Hartzak haien bakardadean

Hartzak haien bakardadean

Edurne Elizondo / Nafarroako Hitza

Udan basoak emandako fruituak ongi aprobetxatu dituzte. Marrubi, mugurdi eta ahabia anitz izan da aurten, eta izan dute, ondorioz, zer jan. Udazkeneko uzta jaso beharko dute orain: ezkurrak, pagatxak eta gaiztainak bilatzeko ordua dute, negurako prestatzeko. Bertze negu bat Nere eta Cannellito-rentzat; Pirinioetako mendebaldeko azken bi hartzentzat.

“Emerik gabe, etorkizunik ez da hartzarentzat Pirinioetako mendebaldean”, erran du, argi eta garbi, Biarnoko FIEP taldeko arduradun Gerard Caussimontek. Eta horixe eskatu du, hain zuzen ere: neurriak galdegin dizkie Pirinioez bi aldeetako administrazioei, mendebaldeko populazioa sendotzeko.

“Egoera larria da, eta konponbideak, premiazkoak”. Hori dela eta, bi eme askatzeko eskatu du Gerard Caussimontek, “ahalik eta azkarren”. Kantauriar mendilerrotik ekartzea izanen litzateke egokiena, haren hitzetan. Frantziako, Aragoiko (Espainia) eta Nafarroako gobernuek esku hartu beharko lukete auzian, bere ustez, eta emeak hiru lurraldeek bat egiten duten eremuan askatu.

2004. urtetik, bakarrik dira Cannellito eta Nere mendebaldean. Cannellito-ren aita da Nere. Esloveniakoa du jatorria, baina Pirinioetan jaio zen, 1997an. Ziva zuen ama, baina hura gabe hazi behar izan zuen. Cannellito ere ama gabe gelditu zen, hilabete gutxirekin: ehiztari batek hil zuen Cannelle, 2004ko azaroaren 1ean. Hura zen Pirinioetako azken hartz arre emea.

Nere-k eta Cannellito-k Frantziako lurrak dituzte bizitoki. Tarteka, Erronkarira hurbiltzen da Nere. Aspe eta Ossautik mugitzen ohi da hartz hori Nafarroara, bai eta Aragoiko Anso eta Hechora ere. Cannellito ere Aspe eta Ossau ibarretan izaten da, eta tarteka mugitzen da Goi Pirinioetara.

Joan-etorri luzeagoak

Mendebaldeko bi hartzen jarraipena egiten du FIEP talde ekologistak. Caussimontek argi du denbora kontua baino ez dela animalia eremu horretatik desagertzea, neurririk hartzen ez bada. Emerik ez izateak izan du eragina bi hartzen jokabidean, urteotan. “Ohi baino joan-etorri luzeagoak egiten dituzte, eme baten bila”, azaldu du Caussimontek. Memoria badutela erakutsi dute bi hartzek, gainera: “Altan direnean, Cannelle zegoen eremura joaten ohi dira biak”.

Mendebaldean hartza desagertzen uztea “huts larria” litzatekeela uste du Caussimontek. Gogoratu du, gainera, Europak babestutako espezie bat dela, eta administrazioek badutela, ondorioz, hartzari eragiten dioten zuzentarauak betetzeko beharra eta ardura. Aragoiko Gobernuko kideekin bilera egin dute asteon FIEP taldeko kideek, eta Nafarroako Gobernuari ere eskatuko diote, mendebaldeko populazioa sendotzeko neurriak galdegiteko.

Berriki, hartzaren alde ari diren hainbat gobernuz kanpoko erakunde Bruselan izan dira, Caussimontek ezagutarazi duenez. Han ere Pirinioetako egoerari so egiteko eskatu dute FIEP taldeko kideek. “Nafarroak eta Aragoik zer egiten duten eta zer egiten ez duten ere ari dira handik zaintzen”, ohartarazi du.

Pirinioetako erdialdea jarri du hartzaren alde egin daitekeen lanaren adibide Caussimontek. 1996 eta 1997. urteetan hiru hartz askatu zituzten; eta bertze bost 2006an, Cannelle hil eta gero. Askatutako hartz horietako hainbat hilik dira jada, baina populazioak egin du gora, eta Katalunian, adibidez, turismoa erakartzeko erabiltzen hasi dira hartzaren irudia. “Erdialdean hartza desagertu egin zen; urte luzeko lana behar izan dugu herritarren jarrera aldatzeko, baina lan horrek eman du emaitzarik. 2015. urtean, 30 hartz baino gehiago dituzte han”.

Erdialdean mendebaldekoaren alderantzizkoa da arazoa. Ar bakarra da han jaiotako hartz gehienen aita. Hainbat taldek, ondorioz, bertze arren bat han askatzeko aukera jarri dute mahai gainean. Caussimontek ez du argi hori denik konponbiderik egokiena. “Bertze ar bat askatzen badute ere, ezin dute ziurtatu hori bilakatuko dela hartz nagusi”. Eme bat eramatea egokiagoa iruditzen zaio. “Egun, erdialdean dauden hartz guztiak dira Melba eta Hvala emeen ondorengo; kanpotik bertze eme bat sartuta berma dezakezu aldaketa, genetikaren aldetik”.

2011n mendebaldeko populazioa sendotzeko galdutako aukera ekarri du FIEP taldeko kideak gogora, tristuraz. “Dena prest zen, baina azken orduan orduko Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk atzera egitea erabaki zuen, abeltzainen sindikatuak ez haserretzeko”.

Egoera zaila dela argi du Caussimontek; baina ez du esperantza galdu nahi. Administrazioak neurriak hartzeko garaiz direla nabarmendu du, eta urratsak egin ditzatela eskatu die, berriz ere. Politikarien erabakien zain, hartzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du FIEP elkarteko kideak. Nere-k eta Cannellito-k Pirinioetako mendebaldeko basoetan egiten dituzten ibilbideek ia sekreturik ez dute harentzat. Mendian jarritako kameren bidez, hain zuzen, badituzte bi hartzen hamaika irudi. Negurako prestatzen ari dira orain bi animaliak. Bertze negu bat bakarrik.