“Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute xerpek”

“Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute xerpek”

Edurne Elizondo

Gailurrak, bailarak eta lagunak izaten ditu zain Koldo Aldazek, beti, Nepalen (Iruñea, 1956). Dozenaka aldiz joan da, mendiaz gozatzera, eta mendian lan egitera, gidaria baita. Nepalgo pobrezia ikusi du aurrez aurre, eta, hango herria laguntzeko, Lukla-Lodge fundazioa sortu zuen, duela hainbat urte. Udaberrirako ari da hurrengo bidaia prestatzen. Bidaia solidarioa izanen da.

Nolakoa izan zen Nepalera joan zinen lehen aldi hura?

Indiatik joan nintzen Nepalera lehenengo aldiz, 1983 edo 1984an. Indiara espedizio batera joan ginen, eta, itzuli baino lehen, Nepal ezagutzea erabaki genuen. Katmandu, orduan, toki mitikoa zen. Turismoa urte gutxi lehenago hasi zen hara joaten.

Zer sentitu zenuen?

Orduan dena nahiko bukolikoa zen, oraindik ere. Antzinako giroa zegoen, adibidez, Katmandun. Musikariak aritzen ziren hainbat auzotako izkinetan, musika tradizionala jotzen. Erdi Aroko hiria ematen zuen. Ederra zen. Ez zuen zer ikustekorik oraingo giroarekin.

Anitz aldatu da?

Bai. Mendiz inguratutako herria da Nepal. Ia ez dago errepiderik. Jendea mendiko herrixketan bizi da, eta oinez mugitzen da toki batetik bertzera. Turista gehienak mendiren bat igotzera edo trekking egitera joaten dira harat. Turismo mota horrek ekarri du hotelak eta aterpeak egitea, eta, noski, horrek izan du eragina herriko egunerokoan.

Mendizaleen artean ere gertatu dira aldaketak?

Bai. Lehen, jende hagitz gaztea joaten zen, abenturazalea. Orain, ezberdina da giroa. Orain, Nepal mundu guztiarentzako toki bilakatu da.

Aldatu da mendia ulertzeko modua?

Trekking jarduerak ez dira anitz aldatu, baina mendi garaiak menpean hartzeko espedizioak, berriz, bai. Erabat. Orain zinemetan ikus daitekeen Everest filmak balio digu gertatzen dena ulertzeko. Munduko mendirik garaiena da Everest, eta espedizio komertzial batean batere esperientziarik ez duen jendea joan daiteke. 2000. urtean Everestera joan nintzen, eta han bazen kranpoiak nola jarri ez zekien jendea. Nik ikusi nuen hori. Beheko kanpalekuan ari ziren kranpoak nola jarri ikasten. Hori ikaragarria da. Gu Himalaiara joaten hasi ginen garaian pentsaezina zen hori gertatzea. Orduan Himalaiara onenak bakarrik joaten ziren, esperientzia handiko mendizaleak.

Orain dirua duen edozeinek du 8.000 metroko mendi bat igotzeko aukera?

Dirua ez da inportanteena, ilusioz eta gogoz gauza handiak lor daitezkeelako. Baina egia da dirua duenak, gaur egun, baduela aukera Everest igotzeko. Ordaindu, eta gailurreraino ere eramaten dituzte. Xerpek eramaten diete dena. Bai eta oxigenoa ere. Botila aldatu ere egiten diete.

Zer deritzozu zuk horri?

Bertze hainbat arlotan gertatzen dena gertatzen da mendian ere; jarduera erabat komertziala bilakatzen denean, bere funtsa galtzen du. Argi dago hori ez dela jada kirol jarduera bat. Horrek, kirol erronkaren ikuspuntutik, ez du inolako zentzurik. Egia da lehen ere erabiltzen zela oxigenoa, baina baliatzen zen bertzelako baliabideak eskasak zirelako. Gaur egun, adibidez, bada xerpa talde bat izotz handiko zatira joan, eta mendizaleentzat prest uzten duena. Eskalak eta sokak jartzen dituzte mendizaleen lana errazteko. Himalaiako doktore erraten diete xerpa horiei. Lehen horrelakorik ez zen.

Zer harremana dago mendizaleen eta xerpen artean?

Xerpak dira Nepalgo heroiak. Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute haiek. Han jaio dira, eta erraztasun handiagoa dute, noski, egokitzeko. Bertze lan aukerarik ere ez dute. Zamaketari edo gidari izatea. Ingelesez ez dakienak, adibidez, zaila du gidari bilakatzea, eta zamaketari lana du irtenbide bakarra. Ez dut egoki ikusten, hala ere, 12 edo 13 urteko haurrak erabiltzea zamaketari gisa. Eta gertatzen da hori. Nahiko ohikoa da. Ez baitute bertze lanik. Protestak ere izan dira; Everesten, adibidez, egon zen elur-jausi handi haren ondotik, xerpek salatu zuten agentziek egiten zizkieten aseguruen baldintzak ez zirela onak. Eta gailur garaienetan aritzen diren xerpak dira, hain zuzen, hobekien kobratzen dutenak. Are okerragoa da zamaketarien egoera. Bada egoera hori hobetzeko interesa. Gobernua ere ari da urratsak egiten.

Menditik kanpo, nolakoa da Nepal?

Trekking egiteko ibilbide batetik gertu diren mendiko herrixketan turismoa da jarduera nagusia. Bakoitzak ahal duena egiten du turismo horri etekina ateratzeko. Turismoa, finean, diru sarrera nagusia da Nepalen, nazioarteko laguntzaren ondotik. Herri izugarri pobrea da. Bakartuta bizi diren herrixketan, turismoarekin hartu-emanik ez dutenetan, nekazaritzari eta abeltzaintzari esker bizi dira. Horiek dira mendiko herrixketako populazioaren %80 edo. Bizimodu latza da, baina duina.

Eta hirietan?

Bertzelakoa da giroa hango hiri apurretan. Miseria nabarmena da, eta pobrezia, begi bistakoa.

Horrek bultzatu zintuen Lukla-Lodge izeneko fundazioa sortzera?

Lukla izeneko herri horretako xerpa familia bat ezagutu eta gero sortu zen asmo hori. Pasang izeneko haurrak amarekin joan nahi zuen, baina ez nion utzi. 12 urte zituen. Espedizioa amaituta, Pasang Iruñera ekarri nuen. Hamar urtez egon da gure etxera etortzen. Orain gidaria da bera. Kontua da Pasang ezagutu eta gero haren familia laguntzeko aterpea eraiki genuela haien lurretan. Haientzat, eta inguruko bertze herritarrentzat ere bai. Ingelesa irakasteko tailerrak eta gisakoak egitea zen asmoa. Baina bertan behera gelditu da, oraingoz, egoeraren larritasunak bultzatuta.

Nepalen gertatutako lurrikaren ondorioz?

Hala da. Zorionez, aterpea zutik da, baina inguruko bertze etxe anitz behera erori dira. Eta herrixkak berreraikitzen laguntzen ari gara. Gure fundazioaren bidez jasotzen dugun euro bakoitza zuzenean doa Nepalera. Guk bertzelako gasturik ez dugu. Datorren udaberrirako, gainera, trekking solidario bat antolatzen ari naiz. Asmoa da nire gidari lana doan eskaintzea. Norberak ordainduko du bere bidaia eta aterpeko gastua. Turismoa da haien jarduera nagusia, eta sustatu egin behar dugu.