Erregimena, sarean mokoka

“Twitter ezkerreko taldeen eta erabiltzaileen esku egon da orain arte, baina egoera hori irauli behar dugu. Boluntarioak behar ditugu, gure alderdiaren ideiak eta lorpenak zabaltzeko, eta gainontzeko alderdien mezuei kontra egiteko”. Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkari ohiaren hitzak dira. Voz Populi aldizkariak iragan martxoan argitaratu zuenez, Florianok konfiantzazko militanteei igorri zien oharra, alderdiaren estrategia mediatikoa berritzeko eta konfrontazio politikoa sare sozialen eremura hedatzeko. Ordutik, askotariko profilak agertu dira Twitter eta Facebooken (anonimoak gehienak), baina eztabaida politikoa aberastu beharrean, sare sozialetako giroa gaiztotu egin da, irainen, mehatxuen eta gezurren lokatzean.

Nafarroan, aldaketa politikoaren aukera izan da troll zibernetikoen bazka. Maiatzeko hauteskundeen aurreko hilabeteetan sortu ziren profil horietako asko, UPNren argudioak eta leloak errepikatzeko eta, aldi berean, ezkerreko alderdien koalizio batek eraginen lituzkeen kalteez ohartarazteko.

Komunikazio politikoan aditua da Javier Dominguez kazetari iruindarra; haren aburuz, “eztabaida eta argumentazioa apurtzea” da troll baten jokabide ohikoena: “Leloak eta mantrak errepikatzen dituzte, eta, normalean, ez zaie komeni gehiegi argumentatzea; asko jota, sorgin gurpil baten gisara, eztabaida antzuetara bultzatzen dituzte gainontzeko erabiltzaileak”. Jarrera hori da, Dominguezen ustez, trollen ezaugarririk garbiena. “Batzuetan, txantxa baten gisara aurkezten dituzte euren mezuak, baina ez dira erabiltzaile umoristikoak edo parodikoak; jendea manipulatzea da euren helburu nagusia”.

Horren ondorioz, sare sozialetako erabiltzaileen artean mesfidantza handia sortu dela nabarmendu du kazetariak. “Duela bi edo hiru urte, egoera zeharo ezberdina zen: eztabaida gogorrak genituen sare sozialetan, baina fair play-a galdu gabe. UPNko batek eta ezker abertzaleko batek sekulako borroka dialektikoa izan zezaketen, eta handik bi egunera, kafe bat hartzeko gelditu. Orain ezinezkoa da hori, zenbait erabiltzailek egin duten distortsio lanarengatik, batez ere”.

Etsipen apur bat igartzen zaio Dominguezi. Auzitara jo behar izan zuen behin, troll batek zabaldutako irainengatik. “Ez-dakit-noren soldatapekoa nintzela zabaldu zuten Twitterren, eta nire profesionaltasuna zalantzan jarri. Lan esparruan min handia eman ziezadaketen irainak ziren horiek, eta salaketa aurkeztu nuen”. Epaileak, ordea, artxibatu egin zuen. “Justiziak beste alde batera begiratzen du, irainen jatorriaren arabera. Tristea da, baina hala da. Umore beltzeko txio bat egiten baduzu, berehala atxilotzen ahal zaituzte, baina edozeinek ETAren konplizea izatea aurpegiratzen ahal dizu lasai asko, eta hemen ez da ezer gertatzen”.

Pasadizo hark, ordea, aukera eman dio fenomenoaren inguruan ikertzeko. “Nafarroan, bi fase ezberdinetan agertu dira troll gehienak: lehenbizikoa, iazko martxoan, eta bigarrena, aurtengo urtarriletik martxora bitartean”. Bi fase horiek, gainera, gertaera politiko zehatzekin lotura zuzena dutela uste du Dominguezek: “Lehenbiziko troll eskuindarrak agertu ziren Yolanda Barcinaren kontrako zentsura mozioaren bezperan; eta azkenekoak, berriz, UPNk Garantia de Navarra izeneko kanpaina aurkeztu zuen egunetan. Horrekin ez dut esan nahi trollen sortzaileak UPNko arduradunak direnik, edo alderdiaren estrategia ofizial bat denik, baina kointzidentziak argiak dira. Nire ustea da muturreko sektore bat dela erabiltzaile hauek guztiak koordinatzen dituena”.

Izan ere, troll eskuindar guztien arteko koordinazioa da Dominguezen arreta bereganatu duen beste ezaugarrietako bat: “UPNk Navarrisimo leloa aurkeztu eta bi minutu eskasera, ustez independenteak ziren erabiltzaile asko aldi berean hasi ziren #Navarrisimo traola erabiltzen. Halako koordinazio maila ez da kasualitate hutsa”. Gainera, erabiltzaile faltsu horien hazkundea eta ugaritzea ere planifikatua egon dela uste du: “Enpresa handiek erabiltzen dituzten teknika bertsuak sumatu ditut trollen jardunean ere; besteak beste, egun batetik bestera milaka jarraitzaile lortzea edota, astebeteren buruan, antzeko itxura, estiloa eta idazkera duten dozena bat profil sortzea, mezu bera errepikatzeko”.

Hori frogatzea, ordea, ia ezinezkoa dela onartzen du kazetariak. “Marketin politikoan eta sare sozialetan aditua den jendea dago kontu horien atzean. Batzuetan, tonto plantak egiten dituzte, baina ez ditugu gutxietsi behar. Badakite euren burua ondo babesten: identitate bat asmatzen dute, euren arrasto digitala ezabatzeko softwarea erabiltzen dute… Gainera, halako profilen atzean pertsona bat baino gehiago egon daiteke, eta, halakoetan, zaila da errutinak edo idazkera identifikatzea”.

