Esan ere aldaketa nahi dute

Edurne Elizondo / Nafarroako Hitza

Esako urtegiko hormatik behera bizi diren herritarrek buru gainetik kendu nahi dute Damoklesen ezpata. Eskuineko eta ezkerreko magalek mugitzen jarraitzen dute, eta hainbat adituk berretsi dute arriskua badela; Ebroko Ur Konfederazioak, ordea, entzungor egin die. Aurrera egin du proiektuarekin. Are gehiago, erakundeko presidente izendatu du, berriki, proiektuko zuzendari Raimundo Lafuente.

Konfederazioak Esa handitzeko obren aldeko bere apustua berretsi du Lafuenteren izendapenarekin. Espainiako Gobernuak ere asteon berretsi du proiektua segurua dela, eta bertze alternatibarik ez duela esku artean.

Maiatzaren 24ko hauteskundeen ondotik, hala ere, bertzelakoa da testuingurua, eta indar politikoen oreka berriak zer-nolako eragina izanen duen ikusteko zain dira Esa handitzeko proiektuaren aurkakoak.

“Badakigu Nafarroako Gobernuak ez duela eskumenik Esako proiektuan, baina egin dezala presioa urtegia handitzeko lanak, behingoz, bertan behera uzteko”. Horixe eskatu die Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu plataformako Iker Aramendiak aldaketaren gobernua osatzeko bidean diren taldeei. “Gure segurtasuna dago jokoan; denborak gure kontra egiten du”. Lasai bizitzeko eskubidea dutela nabarmendu du Aramendiak.

Esa handitzeko lanen lehendabiziko harria 2001ean jarri zuten. Lehenago hasi zen proiektu horren kontrako borroka Aragoiko (Espainia) Artiedan eta inguruko bertze hainbat herritan. Ez zuten lur gehiago galdu nahi uraren azpian. Segurtasunaren auziak Nafarroa ukitu zuen, batez ere, 2003. urtetik aurrera, eta horrek bertze dimentsio bat eman zion urtegiaren aurkako mugimenduari.

Segurtasunaz argi mintzatu da Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta Geologian doktore Antonio Casas: “Arrisku handiko obra da Esa. Eror daiteke edo ez; aukera bera dago gauza bat edo bertzea gertatzeko. Eror daiteke gaur, edo 200 urte barru”.

Arrazoi nahikoa litzateke hori, Casasen ustez, obrak bertan behera utzi eta Esako ura maila baxuago batera jaisteko. Baina bada bertzerik. Esa ez handitzeko alternatiben 2004ko txostena berrikusi du Casasek, Pedro Arrojorekin eta Jose Javier Graciarekin batera.

Datozen urteotan ur gutxiago izanen dela kontuan hartzeko beharra nabarmendu dute adituok. “Urtegi handiago bat egiteak ez du arazo hori konponduko; datozen 30-40 urteotan, %20 eginen du behera ibaien emariak. Hori kontuan hartuta, ureztatzeko eremua handitzeak ez du zentzurik”, azaldu du Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia katedradun eta Uraren Kultura Berria fundazioko arduradun Pedro Arrojok.

Haien proposamena mahai gainean jarri dute Casasek, Arrojok eta Graciak. Esako urtegiko ura Bardeako ubideak ateratzen du, eta ubide horretan presa txikiak egitea proposatu dute. “Kontua da presa horiek beharraren arabera egitea, mailaka. Neguko urarekin beteko lirateke, udan erabiltzeko”.

Proposamen hori eraginkorragoa eta merkeagoa litzatekeela gaineratu du Arrojok. Ekonomia izan daiteke, hain zuzen ere, proiektua bertan behera uzteko bertze heldulekuetako bat. Izan ere, Zaragozako Udalean ere (Aragoi, Espainia) aldaketa gertatu da, eta hiri horretako oraingo agintariek argi erran dute ez daudela Esako lanak ordaintzeko prest.

400 milioi baino gehiago

Urtegia handitzeko arrazoietako bat da, ustez, ura behar dela Zaragoza hornitzeko. Arrojoren, Casasen eta Graciaren txostenak zalantzan jartzen du behar hori. Eta udalak berak erran du, orain, ez dagoela kostua ordaintzeko prest. “Ura jasotzeko proiektuaren aurrekontuaren %50 baino gehiago ordaindu beharko luke Zaragozako Udalak; ez dute nahi, normala denez”, erantsi du Arrojok. Aipatzekoa da Esa handitzeko lanak hasi zirenetik, etengabe egin duela gora aurrekontuak. 113 milioi eurokoa zen, eta 400 baino gehiago gastatu dituzte jada.

Aragoiko Gobernuan ere izan da aldaketarik. Sozialistek dute agintea. “Alderdi horrek bat egin du Esako urtegia handitzeko proiektuarekin”, erran du Aramendiak. “Proiektuaren kontra diren bertze hainbat talderen babesa behar izan dute sozialistek agintea lortzeko, ordea, eta ikusteko dago egoera horrek zer eman dezakeen, proiektua gelditzeko urratsak egin ahal izateko”, erantsi du Esa + Ez plataformako kideak.

Urratsak egiteko garaia dela argi du Aramendiak. Eta baliatu behar dela oraingo aldaketa giroa Esako urtegia handitzeko lanak behin betirako bazter uzteko. Ildo horretan, Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak aurkeztu dizkio zuzenketak Ebroko Ur Konfederazioa 2015-2021 eperako prestatzen ari den Ebroko Arroko Plan Hidrologikoari. Plan horretan jasotzen da Esa handitzeko proiektua, hain zuzen ere.

Zangozakoa ez da zuzenketak egin dituen talde bakarra izan. Nafarroako bertze hainbat taldek ere agerian uzi dute Ebroko Ur Konfederazioaren egitasmoekin ez dutela bat egiten. Plana osatzeko herritarren parte hartzea urria izan dela salatu dute denek.

Ebroko Arroko Plan Hidrologikoak Nafarroako hornikuntza plan zuzentzailea jaso du, eta azken horrek, udalez gaindiko sektore plan baten bidez, aipatzen du Montejurrako Mankomunitateak Mendazatik ur gehiago hartzeko aukera. Ur azpiko urei eragiten die proiektuak. Ega Bizirik taldeak salatu du Mendazako putzutik hamar hektometro kubo hartu nahi dituztela, urtean. Egun hiru hartzen dituzte. “Hori eginez gero, jada larria den egoera are larriago bilaka daiteke; ekar dezake Egako emaria nabarmen murriztea, Antzin herritik beheiti”.

Ura kudeatzeko modua jarri dute zalantzan plan hidrologikoari zuzenketak egin dizkioten taldeek, funtsean. Bere zuzenketak egin ditu Uraren Kultura Berria fundazioak, eta ureztatze sistema tradizionalen aldeko hainbat plataformak ere mahai gainean jarri dituzte haienak.

Lerinen, adibidez, ezezko biribila eman diote Nafarroako ubideari. Herri kontsulta egin, eta ezezkoak irabazi zuen, iaz. Plan hidrologikoak, ordea, berriz ere mahai gainean jarri du Leringo ureztatze sistema berritzeko proiektua. Egitasmo horrek uraren erabilera pribatizatu bertzerik ez duela egin nahi salatu dute Leringo plataformako kideek. Ezezkoa berretsi dute.