Tresnak tonuan jartzeko ordua

Tresnak tonuan jartzeko ordua

Datorren ostegunean Baluarten emango duten kontzertua prestatzeko ari dira lanean, egunotan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko musikariak. Tresnak tonuan jartzeko ordua dute. Oholtza gainean jotzeko; bai eta agertokitik kanpo ere. Gorabeheraz betetako urteak izan dira azkenok Nafarroako orkestrako kideentzat: murrizketek eragin diete, batetik; irailean egindako ikuskaritzak, bertzetik, ustezko irregulartasunak utzi ditu agerian erakunde horren kudeaketan. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko oraingo arduradunei dagokie datozen urteotarako norabidea zehaztea.

Departamentuko agintariek, hasteko, irailean egindako ikuskaritzak agerian utzitako datuak aztertzeko eskatu diote Nafarroako Kontuen Ganberari. “Horretan ari dira, eta txostena laster jasotzea espero dugu”, azaldu du Kultura zuzendari Fernando Perezek. Kontuak “argitu” nahi dituzte, orkestrak etapa berri bat hasi ahal izateko. Ustezko irregulartasunena izanen da jorratu beharreko arloetako bat, bide berri horretan urratsak egiteko; baina ez da bakarra izanen. Aurrekontuak eta orkestraren egoitzaren auzia ere badaude mahai gainean, bertzeak bertze.

Kudeaketa “gardena”

Ikuskaritzak agerian utzitako datuen berri Nafarroako Orkestra Sinfonikoko egungo kudeatzaile Joaquin Romerok eman zuen, lehendabizikoz, joan den maiatzean. Romeroren zalantzak berretsi zituen ikuskaritzak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Santa Cecilia Orkestran du jatorria; Pablo Sarasatek sortu zuen, 1879. urtean. Egungo orkestra Pablo Sarasate Fundazioak kudeatzen du. Fundazio hori 1997an jarri zen martxan, eta sustatzaile ditu Nafarroako Gobernua, Santa Cecilia Kontzertu Elkartea eta Iruñeko Udala.

Kudeaketaren inguruko zalantzek 2007-2014 urte bitarteko epea hartzen dute. Garai horretan, Florentino Briones zen orkestrako kudeatzaile. Kultura kontseilari Ana Herrerak berak joan den urrian azaldu zuenez, Santa Cecilia Kontzertu Elkartearen eta Pablo Sarasate Fundazioaren arteko kontuen kudeaketan gertatu dira ustezko irregulartasunak. 325.728 euro da bi elkarteon arteko kontuetan ageri den aldea. Santa Ceciliak 2007tik 2014ra bitarte pilatutako kopurua litzateke hori. Kontua da 2007. urtera arte Pablo Sarasate Fundazioak berak kudeatzen zituela denboraldirako abonamenduen diru sarrerak. “Urte horretan, Santa Ceciliak hartu zuen bere gain lan hori; argi ez dauden hainbat kontu aurkitu ditugu; Santa Ceciliak bere kudeaketarako gastuak aipatzen ditu, bai eta Florentino Brionesi egindako hainbat ordainketa ere, bertzeak bertze haren etxebizitzaren alokairua pagatzeko. Hori guztia argitu beharra dago”, erran du Perezek.

Orkestrako musikariek ere “gardentasuna” eskatu dute. “Iraganean gertatu dena argitzea nahi dugu, eta aurrera begira ere, kudeaketa gardena egin dezatela”, nabarmendu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoko langile batzordeko buru Ferran Tamaritek.

Musikarien lanaren alde egin du Tamaritek, eta argi utzi du gobernuak orkestrak aurrera egitea nahi badu, haren aldeko apustua egin behar duela. “Gure aurrekontuaren %90 diru publikoak ematen digu; baina ez guri bakarrik; munduko orkestra guztietan gertatzen da hori”, azaldu du.

Izan dituzten murrizketak salatu ditu. 5,7 milioi euro izan zen aurrekontua 2010. urtean. Kopuru horrek behera egin du azken urteotan. 2016ko aurrekontuen proiektuan, 3,7 milioi euroko diru saila jaso du Kulturak orkestrarentzat.

Kultura zuzendariak argi utzi du kopuru hori ez dutela aldatuko. Nabarmendu du, gainera, departamentuaren helburua dela arlo guztien arteko oreka lortzea. “Sail guztiak dira inportanteak. Orain arte, adibidez, arte plastikoek gutxi jaso dute, eta diru sail hori handitu dugu”.

“Orkestrak Nafarroako errealitate ekonomiko eta sozialera egokitu beharko du”, gaineratu du Fernando Perezek. Tamaritek, berriz, “egonkortasuna” eskatu du, musikariek haien lana egin ahal izateko. Orkestrak, bertzeak bertze, hainbat urtetarako hitzarmena eskatu dio gobernuari. Horrekin ados da Perez, eta Kultura Departamentuaren asmoa hori dela azaldu du. Orkestrako kideekin lan egiteko prest da, lan baldintzak egonkortze aldera. Erran du, hala ere, orkestrak bertze diru iturri batzuk bilatu behar dituela.

Perezek ez du bat egin orkestrako kideekin egoitzaren auzian. Egun musikariek Barañaingo auditoriuma erabiltzen dute entseguak egiteko, eta Baluarte kontzertuak egiteko. Tamaritek uste du azken horrek beharko lukeela haien egoitza. Kulturak, berriz, Barañainen alde egin du. Elkarrizketari eman nahi dio bidea. Denen artean orkestraren bidea zehazteko.