Lizentzia bat, hamaika istorio

Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza

Azaroa zen. 1987ko azaroa. Hilabete eskas batzuk lehenago, Gabriel Urralburu Nafarroako presidentetzara heldu zen, hauteskundeak irabazita; TMEO aldizkari satirikoa argitaratzen hasi ziren Iruñean; eta zinema aretoetan Wody Allenen Radio Days estreinatu zuten. 1987ko azaroa zen, eta irrati txiki batek lehen emisioak egin zituen Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi dorretik. Zuzenean eta euskara hutsean. Euskalerria Irratia izena eman zioten proiektuari. Ordutik —eta Allenen filmean bezalaxe—, irratia ez da hedabide hutsa izan. Ehunka lagunen bizitzak lotu ditu, irratiarekiko grina eta euskarazko informazioa ardatz hartuta.

Hala ere, ia hiru hamarkada behar izan dira irrati txiki horren egoera administratiboa legeztatzeko eta herritarrek aspaldi emandako baimena ofizial bihurtzeko. Nafarroako Gobernuak 2015eko abuztuaren 28an eman zion emititzeko lizentzia, eta, horrekin batera, hasiera eman zion fase berri bati. Oro har, 28 urte eman ditu Euskalerria Irratiak legetik at. 10.156 egun.

Baimen ofizialak irratiko arduradunei aukera emanen die, beste hedabide guztien antzera, diru laguntzen deialdietara aurkeztu, publizitate instituzionala kontratatu eta, oro har, langileen lan baldintzak hobetzeko. Ez dirudi, ordea, irratiaren nortasuna galduko denik. Izan ere, irratiko langile, bazkide eta lagunek nabarmendu dute hiru hamarkada hauetan lantaldea bainoago “komunitatea” edo “familia” osatu dutela.

Ehunka dira, izan, urte hauetan guztietan Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aurretik igaro diren pertsonak. Kazetariak, musikariak, teknikariak… Baina baita abokatuak, arkitektoak, medikuak, laborariak edota etxeko langileak ere. Kolaboratzaileen sare itzela sortu du euskarazko hedabideak, musu truk; lizentziarik eza esfortzuarekin eta bizipozarekin ordezkatu duten boluntarioak dira guztiak ala guztiak. Emititzeko baimen ofizialik ezean, irratiari benetako zilegitasuna eman diotenak.

Zerrenda amaigabe horretatik, seirekin hitz egin du Nafarroako Hitza-k, uhinetako komunitatea osatzen dutenen testigantzak ere ezagutzeko.


 

MIKEL TABERNA

Idazlea

“Irratia sortu zenetik, sentitu dut ez nintzela arrotza ziutate honetan”

Memoria ariketa egin du Mikel Taberna idazleak, baina ez du gogoan noiz hasi zen, zehazki, Euskalerria Irratiko kolaboratzaile gisa. Badaki irratiaren sorreratik beretik ibili dela proiektuaren inguruan, eta estreinako emanaldira ere gonbidatu zutela, egitasmo jaio berriaren inguruan iritzia eman zezan.

Tabernak uste du urte horietako egoera, egungoarekin alderatuta, okerragoa zela. “Zaila da imajinatzen nola geunden Iruñerrian 1988an euskaraz bizi nahi genuenok. Euskaldunok ofizialki ez ginen existitzen. Elkarren berri izateko apenas genuen baliabiderik, tresnarik, antolamendurik”. Eta horixe ekarri zien irratiak: “Iruñerriko euskaldungoa harremanetan jarriko zuen zerbait, euskaldunoi informazioa euskaraz emanen ziguna, bai, baina, batez ere, hemengo euskaldun batek egiten edo pentsatzen zuena zabaltzeko eta gainerako lagunekin partekatzeko manera bat”.

Entzule eta kolaboratzaile askok nabarmendu duten ezaugarria da hori. Komunitate baten parte direla sentiarazi die irratiak. “Topikoa bada ere, irratia sortu zenetik, sentitu dut banuela lagun bat, banituela kide batzuk ziutate honetan, ez nintzela hain arrotza, ni bezalako bertze batzuk bazirela, euskara maite eta euskaraz bizi nahi zutenak”.

Tabernaren irudiko, lantaldeak “arrunt ongi” eraman du emisoa urte hauetan guztietan eta kalitate handiko saioak egin dituzte, “behar baino baliabide gutiagorekin”.

Egoera berrian proiektua zabaltzeari eta sendotzeari ekin beharko lioketela dio. “Garai berri baten hasieran gaude, eta txoraturik kontent, irratiak amore eman gabe hainbertze urtez eutsi diolakoz eta gaindiezina iduri zuen injustizia gainditu delakoz. Baina, ospakizunarekin batera, pentsatu beharko dugu ezin garela patxada lasaian gelditu eta denok jakin beharko dugula nola jokatu hedabideen garai aldakor honetan, iraultza teknologikoaren aroan, euskarazko produktu on bat (oraingoa bezain ona edo hobea) egiten segitzeko”.

