Aldaketaren beste aurpegiak

Aldaketaren beste aurpegiak

Uxue Barkos, Manu Aierdi, Mari Jose Beaumont, Jose Luis Mendoza, Isabel Elizalde, Mikel Aranburu, Miguel Laparra, Ana Herrera… Aldaketaren gobernua osatuko duten kontseilarien aurpegiak eta izen-deiturak nonahi azaldu dira egunotan. Benetako aldaketa, ordea, askoz zabalagoa da, eta hura osatzen duten izenen zerrend luzea ez dute berripaperen lerroburuek kabitzen.

Alderdien arteko koalizio hutsaz harago, aldaketa karrikan hezurmamitu baita azken hamarkadetan. Itolarriak eta etsipenak jota, pankarta baten atzean oihu egin duten guztiek sortu dute. Horiek guztiek osatzen dute benetako aldaketa.

1979. urtetik iragan asteazkenera arte, status quo-aren aldeko indarrek gobernatu dute herrialdea; UCDk, PSNk eta UPNk, alegia, eta urte hauetan guztietan, etengabeak izan dira protestak eta aldarrikapenak. Azken bi legealdiak, ordea, bereziki polemikoak izan dira: murrizketak, Nafarroako Kutxaren desagerpena, euskararen kontrako jazarpena, zerbitzu publikoen pribatizazioa… Protestak pilatu egin zaizkio UPNri eta PSNri, eta ohiko makineria propagandistiko osoa martxan jarri arren, ezin izan diote haserrearen uholdeari eutsi.

Polemikak, gainera, departamentu guztiak zipriztindu ditu neurri batean zein bestean. Hezkuntzari dagokionez, adibidez, hiru ardatz izan ditu UPNren gobernuaren jardunak: Madrilekiko menpekotasuna, euskarazko hezkuntza ereduen kontrako jazarpena eta ikastetxe pribatu eta erlijiosoen aldeko tratua. Horren guztiaren ondorioz, hamaika manifestazio antolatu ditu sektoreak azken urteetan: Euskararen Legearen, hezkuntza publikoak pairatutako murrizketen edota LOMCE lege erreformaren kontra.

Euskarazko hedabideek, euskaltegiek, ikastolek eta eremu ez-euskalduneko gurasoek ere behin baino gehiagotan atera behar izan dute kalera, laguntza eske. Kontseiluak 2010ean Iruñean antolatutako manifestazioa edota iragan apirilean Anaitasuna kiroldegian eginiko ekitaldia dira horren adibiderik garbienak.

Osasungintzan diharduten taldeek, mugimendu feministek eta bestelako eragile sozialek ere bat egin dute karrikan, urte hauetan guztietan abortua galarazi duen gobernu eskuindarraren kontra. Horiek guztiek ere itxaropentsu begiratzen diote zabaldu berri den aro berriari. “Adi” egonen dira, ordea, aldaketa errotikoa dela zaintzeko.


lag_txiki

ANGEL LAG, PAH Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kidea:

«Bankuen alde lan egin du UPNren gobernuak»

 

Urte gutxiren buruan, asko irakurri behar izan du Angel Lag berriozartarrak (Gasteiz, 1953) banku sistemaz, zuzenbideaz eta hipoteka maileguez. Denborarekin, “letra txikia irakurtzen” ikasi duela atortu du Nafarroako PAH Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kideak.

Etxe kaleratzeen kontrako mugimendua oso indartsua da Nafarroan. Nola hasi zen dena?

PAH izeneko plataformak Bartzelonan sortu ziren 2009. urtean, baina 2011ko udazkenera arte ez ziren Nafarroan ezarri. M-15 mugimenduaren gerizpean sortutako plataformak dira, hipoteka kredituek eragindako arazoak konpontzeko tresnak. Gaur egun, hamar bat izanen dira Nafarroa osoan.

Gogoratzen al duzu hunkitu zaituen kasurik?

Bai. Berriozarko PAHren lehen auzia izan zen. Juan eta Julia [abizenik ez dute eman nahi] bizilagunak etxebizitza galtzeko zorian izan ziren. Etorkinak zirela baliatuta, abusuzko klausulak ezarri zizkien Union de Credito Hipotecario kreditu enpresak. Hasiera batean, ez zuten kuota ordaintzeko arazorik eduki, baina Juan langabezian gelditu ostean, bankuak uko egin zion kreditua berriz negoziatzeari, eta kaleratze agindua eman zuen. Drama bat izan zen hori. Zorionez, etxe kaleratzea gelditzea lortu genuen azken unean, herritarren mobilizazioari esker. Une gogorrak izan ziren.

