Eneko Larrarte (Ezkerra): “Egoera irauli du aldaketaren blokeak”

Ion Orzaiz / NAFARROAKO HITZA

Zinegotzi gazteena da Tuterako Udalean, eta legealdi bakarra eman du karguan. Datozen egunetan, ordea, alkate izendatuko dute Eneko Larrarte (Tutera, 1980). Ezkerra koalizioaren erreferente bilakatu da tuterarra, baina arrakasta propioa bainoago, ezkerreko indarren goranzko joera nabarmentzen du.

Zuen aurreikuspenen artean zegoen alkatetza lortzea?

Ziklo aldaketa gertu egon zitekeela pentsatzen genuen. Haize berriak sumatzen ziren, eta giroa berezia zen herriko eragile sozialen eta jendearen artean. Tuterar asko nekatuta zeuden egoerarekin eta, batez ere, UPNren jarrerarekin. Giro horretan, aukera errealak antzematen genituen, lehen indarra izateko edo, gutxienez, alternatiba indartsua osatzeko, gainontzeko alderdi ezkertiarrekin batera.

Azkenean, sei zinegotzi UPNk, beste horrenbeste zuek.

Bai, baina egia esan, alderdi bakoitzak lortu dituen emaitza konkretuekin aieruka ibiltzea ez zait askorik interesatzen. Nahiago dut bloke bakoitzaren indarra neurtu, eta hor argi dago errealitatea zein den: eskuinaren blokeak [UPN-PP] 12 eserleku lortu zituen 2011n, eta ezkerreko indarrek, berriz, bederatzi. Orain, egoera hori irauli egin dugu, aldaketaren aldeko indarrok [Ezkerra, PSN, Ahal Dugu eta CUP] 13 zinegotzi lortu baititugu. Uste genuen, gainera, aldaketa ozta-ozta lortuko genuela, 11 eserlekurekin, baina aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Ezkerreko indar guztien lorpena da, ez gurea bakarrik.

Zeren ondorio izan da fenomeno hori? UPNren higadurari egozten ahal zaio?

Faktore askoren batuketa da. Alde batetik, UPNren boto higadura krisi ekonomikoaren kudeaketagatik heldu da hein handi batean; bestalde, UPNren eta PSNren hautagai zerrendetan mugimenduak eta aldaketak izan dira azken egunera arte, eta horrek ziurgabetasun sentsazioa areagotu du. Guri dagokigunez, trantsizio lasaia abiatu genuen duela lau urte, eta, bide horretan, ezkerreko tuterar asko batu zaizkigu: guraso elkarteetako kideak, etxe kaleratzeen kontrako mugimenduan aritutakoak, talde ekologistak…

UPNk beldurraren taktika erabili du kanpainan, baita Tuteran ere. Zerbaiterako balio izan dio?

Deustarako ez. Nik ez dakit nork esan zien betiko mamuak astintzea estrategia ona izanen zela, baina argi gelditu da jarrera horrek ez duela ez hankarik ez bururik. Boto-emaileak polarizatzea beste helbururik ez duen taktika da. Oro har, absurdoa da Nafarroan, baina Tuteran, are absurdoagoa.

Zergatik?

Bada, hemen, aldaketaren erreferente nagusia Ezkerra koalizioa delako, eta urte asko daramatzalako udalean lanean. Eta mundua ez da bukatu. Finean, jendeak badaki nola lan egiten dugun, eta, beraz, “badatoz baskoak!” oihukatzeak ez du zentzurik. Tuterar gehienentzat xelebrekeria hutsa izan zen hori.

Egoera ekonomiko txarrak ere indartu egin du aldaketaren aldeko aukera?

Jendearen pertzepzioa aldatu du, bai. Azken lau urteetan, oinarrizko zerbitzu asko desagertu edo murriztu egin dizkigute Tuteran: osasun etxeak, Bizitzaren Autobusa [gaixo larriak ospitaleetara eramateko garraio zerbitzu publikoa], azpiegiturak… Eta horrek tentsioa eragin du herritarren artean. UPNren eta Nafarroako Gobernuaren kontrako jarrera sendotu da.

Koalizio gobernua osatzeko negoziazioak abian dira?

Bai, baina ez dugu presarik. Hasieratik beretik esan genuen hauteskundeen osteko lehen astean ez genuela bilerarik eginen. Alderdi bakoitzak hausnarketa egin behar du, emaitzak aztertu, diskurtsoak bateratu, posizioak finkatu… Horretan eman genuen joan den astea, eta oraintxe hasi gara koalizio gobernua osatzeko bilerak egiten, Tudela Puede eta PSN alderdiekin.

Bi alderdi horiekin bakarrik? CUPekin ez?

Ez dugu ezer baztertzen, eta, jakina, beste alderdi batzuekin ere hitz eginen dugu datozen egunetan, baina udal gobernu alternatiboaren bizkarrezurra Ezkerra, Tudela Puede eta PSNren artekoa izanen da, eta horregatik eman diegu lehentasuna bilera horiei. Helburua garbi dugu: udal gobernu iraunkor bat sortzea. Eta, horretarako, egonkortasuna behar dugu. Itun sendo bat lotzea ezinbestekoa izanen da, hartu beharreko erabaki bakoitza polemika edo eztabaida iturri izan ez dadin eta eskuinak aukera balia ez dezan, aurreko egoerara itzultzeko.

Zeintzuk izanen dira Ezkerraren lehentasunak udal gobernu berrian?

Lehenik eta behin, eskualdeen arteko desoreka konpontzeko neurriak hartu nahi ditugu. Sakana edo Pirinioak bezalaxe, egoera ekonomiko tamalgarrian dago Erribera ere; beraz, ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuarekin negoziazioak abiatzea, errealitate hori onartu eta garapen ekonomikoa sustatzeko neurriak har ditzan. Bestalde, UPNren udal kudeaketaren ezaugarri nagusia utzikeria izan da, eta hori konpondu beharko dugu: iraungitako kontratuak berritu, esleipenak berrikusi… Azkenik, pobrezia erauzteko plana abian jarriko dugu, eta auzoetako jarduera ekonomikoa sustatzeko neurriak hartu, Parte Zaharrean eta Lourdes auzoan batez ere.

Hizkuntza politikari dagokionez, aldaketa sumatuko al da?

Gai horretan, irmoak izan behar dugu funtsean, eta buruargiak formetan. Euskara erabiltzeko eskubidea bermatu behar dugu beti, baina errebote efektua saihestuz. Neurriak hartu behar ditugu, gaur egun normala ez dena, pixkanaka-pixkanaka, normala izan dadin.