San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa

San Fermin Txikiak: talkak ahazteko festa

Ander Perez / Nafarroako Hitza

Urteroko zitari eutsiz, festarako prest dira Iruñeko Alde Zaharreko karrikak. Gaur goizean egingo du eztanda San Fermin Txikiko jaiei hasiera emateko suziriak. Eguerdian hasi eta igandera arte iraungo du ospakizunak. 150 ekitalditik gora izanen dira, guztira.

Aurtengo festak, gainera, bereziak izanen dira. Urteetako borrokaren ostean, baretu dira, oraingoz, Alde Zaharreko Jai Batzordearen eta Iruñeko Udalaren arteko ika-mikak. UPNk ez bezala, auzokideen programari babesa eman dio udalbatza berriak, eta azken urteetan aurrenekoz, baimena izango du aurten Redin inguruko jai eremuak. “Bazen garaia”, dio, telefonoaren bestaldean, Leticia Molina jai batzordeko kideak, pozez. Ez zuten beste erabakirik espero. Eta ez bakarrik udalean izandako aldaketagatik; bide judizialak ere arrazoia eman die auzokideei: “Bere garaian udala salatu genuen, esaten zutelako guk ez genuela barra jartzerik, ez omen ginelako jaien antolatzaile. Epaiketa egin zen, eta otsailean esan ziguten irabazia genuela”. Udal berriak, ordea, epaia betetzeaz harago “ahalegin handia” egin duela uste du Molinak, eta pozik mintzo da harremanen osasuna dela eta.

Orain, udalarekin ez ezik, bizilagunekin harreman ona bermatzea da jai batzordearen helburua. Jai bereziki parte hartzaileak dira San Fermin Txikikoak, auzoaren bizitzan ongi errotuak. Alde horretatik, ez luke arazorik egon behar. Baina tabernak irekitzeko lizentzien kopuru neurrigabeak —eta hortik eratorritako zaratak— arazoa sortu dute Alde Zaharreko bizilagunen artean. Gauzak horrela, jai jardueretako batzuek eragin dezaketen kaltea apaltzeko neurriak hartu ditu jai batzordeak. Izan ere, Molinak dioenez, jendea “kokoteraino” dago zaratarekin, eta ez dute nahi jaiekin “edalontziek gainezka egitea”. Edonola, arduraz baina lasai mintzo da jai batzordeko kidea: “Jaiak jaiak dira, eta zarataren kontra daudenek ere nahi dituzte jaiak. Gu saiatuko gara ahalik eta kalte gutxien sortzen”.

Jai batzordearen eta auzokideen hiru hilabeteko lanak gaurtik aurrera ekarriko ditu fruituak Alde Zaharreko kaleetara. Ekainean hasi ziren biltzen, “lehenik eta behin dantzaldiak kontratatzeko”, eta ordutik astero elkartu dira, kolektibo zein bizilagunak, festak prestatzeko. Jai guneko txanda guztiak betetzeko “arazoak” izan dituztela aitortu du Molinak, “hainbeste urteetan halako gunerik ez egotea nabaritu delako”. Baina txandak bideratzeko helbide elektroniko bat jarri dutela ere dio, eta jendeak “ongi hartu” duela.

Beste behin ere, eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, milaka pertsona elkartuko dira asteburuan Nabarreriako inguruetan, jaiaz gozatzeko. Antolatzaileek, aurten ere, umeak izan dituzte gogoan, eta haientzako jarduera asko antolatu dituzte. Finean, Molinak dioenez, “urtean zehar eta sanferminetan ez dute aukera handirik izaten”, eta, horregatik, “kontuan hartu” dituzte jaien egitaraua ontzeko unean. Haiei eskainitako ekitaldiekin batera, dozenaka jarduera gehiago antolatu dituzte. Herri bazkariek eta musika emankizunek kaleak zipriztinduko dituzte. Aurten, gainera, auzoko gazte mugimenduak duela hogei urte abiatutako eta azken urteetan desagertutako striptease herrikoia berreskuratuko du, ostiralean. Alde Zaharreko musika taldeen lehiaketa ere izango da, ostegunean. Ekitaldi berriak izango dira —jauziak, kasurako, igandean—, eta baita urteetan errepikatu direnak ere, adinekoen krosa, adibidez.

Jai bereziak

San Fermin Txikikoak festa “bereziak” dira Leticia Molina eta Alde Zaharreko Jai Batzordearentzat. Bereziak, “jende askok parte hartzen duelako; ez bakarrik gauzak ikusten, baizik eta baita prestakuntzan ere”. Horregatik, trabak traba “jendeak hasieratik defendatu dituen” festak direla uste du Molinak. Urteroko egutegian gorriz markatutako egunak dira Alde Zaharreko zein Iruñeko gainerako biztanleentzat ere: “Jendeak betidanik sentitu izan ditu bere jaiak balira bezala, eta betidanik sentitu izan da kristoren jarrera jaiekiko. Jai hauetan ez du diruak agintzen. Azkeneko urteetan hori ikusi izan da: nahiz eta barrarik ezin jarri eta nahiz eta dirurik ez atera, aurrera jarraitu dugu jaiekin”.

Festak festa izateko, ordea, denen arteko errespetua bermatu beharra dago. Eta, horretarako, batetik, jaien testuinguruan ugaritzen diren sexu erasoak bukatu nahi ditu jai batzordeak. Horretarako, komunikazio kanpaina bat egin dute, eta eraso sexisten aurka jarraitu beharreko protokoloa landu dute taberna eta peñetako arduradunekin. Horiek guztiek “oso jarrera ona” erakutsi dute, Molinak dioenez. Gainera, emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ere landu dituzte, jaien aurreko asteetan.

Errespetua da Molinak gehienetan darabilen hitza. Festetan ongi pasatzeko eta parte hartzeko deia egiten die herritarrei, baina denen eskubideak aintzat hartuta; festazaleena, baina baita lo egin nahi dutenena ere.