Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko

Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko

Egia aitortuko dizut: beldurrak jota nago”, esan du Jon Zirizak (Barañain, 1986), grabagailuaren argi gorria piztu den unean. Gure Esku Dago dinamikak Nafarroan duen koordinatzailea da Ziriza, eta igandeko ekitaldi handia hurbildu ahala, betebeharrak ari zaizkio pilatzen. Tartetxo bat hartu du Nafarroako Hitza-rekin solastatzeko. Bitartean, beste lau boluntario dabiltza Sarasate pasealekuko egoitzan gora eta behera, kamisetak multzoka sailkatzen, telefono deiak egiten eta azken xehetasunak lotzen.

“Data hurbildu ahala, urduritasuna areagotzen da”, azaldu du barañaindarrak, sorbaldak astinduz. Ez da gutxiagorako. Iruñeko zezen plaza betetzea eta, horrez gainera, egun osoko kultur egitarau mardula osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Iazko giza katea antolatzea baino askoz zailagoa dela uste du Zirizak: “Iazkoa ikusgarria izan zen, eta aurreikuspen guztiak gainditu genituen, baina egina dago jada. Horren kopia egiteak ez du zentzurik. Urrats kualitatiboa behar genuen, eta horixe da igande honetako ekitaldia. Iruñean, zezen plaza aukeratu genuen, eta badakigu alimaleko erronka dela hori, jendeak uste duenaren kontrara, Sadar futbol zelaiak baino ikusle gehiago har ditzakeelako. 20.000 inguru. Munduko zezen plazarik handienetakoa da”.

Baina, urduritasuna ez ezik, ilusioa ere nabari da antolatzailearen begiradan. “Iaz ere, giza katea egin baino egun batzuk lehenago, antzeko azkura genuen sabelaldean, eta begira zeinen ongi atera zen hori”, esan du Zirizak, irribarrez.

Barañaindarrak argi du antolakuntzan eta boluntarioen lanean sakontzea dela iazko arrakasta errepikatzeko modurik eraginkorrena. Gure Esku Dago dinamikak 65 batzorde ditu Nafarroako herri eta auzoetan, eta horiek guztiak koordinatzeaz arduratzen da herrialdeko talde eragile nagusia: “Herri edo auzo bakoitzean antolatutako egitasmoen jarraipena egitea; batzordeei laguntza, informazioa edota baliabideak eskaintzea; koordinazio lana egitea… Horiek guztiak dira talde eragilearen betebeharrak. Hilean behin, herrialdeko batzarra egiten dugu, eta hor jorratzen ditugu kontu horiek guztiak”.

Aezkoa, Araitz-Betelu, Izarbeibar, Tafalla, Cascante, Tutera, Leitza, Zangoza, Ultzama, Iruñerria… Nafarroa Garai osoa ehuntzeko moduko sarea sortu dute Gure Esku Dago-ko boluntarioek, baina egitura hori kudeatzea konplexua dela uste du Zirizak: “Ez da lan samurra, Nafarroa eremu zabala delako eta populazioa oso sakabanatuta dagoelako. Hala eta guztiz ere, oso pozik gaude egindako lanarekin; Erriberan, adibidez, bederatzi batzorde sortu dira, eta parte hartzea handitzen ari da etengabe. Hasieran, ohitura falta sumatu genuen Erriberako zenbait herritan, batzordeak antolatzeko garaian batez ere, baina hango boluntarioen ilusioa hain da handia, oztopo guztiak gainditzeko gai dira”.

Ilusio horren frogarik argiena da azken hilabeteetan batzordeek antolatutako ekitaldi sorta: Ehuntze egunak, hitzaldiak, aurkezpenak… “Jostunak dokumentalak arrakasta handia izan du, eta jendeari asko gustatu zaio; bestalde, Ehuntze Egunak ere oso ongi atera dira… Oro har, jende andana joan da ekitaldi horietara, eta giro ederra sortu da. Dena den, dinamika honekin ez ditugu ikusle soilak bilatzen, parte hartzaileak baizik; proiektuan sinesten duen jendea”.

Izaera integratzailea

Orain arte izandako arrakastaren arrazoi nagusia Gure Esku Dago-ren “izaera integratzailea” dela uste du Zirizak. “Gure helburuekin bat egitea oso erraza da, finean, mezua oinarri-oinarrizkoa delako. Ez gara politikaz ari, ezta demokraziaz ere —eskatzen duguna erabat demokratikoa izan arren—. Eskubide bati buruz ari gara, eta eskubide horren bermatzea herritar guztion kontua da, ez alderdi edo ideologia konkretu batena”.

Horregatik, balizko erreferendum batean ezezko botoa emanen luketen herritarrak ere bairatu nahi dituzte. “Independentziari baietz esanen lioketen pertsonez gain, ezezkoaren aldekoak ere inplikatu nahi ditugu. Izan ere, kontsulta bat egiteko garaian, zer-nolako zilegitasuna ematen dizu %30eko parte hartzeak? Muga hori gainditu nahi dugu, eta hori lortzen dugun heinean lortuko dugu zilegitasuna”.

Alde horretatik, Kataluniako eredua “oso garrantzitsua” dela gaineratu du koordinatzaileak, baina prozesu bakoitzaren ezaugarri propioak ahaztu gabe.

Azkenik, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean gobernuak eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin beharko dutela dio Zirizak. “Administrazioa beharrezkoa izanen da independentziaren gaineko kontsulta antolatzeko. Gure lana da herritarren bultzada erabiltzea, administrazioak urratsak egitera behartzeko”.