Zein izan da UPNren jarrera, etxe kaleratzeen arazoaren aurrean?

Bi aurpegi izan ditu. Alde batetik, Nafarroako Legebiltzarrean, ez dute arazorik izan gurekin batzartzeko, gure proposamenak entzuteko eta eztabaidatzeko. Nafarroako Gobernuan, berriz, ez dute agertu arazoa konpontzeko borondaterik agertu, eta luzamendutan ibili dira.

Haize kontra ibili behar izan duzue, beraz…

Bai, aurrean gobernu kontserbadore eta eskuindar bat egoteak egoera zaildu du. Gure arerioa ez baita bankuak ordezkatzen duen sistema ekonomikoa soilik. Botere politiko osoa ere kontra izan dugu. Adreiluaren sektorearen burbuila ahalbidetu duen klase politikoa da, finean, Nafarroan agintean egon dena. Eta pertsonen eta bankuen artean aukeratu behar izan dutenean, bankuen alde egin dute beti.

Beste alderdi bat agintean izan balitz, egoera bestelakoa litzateke?

Agian bai, baina argi utzi nahi dugu PAH ez dela alderdi baten ala bestearen aldekoa. Arazoa ez da ideologikoa, borondate kontua da. Askotariko jendea hurbiltzen zaigu laguntza eske, eta guk ahal dugun neurrian laguntzen saiatzen gara.

Orain, ordea, zuen eskaerekin bat egiten duten alderdiak daude Nafarroako Gobernuan. Aldea nabarituko duzue…

Bai, egia da hori. PAH Konpromisoa izeneko agiria helarazi genien alderdi politiko guztiei, eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Duguk bat egin zuten horrekin. Gobernuaren akordio programatikoan, gainera, plataformaren eskakizun gehienak jaso dituzte, eta oso pozik gaude. Besteak beste, etxebizitza kooperatibak sustatzeko konpromisoa hartu dute; alokairu soziala lehenetsiko dute; babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko baremoa aldatuko dute; finantza entitateen bezeroentzako aholkularitza bulegoa sortuko dute… Itxaropena pizteko modukoa da, bai.


pnga_erakutsi

PATRICIA RUIZ, Nafarroako Osasun Plataformako kidea eta Munduko Medikuak erakundeko arduraduna Nafarroan

«Pribatizazioak ez du etenik izan ospitaleetan»

 

Nafarroako osasungintzaren esparrua goitik behera ezagutzen du Patricia Ruizek (Iruñea, 1970). Alde batetik, Munduko Medikuak GKEaren arduraduna da; bestetik, Nafarroako Osasun Plataformako kidea.

Noiz hasi zineten Osasun Departamentuaren murrizketak salatzen?

Lehen murrizketak gobernuz kanpoko erakundeen egitasmoetan egin zituen gobernuak, 2010. urtean: droga menpekotasuna dutenekiko arreta, GIB-positibodun eta hiesdunentzako zerbitzuak, mutilazio genitalaren kontrako prebentzio kanpainak, prostitutei nahiz gutxiengo etnikoei zuzendutako osasun programak… Hau da, beharrik handiena zutenek pairatu zituzten lehen murrizketa horiek. Egitasmo horien aurrekontuen %15-20 inguruko beherapena, urtean.

Eragile sozialez gain, ordea, osasun zerbitzu publikoa bera ere polemika iturri izan da…

Bai, eskubiderik oinarrizkoenak ere murriztu dizkigute, ez soilik Nafarroan, baita Espainian ere. 16/2012 erret dekretuak osasun zerbitzuen ordainketa partekatua ezarri zuen eta paperik gabekoei, adibidez, osasun arreta oro ukatzen zien. Milaka pertsonari kalte egin zien arau horrek.

Nafarroan, ordea, lege propioa onartu zuen Legebiltzarrak, ezta?