Tabernak ez du uste, baina, Nafarroako Gobernuaren lizentziak irratiaren izaera aldatu edota bazkideek orain arte agertutako atxikimendua ahulduko duenik: “Gure etxekoak irratiko elkarteko bazkide gara ez dakit noiztik, hasieratik segur aski, eta halaxe izaten segituko dugu, baita lizentzia lortu ondotik ere, horrek ez duelakoz bermatzen berez iraupena eta proiektuaren parte izaten jarraitu nahi dugulakoz”.


 

KORO LOPEZ DE SABANDO

Euskaltzalea

“Lizentziarena entzutean, Eugenio eta Ibon etorri zitzaizkidan gogora”

Nafarroan, euskarak lagunik badu, Koro Lopez de Sabando da handienetako bat. Etxarri Aranatzen sortua, Lizarrako ikastolaren sorreran parte hartu zuen 24 urterekin, eta, handik zenbait urtera, Iruñera mugitu zen, senarra eta semeekin batera. Orduantxe izan zuen Euskalerria Irratiaren berri, Andres Iñigori esker. “Hizkuntza eskolan, ingelesa ikasten hasi nintzen, eta bera zen zuzendaria; esan zidan bazela irrati euskaldun bat martxan jartzeko proiektua, eta buru belarri murgildu nintzen zeregin horretan”.

Ordutik, askotariko zereginak izan ditu irratian, proiektua bizirik mantentzea baitzen lehentasuna. “Goiatxo Elizagarai lagunak eta biok geure burua eskaini genuen, edozertarako: bulegoa garbitzeko, kartelak paratzeko, bazkariak antolatzeko… Piszinara jauzi egin genuen, urik ote zegoen begiratu gabe. Eta merezi izan zuen. Bazkideak izan gara lehen egunetik, eta aurrerantzean ere izango gara”.

Irratiarekiko konpromiso horrexegatik, berebiziko poza hartu zuen lizentzia eman zietela jakin zuenean. “Irratia piztuta izaten dut beti, eta, une horretantxe, Euskadi Irratiko albistegia ematen ari ziren. Eli Eraso ari zen albiste bat ematen, eta, bat-batean, moztu, eta lizentziarena esan zuen. Hori bai poza! Telefonoa hartu, eta irratira hots egin nuen, langileak zoriontzeko”. Lopez de Sabandoren ustez, baina, albisteak badu puntu garratz bat: Eugenio Arraiza eta Ibon Gaztanbide irratiko kideek ezinen dutela garaipena ospatu, berriki zendu baitira biak ala biak. “Lizentziarena entzutean, Eugenio eta Ibonekin gogoratu nintzen. Haiek ere izugarrizko poza hartuko zuketen, eta pena da une hau gurekin batera bizi ez izana”.


 

JOSETXO AZKONA

Idazlea

“Irrati txiki batean ibiliak garenok badakigu zer den musu truk lan egitea”

Tabernak eta Lopez de Sabandok bezalaxe, Josetxo Azkonak ere harreman estua izan du Euskalerria Irratiarekin hasieratik beretik. “Data zehatzek dantzan egiten didate, baina gogoan dut Larraona ikastetxean egin zela proiektuaren aurkezpen publikoa, eta han nengoen ni ere. Hor entzun nuen, lehenbizikoz, irratiaren filosofia eta helburuak zeintzuk izanen ziren. Gerora, lantalde bat sortu zen programazioa zehazten hasteko, eta horretan ere parte hartu nuen”.

Azkonak bazuen eskarmentua irratigintzaren esparruan —Radio Paraiso katean ibilia zen—, eta Euskalerria Irratiaren lehen saio horietan parte hartu zuen, kolaboratzaile gisa. “Erronka jarri nion neure buruari, urtero-urtero kolaborazio bat egiteko, eta, orain arte, ez dut hutsik egin”. Askotariko gaiak jorratu ditu urte hauetan guztietan, denboraldi bakoitzean aldatzen baitu bere tartearen formatua: “Literatura jorratu dut, iritzia… Denboraldi batean, taxilariaren papera egiten nuen, eta nire taxira igotzen ziren pertsonaiak asmatzen nituen”. Batzuetan kolaborazio horiek lan handia eman izan diotela aitortzen du Azkonak, baina gustura egiten ditu. “Irrati txiki batean ibiliak garenok badakigu zer den musu truk lan egitea. Irrati piratetan, ordaindu ere egiten genuen gure saioa egin ahal izateko! Niretzat, irratian kolaboratzeko konpromisoa hartzea gauza serioa da; kontratu baten antzekoa”.


