eta marrazkilarien topaketa horien emaitzak Interneten argitaratzen. Horrexek eman zion nazioarteko izaera, eta, gaur egun, dozenaka sketchcrawl talde daude mundu osoan zehar. Baita Euskal Herrian ere. Euskal Herria’s SketchCrawl taldea 2011n sortu zuten Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait artistak, eta, ordutik, egun osoko elkarretaratzeak antolatzen dituzte hiru hilabetean behin, ikusten duten guztia arkatz, errotuladore eta akuarela margoen bidez jasotzeko.

“Iruñeko eta Bergarako [Gipuzkoa] marrazkilari batzuen ideia izan zen taldea sortzea”, azaldu du taldeko kide Gorka Belaskok (Artzentales, 1977). “Hainbat ekitaldi eta topagunetan parte hartutakoak ziren guztiak, baina Euskal Herrian ez zegoen talde finkorik, eta biltzen hasi ziren. Elkarrekin egon, hitz egin, marraztu, eta egindakoa webgunearen bitartez partekatu. Horixe zen bilkuren funtsa”.

Taldearen barruan askotariko marrazkilariak daudela esan du Belaskok: artista profesionalak, ikasleak, afizionatuak, irakasleak… “Ni neu ez nintzen taldean sartu artista gisa, irakasle gisa baizik”, gogoratu du. Marrazketa teknikoko eskolak ematen ditu Arabako institutu batean, eta ikasleak motibatzeko modu berrien bila zebilen taldearen berri izan zuenean. “Esperientzia aberasgarria da, sektore ezberdinetako marrazkilariak ezagut ditzakezulako: diseinuaren esparruan lan egiten dutenak, ikasleak, arte plastikoetan aritzen direnak… edo, besterik gabe, beste edozertan lan egin arren marrazkia gustuko dutenak”.

Belaskorentzat, gainera, oso garrantzitsua da taldekideen artean sortzen den giroa: “Taldekideek egiten dutena ikus dezakezu, teknika berriak ikasi… Gainera, gure topaketek ez dute lehiaketa izaerarik, eta hori, niretzat, oso garrantzitsua da, talde berean egon baitaitezke oinarri-oinarrizko maila duten afizionatuak eta sekulako eskarmentua duten profesionalak. Jai giroa nagusi da gure artean”.

Arrasatetik Garazira

Euskal Herria’s Sketchcrawl taldeak ez du egitura finkorik. Kide gehiago ala gutxiago bil daitezke topaketa batean, egunaren edo lekuaren arabera. “Oso talde anarkikoa da, onerako eta txarrerako”, dio Belaskok, barrez. “Bilkura batean hogei bat lagun egon gaitezke, eta hurrengoan, berriz, 70. Batetik bestera asko alda daiteke gauza. Arrasate eta Bergara inguruan, adibidez, jende asko mugitzen du sketchcrawl taldeak, eta Nafarroan ere badira zenbait”.

Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) egin zuten azken topaketa, apirilaren 25ean, eta bertan, Euskal Herritik nahiz atzerritik joandako 60 bat marrazkilarik parte hartu zuten. Hain zuzen, taldekide nafarrek antolatu zuten: Alicia Aintziburu eta Ana Garcia iruindarrek. “Ibilalditxoa egin genuen herriko karriketan barna, baxoerdi bat edan, bazkaldu… eta hori guztia, marrazten genuen bitartean. Leku ederra da Donibane Garazi, eta marrazteko aukera paregabeak eskaintzen ditu, zirriborroetan ikus daitekeen bezala”.