Sorgin ehiza

Askok uste zutenaren kontrara, sare sozialetako giroa ez da baretu hauteskundeen ostean. Aitzitik, okerrera egin du, eta ezkerreko hautagaien nahiz erabiltzaileen kontrako irainak eta mehatxuak ugaritu egin dira azken asteetan. “Ez nekien abertzaleen putatxoa bihurtua zinenik” edo “ETAren lagunak Iruñeko Alkatetzara iristen badira, zuek ere erantzule eginen zaituztegu” bezalako mezuak jaso dituzte zenbait txiolari nafarrek.

Eskuin muturreko trollen jazarpena pairatu duten erabiltzaileen artean daude Nekane eta Andoni —horiek ez dira euren benetako izenak, baina nahiago izan dute anonimotasuna atxiki—. Txiolari ezagunak dira biak ala biak Nafarroan, eta bakoitzak 2.000 jarraitzailetik gora dauzka Twitterren. “Profil faltsuek azken hilabeteotan izan duten bilakaerak ongi islatzen du UPNren etsipena. Hasiera batean harroxko zebiltzan, oldarkor, baina hauteskundeen ostean, gogortu egin dituzte euren erasoak, ezintasunak jota. Eskuinak pentsatzen zuen aginteari eusteko aukerak izanen zituela, baina aldaketa errealitate bat zela ikusi dutenean, irainekin eta mehatxuekin erantzun dute”, azaldu du Nekanek.

Joseba Asiron, Uxue Barkos eta Laura Perezen gisako hautagaiez gainera, txiolari ezagunenak izan dira eskuindarren jo-puntuan: “Gure kontra denetarik esaten dute, baina jazarpena ez da horretara mugatzen. Jakin badakigu guri buruzko informazioa biltzen ibili direla han-hemenka, hori gure kontra erabiltzeko. Sorgin ehiza izan da”, gaineratu du Andonik.

Besteak beste, aspaldiko mezuak kopiatzea eta arma gisa erabiltzea izan da erregimenaren aldeko erabiltzaile batzuek erabili duten taktika. Ainhoa Aznarez (Podemos Ahal Dugu) parlamentuko presidente izendatu zuten momentuan, adibidez, haren kontrako erasoak gogortu egin ziren sarean, iazko sanferminetan ateratako argazki baten kontura. BERRIArentzat idatzitako txio batean argitaratu zen argazki hori, eta, bertan, garagardoa edaten ageri zen Aznarez, edalontzia erabili gabe. Sare sozialetan jaiotako afera hark, gainera, hedabideetara egin zuen jauzi, eta El Mundo egunkariak ondoko lerroburua jarri zion argazkiari: Horrela prestatzen ditu sanferminak Nafarroako Parlamentuko presidente berriak.

Andoni erabiltzailearen irudiko, Aznarezen kontrako jazarpena “gerra zikina” izan zen, baina ez da kasu bakarra, joera baten azken adibidea baizik: “Gutako askoren mezu zerrenda osoa norbaiten ordenagailuan kopiatua egonen da seguruenik. Madrilen, [Guillermo] Zapata zinegotziari gertatu zaion bezala, gutxien espero dugun momentuan azaleratuko da gure txio zaharren bat”.

Turuta hotsen deiadarra

Nekaneren arabera, armada baten gisara ibiltzen dira trollak Nafarroan; denak batera, turuta hotsen erritmora. “Iazko Europako hauteskundeak inflexio puntua izan ziren eskuineko alderdientzat. Sare sozialak ezkerreko indarren gotorleku zirela antzeman zuten PP eta UPNko buruek, eta, ordutik, etengabe ari dira troll berriak sortzen, jendearen iritzia bairatzeko”. Twitterren izaera askea izan da, txiolari nafarraren irudiko, estrategia aldaketa horren arrazoi nagusia: “Stablishment-aren gezurrak eraisteko tresna bikaina da Twitter. Espainiako edo Nafarroako gobernuek gezur bat esan eta handik ordu gutxira, diskurtsoa desmuntatzen zien txiolari talde batek. Hemeroteka erraldoi baten rola bete dute sare sozialek, eta erregimenak ezin izan du hori onartu”.

Ironikoki, adierazpen askatasuna aldarrikatzen dute troll eskuindarrek, erasoak justifikatzeko. “Bildu-ETAren erregimen berriak ez gaitu isilduko!”, txiokatu zuen berriki profil horietako batek. “Bitxia da askatasunaren bandera astintzea, nork eta haiek, hainbat txiolari zelatatzen gaituzten horiexek!”, dio Andonik.

Eskuinaren barruan, ordea, bada estrategia horrekin bat egiten ez duenik ere. “Gure belarrietara heldu da PPko buruzagi batek errieta egin ziola alderdikide gaztetxo bati, halako txio iraingarriak zabaltzeagatik. Finean, euren teilatuaren kontra harrika ibiltzea da hori, ustez babestu nahi duten alderdiari kalte egiten diolako halako diskurtso erasokorrak. Hausnarketa egin beharko lukete, ez ote den errentagarriagoa euren produktua ongi saltzea, besteen kontra mokoka ibiltzea baino”, gaineratu du Nekanek.

Sare sozialak guda leku bihurtu izanak, gainera, beste albo kalte bat izan du: zenbait txiolariren erretiratze behartua. La Txistorra de Navarra taldeak, adibidez, Twitter kontua itxi zuen, erasoen ondorioz. Andonik eta Nekanek, ordea, argi dute: “Sare sozialak utzi? Ezta pentsatu ere. Hori da eskuinak nahiko lukeena. Eta ez diegu garaipen hori emanen”.