Bai, Nafarroako Osasun Plataformaren eta beste eragile batzuen presioari eta mobilizazioari esker, oinarrizko osasun arreta bermatuko zuen legea adostu zuten oposizioko talde parlamentarioek. Hala ere, prozesu horrek efektu atzera-eragilea izan zuen hainbat pertsonengan, ziurgabetasun handia baitzegoen. Jendeak ez zekien legea indarrean zen ala ez, Espainiako ala Nafarroako araua aplikatuko zitzaion, zerbitzuarengatik ordaindu beharko zuen… Etorkin askok nahiago izan dute etxean gelditu, informaziorik ezarengatik.

Unean uneko kasuak izan dira horiek, ala arazoa orokortua dago?

Gaur egun, jite horretako salaketa gutxi jasotzen ditugu, baina 2013an oso ohikoak ziren egoera horiek: arreta eskaeren ukatzea, larrialdi zerbitzuengatik kobratu nahi izatea… Gaur egun, oraindik, asko dira sendagaiak hartzeari uko egiten dioten gaixo kronikoak, gastuei aurre egin ezinik.

Pribatizazioena izan da salatu duzuen beste auzi nagusia…

Bai. Osasunaren pribatizazio prozesu bortitza abiatu du Nafarroako Gobernuak ospitaletan. Mediterranea de Catering-ena izan zen kasurik argiena, baina beste asko daude: garbiketa zerbitzua, laborategiak, Opusen klinikari bideratzen zaizkion kasuak… Ez da kointzidentzia hutsa; zerbitzu publikoak pribatizatzeko apustu garbia egin du UPNren gobernuak. Enpresek mozkin ederrak lortu dituzte horri esker, baina Nafarroako osasunaren kalitateak behera egin du nabarmen.

Esperantza duzue gobernu berrian?

Itun programatikoan espresuki aipatzen da osasun publikoaren aldeko apustua, eta horrek pozten gaitu. Baina erne ibiliko gara, ituna betetzen dela zaintzeko.


 

yecoratxiki

KEPA YECORA, Steilas sindikatuko kidea:

«Ikastetxe pribatuen ituna blindatu egin du Iribasek»

 

LOMCE legearen aplikazioa, euskarazko testu liburuen kontrako gurutzada, hezkuntza pribatu eta erlijiosoaren aldeko apustua… Gobernuaren eta hezkuntza komunitatearen arteko harremana iskanbilatsua izan da UPN agintera igo zenetik. Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendari eta Steilas sindikatuko kidea da Kepa Yecora (Iruñea, 1964).

Nola definituko zenuke UPNren agintaldia?

Hezkuntza politikari dagokionez, oso-oso atzerakoia. Madrildik etorri zaizkion arau guztiak onartu ditu txintik ere esan gabe, eta, horrez gainera, pribatuaren mesedetan aritu da lanean. Horren ondorioz, hezkuntza publikoak garrantzia galdu du erabat; eta finantzaketan, adibidez, %20ko beherakada sufritu du sektoreak. Bestalde, euskararen kontrako gerra ere etengabea izan da. Yolanda Barcinak berak aitortu zuen ingelesezko PAI eredua asmatu zutela, euskarazko hezkuntzaren hazkundea geldiarazteko.

Ikastetxe pribatuak eta katolikoak izan dira, beraz, politika horren onuradunak…

Beren interesen mesedetan soilik egin dute lan gobernuko kargudunek. Adibidez, ikasleak generoaren arabera bereizten dituzten ikastetxeen finantzaketa bermatzea izan da UPNren helburu nagusietako bat, bai Madrilgo Kongresuan eta baita Nafarroan ere. Aldaketa politikoa gertu zegoela ikusita, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak ezohiko deialdia egin zuen hauteskundeen aurretik, ikastetxe pribatuen itunak berritzeko. Sei urterako blindatu zituen, gainera, gobernu berriak atzera egiteko aukerarik izan ez dezan. Diru hori nola gastatzen den zaindu eta kontrolatu besterik ezinen du egin Uxue Barkosen gobernuak.

Halako jarrerak ohikoak izan al dira legealdi hauetan?

Bai. Kontuan izan behar dugu, dena den, Iribas jauna sekta bateko kidea dela, eta horren arabera egin duela lan: Opus Deiren alde egin du behin eta berriro, susmopean jarri ditu D ereduko irakasleak, eta gure hizkuntza gutxietsi egin du etengabe. Horrez gainera, alderaketa arriskutsu bat egin du, euskara eta ingelesa aurrez aurre ipinita, bata bestearen kontra baleude bezala. Bi hizkuntzak uztargarriak direla argi utzi behar dugu behingoz, ikasle osoak nahi baditugu.

