“Eserleku bat edo birengatik erabakiko da eredu aldaketa”

Nafarroa “une historiko baten atarian” egon daitekeela uste du Ricardo Feliu soziologoak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972), baina “zalantza ugari” antzematen ditu orain arte argitaratutako datuetan.

Inkesta gehienen arabera, lehia estua izanen da erregimenaren eta aldaketaren aldeko blokeen artean. Ados al zaude?

Tentsio handiko gaua izanen da maiatzaren 24koa. Seguraski, eserleku bakar batengatik edo birengatik erabakiko da egungo eredua aldatzen den ala ez. Eta ez hori bakarrik: eserlekuetako batzuk dantzan ibiliko dira azken unera arte, alderdi batzuen eta besteen artean. Boto bakan batzuk erabakigarriak izan daitezke. Gerta liteke, gainera, atzerriko botoen zenbaketa amaitu arte datuak definitiboak ez izatea. Bihotzekoak jotzeko zorian egonen da bat baino gehiago. Beraz, Trankimazin eta horren gisako botika lasaigarrien ekoizleak aberastu eginen dira hauteskunde gauean [barrez].

Bozen osteko panorama ere konplikatua izanen da. Balizko gobernu itunak ez daude argi…

Nik hiru eszenatoki posible irudika ditzaket. Alde batetik, UPN-PSN gobernu tradizionala, PP edo Ciudadanos-en babes puntualekin; hau da, espainiar identitate nazionalean oinarritutako kontzentrazio-gobernua. Hala ere, egoera zailean egonen litzateke gobernu hori, seguraski, 20 legebiltzarkide inguru izanen lituzkeelako, gehiengo osotik urrun. Bigarren aukera Geroa Bai-PSN-Ezkerra alderdien arteko koalizio bat izanen litzateke. Kasu honetan ere, koalizioak ez luke gehiengorik izanen, baina aurreko kasuan ez bezala, oposizioko alderdi batzuek bidea erraztu lezakete, gobernua osatzeko saioan abstentziora jota.

EH Bildu eta Podemos, beraz.

Bai.

Hiru aukera aurreikusten dituzula esan duzu. Zein da hirugarrena?

Bada, nire ustez, eta datuei soilik erreparatuta, logika gehien izanen lukeena: EH Bildu-Podemos-Geroa Bai-Ezkerra koalizioa. Eszenatoki horrek duen zailtasuna oso bestelakoa da: zenbateraino daude prest alderdiak amore emateko? Izan ere, negoziazio horietan bazterrean utzi beharko dituzte zenbait puntu. Hor ikusiko da aldaketaren aldeko alderdiek maila ematen duten ala ez.

Hiru eszenatoki horiez gain, bigarren itzuliaren aukera aipatu izan da. Zer deritzozu?

Ez da baztertzeko moduko aukera. Urrian edo azaroan bozak errepikatzearen mamuak eragin handia izan dezake gobernua osatzeko negoziazioetan. Inork ez du negoziazio mahaitik altxatu nahi izanen, deslegitimatua egonen delako bozen bigarren itzuliari begira. Eta horrek estrategiak errotik aldatuko ditu.

Bigarren itzuli batek nori eginen lioke mesede?

Historikoki, Nafarroako mapa politikoa osatu duten ohiko alderdiei. Kasu honetan, ordea, alderdiez hitz egin baino, hobe genuke espazioez hitz egitea. Nafarroan, hiru izan dira espazio politiko tradizionalak: zentro-eskuina, euskal esparrua edo baskismoa eta ezkerreko eremua. Horien arteko polarizazioa eraginen luke hauteskundeen bigarren itzuli batek.

Orain arteko inkestek askotariko emaitzak eman dituzte. Zergatik da hain zaila iragarpen zehatzak egitea?

Inkestek ongi funtzionatzen dute egoera politiko egonkorretan eta esparru homogeneoetan, eta Nafarroak ezaugarri propioak ditu. 14 alderdi aurkeztu dira, eta zortzik lor dezakete ordezkaritza parlamentarioa. Izugarria da. Horrez gain, botoa alderdi bati edo beste bati emateko arrazoiak, askotan, sentimentalak dira ideologikoak bainoago, eta horrek are gehiago zailtzen du ikerlarien lana. Finean, inkestak baliagarriak dira joerak identifikatzeko. Eta hori kontuan izanda, argi dagoena da UPNk eta PSNk behera eginen dutela. Hortik aurrera, hainbat zalantza: eroriko bortitza ala labainkada lasaia izanen da UPN eta PSNrena? Zenbat boto kenduko dizkie Podemos-ek Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrari? Hori zehaztea oso zaila da.