Kate berriak, aro berrirako

Kate berriak, aro berrirako

Aldaketa politikoa gobernura, parlamentura eta gainontzeko botere guneetara iritsi baino lehenagotik ere, beste esparru batzuetan hasia da islatzen: besteak beste, ikus-entzunezko sektorean. Ahotsa.info, Euskalerriairratia.eus eta Nafarroa.hitza.eus bezalako atarien agerraldiaz gainera, LTD lurreko telebista digitalaren esparruan ere ikusgarria izan da iraultza, lehen basamortu zena oasi bihurtzen hasia baita, euskarazko programazioari dagokionez. Hilabete gutxiren buruan, euskara modu nabarmen batean erabiltzen duten hiru hedabide azaldu dira herrialdeko telebistako emankizunen zerrendan: Xaloa, Hamaika eta Nafar telebista, 2013an lortutako lizentziei esker.

Xaloa telebista izan zen lehenengoa, iragan abenduan, eta haren eskutik heldu dira beste biak ere —multiplex bera erabiltzen baitute—. Finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez lortutako 36.000 euroei esker, hedagailuak jarri ahal izan zituzten Elomendin eta Ezkaban. Ordutik, tokiko informazioak izan du lehentasuna Xaloaren programazioan, albistegiak nahiz magazinak eskaintzen baitituzte, euskara hutsean.

Hamaika telebistak, berriz, iragan astean zabaldu zuen emisioa, Iruñerrian ikusi ahal izateko. “2013an lortu genuen baimena, Nafarroako Gobernuak lizentzien lehiaketa egin zuenean, baina orain arte ez da posible izan emisioak abiatzea”, azaldu du Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak. “Xaloa telebistaren izenean egin zen arren, iazko crowdfunding-ak balio izan zuen beharrezko azpiegitura teknikoak ordaintzeko, eta horri esker posible izan dugu seinalea Donostiatik Iruñera zabaltzea. Ahal izan dugun momentuan egin dugu eskaintza”.

Iruñerrian emititzen hasi zirenetik ikusleengandik jasotako iritziak “oso positiboak” izan direla nabarmendu du Uriak. “Euskal Herrian eta euskaraz egindako hedabideen egarria handia da Nafarroan. Lehorte handiko eremua izan da hau, eta jendeak eskertzen du egiten dugun ahalegina”.

Hamaika telebistak Iruñerrian emititzen du, 38. kanalean, eskualde horretako lizentzia bakarrik eskuratu zuelako lehiaketa publikoan. Hala ere, erronka handia dela uste du zuzendariak: “Nafarroa osoko euskaldunen %65 inguru bizi dira Iruñerrian, eta guretzat aukera garrantzitsua da haiengana iristea”.

Dena den, oraingoz, Donostiako programazioa eskainiko dute soilik. “Ez dugu beste aukerarik une honetan”, laburbildu du Uriak. “Nahiago genuke hau baino gaitasun handiagoa izan, baina egungo testuinguru ekonomikoan, ezinezkoa da. Ozta-ozta berma dezakegu egungo eskaintza; beraz, ezinezkoa da Iruñerrian azpiegitura tekniko oso bat antolatzea eta programazio propioa ekoiztea”.

Hala ere, Hamaikak Iruñerrian duen harreraren arabera, bertoko errealitateari buruzko eduki gehiago sartzea planteatzen ari direla aipatu du zuzendariak. Erabaki horretan, balizko gobernu berri batek izan dezakeen rolaz ere mintzatu da: “Aldaketa politikoaren aukera gauzatzen bada, ikusteko dago diru laguntza publikoen zirrikitua zabaltzen zaigun ala ez. Hala ere, bide hori ere luzea izanen da, denbora pasatuko baita gobernu berri bat osatu arte, eta hedabideontzako irizpide berriak lege bihurtu arte. Baina, tira, esperantza ez dugu galduko”.

Nafar telebista, maiatzetik

Maiatzaren 16an hasi zituen emisioak NTB1 Nafar telebistaren lehen kateak. Olaizola II.ak eta Altuna III.ak buruz buruko txapelketako final-laurdenetan jokatu zuten partida izan zen kate berriaren lehen emankizuna. Horren ostean, hauteskundeei buruzko mahai inguruak eta Sortzen jaiari buruzko saio bat eskaini dituzte, baina oraindik ez dira hasi emisio jarraiarekin.

2013ko lehiaketa publikoan, bi lizentzia eskuratu zituen Nafar telebistak: bata Iruñerrirako eta bestea Nafarroa osorako. NTB1 hasia da herrialde osoan emititzen euskaraz eta gaztelaniaz. NTB2k, berriz, Iruñerrirako emitituko du euskara hutsean. Datozen asteetan jarriko da abian hori ere. Oraingoz, LTDko 26. kanala sintonizatu behar da, Nafar telebista ikusi ahal izateko.