Politika horrek zer-nolako eragina izan du zuen eguneroko jardunean?

Horniduretan, adibidez. Joan berri den gobernuak ikastetxe handiak lehenetsi ditu, eta nahiko egoera larrian utzi ditu beste asko. Espazio arazo handiak sortu dira hainbat zentrotan, ratioak handitu dira, eta horrek eragin zuzena izan du hezkuntzaren kalitatean.

Zer aldatuko da hemendik aurrera?

Departamentuaren eta hezkuntza eragileen arteko harremanak hobetuko direla uste dut. Mahai berean eseri behar dugu eragile guztiok, eta hitz egin. Zubiak berreraiki. Kontseilariaren atea zabalik egon dadila horretarako.


pnga_erakutsi-7

PELLO ARGIÑARENA, Euskalerria Irratiko esataria:

«Hasiak dira leihoak zabaltzen, hasiak gara aldaketa nabaritzen»

Ia hiru hamarkada daramatza Euskalerria irratiak bazterkeria instituzionala pairatzen. 27 urte lanean. 27 urte lizentziarik gabe. Gobernu berriak egoera iraul dezakeela uste du Pello Argiñarena esatariak (Iruñea, 1966).

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Hasieratik beretik, bagenekien UPN gobernuan zen bitartean ez zigutela urik ere emanen. Eta halaxe izan da, 27 urte eman baititugu lizentziarik gabe. 1995ean, PSN-EA-CDNren hiruko gobernuak hartu zuen agintea, baina urtebete iraun zuen, eta tarte txiki horretan ez genuen eragina sumatzeko aukerarik ere izan.

Lizentzia eskuratzeko lehiaketa irabazi zenuten, ordea…

Bi lehiaketa egin dira, eta bietan ala bietan, eskura zituen trikimailu guztiak erabili ditu UPNren gobernuak, Euskalerria irratia bazterrean uzteko. Lehiaketaren fase teknikoan gainontzeko lehiakideei aurrea hartuta ere, bigarren fasean eskua sartzen zuten arduradun politikoek, eta hortxe jasotzen genuen lizentziaren ukatzea.

Hainbeste urtez diskriminazioa jasatea ez da lan makala. Nola daramazue?

Irratia egitea da gure lana, eta horixe egin dugu beti, modu profesionalean eta duinean.

Nola bermatzen da lan duin hori?

Langileon eta kolaboratzaileen ahaleginari esker. Izan ere, gure kolaboratzaileen sarea zabala da, eta horri esker egin dugu aurrera. Baina beti ibili gara kolokan, itsasoaren erdian, taula baten gainean bagina bezala. Izan ere, espero ez genuenean, zaplazteko bat jasotzen genuen gobernutik edo epaitegietatik. Irautea izan da, finean, urte hauetan guztietan egin duguna. Hala ere, irratira sartzen garen unetik argi izan behar dugu hori guztia. Gure egunerokoaren osagai nagusietako bat da. Hala ere, proiektuarekin bat egiten dugu langile guztiok, identifikazioa erabatekoa da, eta gainbalio hori ere badauka etxe honek. Gainera, komunikazioaren esparruan nagusi den krisia eta beste enpresa batzuetan langileek pairatzen duten egoera ikusita, uste dut duintasunaren langatik gora egiten dugula lan.

Duintasuna bai. Lizentziarik, ordea, ez.

Eta ez da soilik lizentzia, baimen horri lotuta baitaude diru laguntza publikoak, publizitate instituzionala, kanpainak… Beste irrati guztiek produktu homologagarria egin dezakete horiei esker, baina guk, oraingoz, ez. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, hasia da leiho hori ere zabaltzen: sanferminen aurretik, sexu erasoen kontrako kanpaina egin zuen Iruñeko Udalak hedabide guztietan, eta, estreinakoz, gu ere barruan sartu gintuzten. 958 euroren publizitate kontratua egin ziguten, iragarki horiek irratian emititzeko. Sekulako albistea izan zen hori guretzat, eta ez soilik diruarengatik. Diru hori oso ongi datorkigu, noski, oxigenoa baita irratiarentzat; baina are gehiago pozten gaitu jarrera aldaketak. Normaltasunez, besteen baldintza berberetan lan egin dezakegula jakitea eta instituzioek gure profesionaltasuna onartzea da inportanteena.

