Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra»

Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra»

Jon Ordoñez / BERRIA

Aita izan da, eta aurten festak beste modu batera bizi beharko ditu. Ez haurragatik bakarrik, baita, 36 urte izan arren, Lizarrako alkate izendatuko dutelako ere larunbatean. Irakaslea da berez Koldo Leoz (Iruñea, 1979), baina umeentzako jostailu didaktikoen denda bat ireki eta merkataria da orain.

Fortunato Agirreren ostean (EAJ), Lizarrako lehen alkate abertzalea izango zara.

Horrek baino hobeto bukatzea espero dut [Agirre 1936ko uztailaren 18an atxilotu zuten, eta irailean, Iruñean fusilatu zuten].

Alkatetza hartzeko prest zaude?

Oso. Aste honetan oso lanpetuta gaude, bilera asko, buruhauste asko eta urduritasun puntu bat ere bai, baina animatuta nago.

Lizarrak sinbolismo handia du abertzaletasunean. Karlismoaren gune nagusia da, alkatetza abertzalea izan zuen gerra aurretik, ikastola historiko bat, Lizarrako Estatutua eta Akordioa sinatu ziren hemen… Nola bizi duzu hori guztia?

Argi dago karga emozional handia duela Lizarrak, bai. Eta ez soilik zuk aipatutakoagatik, baita Udalbiltzan Lizarra egoteak izan dezakeen esanahiagatik ere. Lizarrako edozein abertzalek du hori buruan. Egia esan ardura bat da, eta gogotsu ekingo diogu. Ziur naiz abertzaletasunaren izena eta lana leku onean utziko dugula, eta jendeak hemen ikusiko duela sortu nahi duten beldurrak ez duela zentzurik.

UPN ari zen bozen aurretik ere izu mezu horiek zabaltzen. Beldurra badiezue kanpaina horiei?

Beldurra ez, baina jakin badakigu izango direla horrelakoak gure kontra. Horrekin jokatu behar dugu. Esaten dute «baskoak datoz»; baina ez da egia; gu hemen gaude betidanik, ez gatoz orain. Gauza ez da «baskoak datoz», baizik eta «erregimena badoa».

Lizarra zonalde mistoan dago. Zer pauso eman daitezke agintaldi honetan hizkuntz normalizazioari dagokionez?

Batez ere, udal ordenantzak betetzea; aurrerapausoa handia litzateke. UPNk ez du egin orain arte. Lortu zuten PSNren oniritziarekin hitz bat sartzea, «pixkanaka» ezarriko dela, eta horri esker atzeratu dute dena: ez kartelak ele biz, ezta komunikazioak ere…

Nafarroan gertatzen ari den aldaketan ekarpen berezirik egin dezake Lizarrak?

Karga emozionalaz gain, kontuan izan behar dugu oso nabaria dela Lizarran soziologikoki izan den aldaketa. Orain dela bost urte, eskuindar indarrek 4.000 boto zituzten, eta orain, ozta-ozta pasatu dira 2.000tik. Ezkerrerantz egin du Lizarrak.

Zer moduzkoak ari dira izaten egun hauek?

Jende askok geratzen nau kalean; ilusioa dago; eta lanean hasteko gogoz nago, ikusteko nola eman buelta herriari.

Eta nolakoak izan dira azken lau urte hauek?

Bildun lan handia egin dugu, baina UPN zegoen alkatetzan, eta gu baztertu egin gaitu, izango ez bagina bezala. Gogorra izan da.

UPNk eta PSNk gobernatu dute Lizarra 1991tik. Nola eragin du horrek herrian?

Herritarren zati handi bat existituko ez balitz tratatu dute. Ez bakarrik udalari dagozkion kontuetan, baita hizkuntzarekin, kulturarekin ere… Agintean zeudenek negozioak egin dituzte, beti enpresarien alde. Hamar urte pasatu ditugu hirigintza planik gabe, adibidez, eurak negozioak egiten ari zirelako. Orain arteko udalaren politika bulego itxi batean egin da, herritarrei bizkarra emanez. Horixe aldatu behar da.