 

JON ZELESTINO

Musikaria

“Produktu itzela egiten dute, irrati handiago askorena baino hobea”

Euskalerria Irratia emititzen hasi zenean, egungo kolaboratzaile asko ez ziren jaioak oraindik. Jon Zelestino bost urteko mutikoa zen Irrintzi dorreko lehen emisioak Iruñerriko irrati-aparatuetara iritsi zirenean. “Euskalerria Irratiari lotutako lehen oroitzapena eskola garaikoa da. Hegoalde ikastolako OHOko 4. mailan nengoen, eta gure ikasgela osoak Xingulu Mangulu haurrentzako saioan parte hartu zuen”. Irratiarekiko zaletasuna, ordea, geroago piztu zitzaion. “Institutuko ikasleak tertulia batera eraman gintuzten, eta gogoan dut Ibon [Gaztanbide] teknikariarekin musikaz hizketan hasi nintzela”.

Duela hamar bat urte hasi zen kolaboratzaile lanetan, 60ko eta 70eko hamarkadetako musika beltzari buruzko tarte bat egiten, eta musika saio propioa aurkeztu zuen hiru urtez. Hark bezalaxe, hainbat lagunek ere aukera izan dute euren lanbideari edota zaletasunei lotutako kolaborazioak egiteko. Oro har, irratiak orain arte “produktu itzela” egin duela dio Zelestinok. “Gaiak sakontasunez lantzen dituzte, alor bakoitzeko aditu euskaldunak bilatzen dituzte, eta denbora ematen diete gauzak behar bezala azaltzeko. Luxu bat da. Handiagoak diren eta baliabide gehiago dituzten irrati askorena baino hobea da programazioa”.


 

EDURNE ARRIZIBITA

Kazetaria, Behatokiko kidea

“Komunitatea da irratiak duen aberastasuna; hori ezin da galdu”

Beste gauza askoren artean, kazetari bikainen harrobia ere izan da Euskalerria Irratia. Gaur egun Euskadi Irratian, Euskal Telebistan edota BERRIAn diharduten profesional askorentzat, aireratze pista ezin hobea izan zen Irrintzi dorrea. Horietako bat izan zen Edurne Arrizibita, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko langilea eta Karrikiri elkarteko kidea. “1994. edo 1995. urtea izanen zen. Unibertsitatean nenbilen, eta kazetaritza praktikak Euskalerria Irratian egin nituen. Albistegietan aritu nintzen batez ere, eta baita Xingulu Mangulu haurrentzako saioan ere. Niretzat, sekulako esperientzia izan zen, profesionalki, pertsonalki eta euskaldun bezala aberastu ninduelako”, azaldu du Arrizibitak.

Urte hauetan kazetaritzaren mundua zeharo aldatu dela dio Arrizibitak, baina Euskalerria Irratiak eutsi egin dio hastapenetako espirituari. “Hori da, hain zuzen, irrati honen ezaugarrietako bat, eta hala beharko luke izan etorkizunean ere. Legez kanpo egon den urteotan, komunitate sendo bat eratu da irratiaren inguruan, baina irauteko sarea zena indargune bihurtu da. Aberastasun. Dozenaka ahots igaro dira Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aurretik. Hori ezin da galdu”.


 

URKO ARISTI

Kazetaria, Tokikomeko presidentea

“Oasi bat da Euskalerria Irratia, etxean bezala sentitzeko toki bat”

Ibilbide profesionala Euskalerria Irratian abiatu zuen beste kazetarietako bat da Urko Aristi. Egun Tokikom elkarteko presidente denak irratiko bekadun gisa eman zituen lehen urratsak, duela 20 urte, Zokobetailu saioan. “Ni herritik nentorren, Arribetik, eta Opuseko Unibertsitatean ez nuen topatzen giro euskaldunik. Bat-batean, Euskalerria Irratia deskubritu nuen, eta oasi bat aurkitzea bezalakoa izan zen niretzat. Etxean bezala sentitzea”.

Gainera, Aristik sumatu du irratiaren izaera hurbil hori indartu egin dela 1998an Nafarroako Gobernuak emititzeko baimena bidegabeki ukatu zienetik gaurdaino. “Nahi zuenaren kontrako efektua lortu du UPNk urte hauetan guztietan. Bidegabekeria horrek indar handiagoa eman dio irratiari, jende asko hurbildu baita proiektura. Militanteago bihurtu gara. Seguruenik, egoera bestelakoa izan balitz, entzule eta lagun izanen ginateke, bai, baina UPNren kontrako jarrera hori 20 urtez nekatu gabe kolaboratzeko akuilua izan da”.

Hala ere, lizentziaren ukapenaz gaindi, irratiaren eta lantaldearen merituak ere goraipatu behar direla azpimarratzen du Tokikomeko buruak: “Bost edo sei lagunen artean halako programazio txukuna osatzea izugarria da, eta horrek ere piztu egiten du jendearen ilusioa. Militantziaren gainetik, irrati profesionala izan da beti, eta horri esker lortu dute halako babes handia”.