Aldaketa politikoa gauzatu da. Baduzue esperantzarik?

Bai. Argi dugu irabaziko dugula, eta egoera politiko berriari esker bidea apur bat errazagoa izanen dela. Hala ere, zilegitasuna bagenuen lehendik ere. Gizarteak eman zigun lizentzia. Eta herritarren sostengua ezinbestekoa izan da urte hauetan guztietan, baina onarpen ofiziala falta dugu. Eta horren esperoan gaude.


pnga_erakutsi-6

 

ELENA LAKABE, Abortuaren Aldeko Plataformako bozeramailea

«Abortuaren auzian, harresi baten gisakoa izan da UPN»

Emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak aldarrikatzen urte anitz daramatza Elena Lakabek (Iruñea, 1974). Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Plataforman dihardu, baina afera harago doala azaldu du. “Erabakitzeko eskubidea dago jomugan; bakoitzak libre izan behar du sexualitatea nahi duen moduan bizitzeko”. Onartu du UPNk ez diela inoiz jaramonik egin.

Traba anitz topatu dituzue UPNren agintaldian?

Harresi baten gisakoa da, emakumeen eskubideen aurka. UPNk ez digu inoiz arretarik jarri. Zenbaitetan, ezkerreko alderdiek gonbidatuta, parlamentuan egin ditugu agerraldiak. Sektore feminista honetatik emakume batzuen sexu eta ugalketa eskubideak soilik ez, guztionak berma daitezen aldarrikatzen dugu. Baina UPNk nahi duena egin du.

Oztopoak oztopo, lorpenik izan duzue?

Abortatzeko eskubideari dagokionez, mugimendu feminista urte luzez borrokatu da horren alde. Ez dugu lortu kode penaletik kentzea, edota osasun publikoan txertatzea. Baina erdietsi dugu lege bat geldiaraztea, eta emakumeen eta mugimendu sozialaren zati handi bat mobilizatzea. Areago, presio sozialagatik ministro batek dimititzea lortu dugu. Hori mugimendu feministak eginiko presioari esker gertatu da. Izan ere, ez dugu soilik lan egin Gallardon ministro ohiak errandakoaren inguruan. Egindako kanpainak borrokara batu ditu emakume asko, eta mugimendua berpiztu dute. Kalean egin ditugun ekimen guztiekin, manifestazioekin, emakumeon eskubideen egoeraren azalpenekin… Horrekin guztiarekin asko lortu dugu.

Gobernu berriarekin aldaketak izanen direla uste duzu?

Mugimendu sozialaren gehiengoa bezala, gu gogoz gaude gobernu berriak aldaketak egin ditzan. Itxaropentsu gaude. Akordio programatikoak, esaterako, abortua osasun publikoan egiteko aukera biltzen du. Ikusi beharko dugu zein norabide hartzen duen gobernuak. Izan ere, asko dago egiteko prebentzioari eta hezkuntzari dagokionez. Nola gutxitu nahi gabeko abortuen kopurua? Kanpaina indartsuak antolatuz eta heziketan apustua eginez. Oso beharrezkoak dira. Egun, lege bat dago onartuta, baina ezerezean dago. Legeak egitea erraza da, baina ez badituzte baliabideez hornitzen garatzeko eta gizartean egikaritzeko, ez dute ezertarako balio.

Aldaketa izan arren, zuen bide orriari jarraituko diozue?

Gu aldaketaren parte gara mugimendu sozialetik. Funtzionatzeko era bat dugu, eta helburu jakin batzuk ditugu. Guk jarraituko dugu salatzen abortua zigor kodean dagoela, nahiz eta osasun publikoan txertatu. Instituzio publikoetatik gurekiko jarrera aldaketa espero dugu, gehiago entzun gaitzaten, alegia. Finean, hobeto egin dezaten, egoera okerrago kudeatzea ezinezkoa baita. Plataformak lanean jarraituko du orain arte bezala, guk lan egiten dugun esparruetan, mugimendu sozialetik. Eta kalean, hori baita lanerako eta aldarrikapenerako dugun esparru nagusia.