Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon

Zazpi errepresaliaturen arrastoak topatu dituzte Iberon

Iberon (Nafarroa) ari dira indusketa lanetan, 1936ko kolpe militarraren ostean hil eta lurperatu zituzten herritarren aztarnak topatzeko. Gutxienez horietako zazpiren arrastoak topatu ditu elkarteak.

Larunbataz geroztik ari dira elkarteko paleontologoak lanean, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. 1936ko gerran hildako 33 langile omendu zituen gobernuak urriaren 3an, eta nabarmendu du memoria historikoa lehentasunezkotzat jo duela, “1936ko errepresioaren biktimen senideen egia, justizia eta erreparazio eskariei erantzunez”.

Aztertzen ari diren lekuan Larragako 21 lagunen arrastoak topatu zituzten 1978an. Orain, 1,5 metroko sakoneran aurkitu dituzte beste zazpiren arrastoak, Arga ibaitik gertu. Hala ere, gehiago topatzen espero du memoria historikoko elkarteek toki horretan 43 gorpu egon litezkeela uste duelako. Elkarte horien eskariz, egin du indusketa Aranzadik eta guztira zazpi egunez bertan lan egitea espero dute.

Gobernuaren babesa

Orain arte ez bezala, indusketak Nafarroako Gobernuaren babes instituzionala du, eta hori adierazteko gaur eguerdian bertan egon da Ana Ollo gobernuko eleduna. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko ordezkari eta senideak, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia, Javier Lekunberri Nafarroako UGTren idazkari nagusia eta Moises Garjon Oltzako Zendeako alkatea bertan izan dira.

Iberon fusilatu zuten Gregorio Angulo Iruñeko alderdi sozialistaren udal taldeko sortzaile eta hautetsia eta UGTko buruzagia. Gainera, UGTko, CNT eta Izquierda Republicana alderdiko kideak ere bertan direla uste da. Memoria historikoko elkarteen arabera, Iruñeko 11 herritar, Puente la Reinako sei, Obanosko sei, Uharte Arakilgo hiru (horien artean alkate izandakoa), Berbinzanako bi eta Ondarroako bat daude.

“Nafarroako Gobernuak argi diu pertsona hauentzat justizia, ordaina eta egia egon behar duela”, nabarmendu du Ollok.

Leave a Reply

Your email address will not be published.