Pirinioak, Sakana edo Erriberarekin alderatuta, pentsa daiteke UPNk Estellerria mimatu duela?

Ufa! Ezta gutxiago ere. Nafarroako Gobernuko kolore berbereko alkate bat izan dugu zortzi urtez, baina jasan ditugu enpresen deslokalizazioak, eta ez digute eskatutakoa ekarri: adibidez, hizkuntz eskola Iruñetik; UNED ere eskatu genuen, eta Tuterara eraman zuten… Lizarra baztertu dute. Guk beti esan diogu aurreko alkateari bera ondo sentitu dela bigarren mailako alkate izanda, lortu nahi zuelako azkenean lortu duena, Iruñera joatea parlamentuan leku bat egiteko. Horretarako isilik eta geldirik egon behar zuen.

Zergatik bozkatu dute zuen alde?

Uste dut zerrenda polita atera genuela, hainbat kolektibo, elkarte eta kirol klubetan dabilen jenderekin. Gainera, azken urteetan udalean oposizioa egin dugun bakarrak izan gara, eta jendeak hori ikusten du. Herri batean, askotan, botoa pertsonari ematen zaio, taldeari baino gehiago. Udal bozetan, Lizarran parlamenturako baino 450 boto gehiago atera ditugu, eta hori gertutasunagatik eta egindako lanagatik da.

Zure burutik pasatu da inoiz 36 urterekin Lizarra bezalako herri bateko alkate izatea?

Ez. Ni herrian hainbat egitasmo eta elkartetan ari nintzen lanean, kaleko lanean. Aurreko legealdian izan nuen zinegotzi izateko aukera ilegalizazio garaitik gentozelako, lehendik inoiz aurkeztu gabeko jendea behar zutelako.

Zertan aldatuko da Lizarra larunbatetik aurrera?

Batez ere formetan. Guk ez dugu inor baztertuko pentsaeragatik. UPNk ia 2.000 boto atera ditu Lizarran, eta ez dugu egingo eurek gurekin egin zutena; azken legealdian Bilduk ateratako 1.321 botoak baztertu zituzten. Udala irekiko dugu. Orain arte UPNk bakarrik agintzen zuen, gutxiengoan. Orain, beste alderdiekin adostu behar dugu zer politika egin, eta erakutsi kudeatzeko, ez agintzeko, beste modu bat badela.

Gobernu programa itxia duzue Orain Lizarra eta Geroa Bairekin?

Oraindik ez. Itxita dago alkatetzarako bozketan babestuko gaituztela. Orain, saiatzen ari gara gobernu programa osatzen.

Zeintzuk dira programa osatzeko lantzen ari zareten gaiak?

Batez ere gizarte gaiak. Hiru alderdiek kanpainan esan genuen gure lehentasuna dela inor ez geratzea etxerik gabe, inor ez bizitzea arazo ekonomikoekin edo inork ez jasatea bazterketarik.

Begoña Ganuzak UPNko orain arteko alkateak harro hitz egiten zuen zerbitzu sozialez.

Ganuzak zioen inork ez duela arazorik, baina ez da egia: karitatea ematen zaio beharra duenari, aurrera ateratzeko, eta ez zaio arazoaren oinarriari heltzen eta irtenbidea bilatzen. Arazo bat duenari dirua emanda esan daiteke arazorik ez dagoela? Ez ba, jendea geroz eta gehiago etortzen da udalera laguntza eske. Arazoaren muina konpondu behar da.

Ikurren inguruan asmorik bai?

Ailegatuko da eztabaida hori, eta gure artean hitz egin beharko dugu. Baina uste dut eztabaida hori parlamentuan egingo dela. Lizarran lortu behar dugu jendeak normaltasun osoz ikustea ikurrina herriko balkoian aitzina egiten zen bezala. Eta ez bakarrik ikurrina, baita beste ikur batzuk ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.