Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan

Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan

UPNk ezarritako estilotik ahalik eta gehien aldendu. Agintea hartu zutenetik, hori izan da Iruñeko udal gobernu taldeko kideen helburu nagusietako bat. Eta sail arduradun berrien izendapenek argi islatu dute asmo hori. Izan ere, profil sozial nabarmeneko hautagaiak lehenetsi ditu udalak Gizarte Ongizate eta Hiritar Segurtasun sailetarako.

Marisol de la Nava Martin ekintzaile soziala izanen da Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate saileko zuzendari berria, abuztuaren 4tik aitzinera.

De la Nava Gizarte Lanetan diplomatu zen Salamancako Unibertsitatean (Espainia), eta, 1998. urtetik gaurdaino, Iruñeko Udaleko gizarte langilea izan da hamaika programa eta auzo unitatetan. Gizarte zerbitzuetako kide zela, Harrera eta Aholkularitza Sozialerako Egitasmoa ondu zuen, eta programaren arduradunetako bat izan zen 2006tik 2008ra.

Gizarte Lanetako ikasleen tutore ere izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1998-1999ko eta 2009-2010eko ikasturteen artean; prestakuntza handia du genero indarkeria, etxerik gabeko pertsonekiko arreta edota bazterketa sozialaren gisako alorretan.

2012az geroztik, gainera, Nafarroako Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kidea da, eta eskubide sozialen aldeko Martes al Sol mugimenduan ere parte hartzen du.

2012an UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuak sortutako Gizarteratze Errentaren kontra gehien mintzatu den ekintzaileetako bat da De la Nava, arau horrek, beharrik handienak dituzten pertsonak gizarteratu ordez, are gehiago baztertzen dituela uste baitu: “Familia ugari erabateko miseria gorrian bizi dira”, azaldu zuen martxoan Nafarroako Hitza-k eginiko elkarrizketan. “Seme-alabak dituzten emakumeak dira gehienetan, eta sekulako dramak ikusten dira. 800 euroko errenta kobratzen dute, eta, diru horrekin, alokairua, eskolako jantokia, ur beroa, bizilagunen komunitatea eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu behar dituzte. Askotan, andre horiek hautua egin behar izaten dute: jan, edo argindarra pagatu”.

Santamariaren ondorena

Simon Santamaria udaltzainburuak utzitako arrakala sakonak ixtea eta UPNren agintearen ondorioz piztutako sua itzaltzea izanen da, berriz, Xabier Ibañez Sagardoiren egitekoa abuztutik aurrera. Hura izanen da Iruñeko Udaleko Hiritar Segurtasun saileko zuzendari berria.

Orain arte sail hori kontrolatu dutenek ez bezala, Ibañez Sagardoik goitik behera ezagutzen du herritarrengandik gertu dagoen polizia batek bete beharreko funtzioa, eskarmentu handia baitu alor horretan, hala Barañaingo, Zizur Nagusiko eta Noaingo udal polizia gisa, nola foruzain lanetan.

Graduatu Sozialeko diploma eskuratu zuen NUPen, eta Lanbide Zientzietako lizentzia, berriz, Errioxako Unibertsitate Publikoan. 1995az geroztik, foruzaina da.

Foruzaingoaren barruan, hainbat azpisailetan ibilia da Ibañez Sagardoi, trafikoarekin eta herritarrekiko tratuarekin lotura duten taldeetan, batez ere. 2006tik, Prebentzio eta Herritar Arreta dibisioan egon da lanean, eta, azken sei urteotan, sail horretako inspektore burua izan da. Nafarroako Segurtasun Eskolan irakasle lanetan ibili da, eta hainbat domina jaso ditu.