Bizitza oso bat sakelakoan

Bizitza oso bat sakelakoan

Edurne Elizondo

Datu hotzen atzean ezkutatzen den errealitatea agerian utzi nahi izan dute. “Eta datu hotzek diote 60 milioi errefuxiatu daudela munduan”, erran du Pablo Toscok. Haietako bat da Maamun Al-Wadi siriarra. Jordaniako Zaatari errefuxiatuentzako kanpalekuan bizi da. Sakelako telefonoak konpontzeko eta saltzeko denda txiki bat du han. Telefono horietan gordetako irudien eta memoriaren zaintzaile da, neurri batean. “Errefuxiatuek dena utzi behar dute atzean etxetik alde egiten dutenean. Bizkar-zorroan sakelakoa eta kargagailua bertzerik ez dituzte sartzen”, azaldu du Jorge Fernandezek. Atzean uzten dutenaren eta zain dutenaren arteko zubi bilakatzen dira gailu horiek. Haien oroitzapenen eta nortasunaren gordeleku. Telefono horiek jasotakoa baliatu dute District Zero dokumentala osatzeko, hain zuzen ere. Toscok eta Fernandezek zuzendu dute, Pablo Irabururekin batera, eta Iruñean aurkeztu berri dute.

Oxfam erakundea eta Europako Batzordea dira District Zero lanaren ekoizle, eta Arena eta Txalapart etxeek filmatu dute. “Munduko errefuxiatuen errealitatea ikusgarri bilakatzeko”, nabarmendu du Fernandezek. Nahita egin diete ihes gerrak eragindako dramaren irudi gogor eta gordinei. “Gerraren errealitate hori hor dago, eta filman ere ikus daiteke, baina bertze alderdi batetik eutsi nahi izan diogu gaiari”.

Errefuxiatuentzako munduko edozein kanpalekutan gerta daitekeena eraman nahi izan dute zuzendariek pantailara, hain zuzen ere. Eta, horretarako, unibertsalak diren emozioak eta sentimenduak baliatu dituzte; sakelako batean edozein errefuxiatuk gordetzen ahal dituen irudiek eragiten dituzten emozioak eta sentimenduak, alegia.

“Etxea atzean uzteak, zure herria utzi behar izateak, maite dituzun horiengandik urrundu behar izateak berdin ukitzen eta hunkitzen gaitu zu, ni eta munduko bertze puntan dagoen norbait”, azaldu du Toscok. Zama hori dute District Zero dokumentalean ageri diren errefuxiatuek, eta munduko errefuxiatu guztien ordezkari bilakatzen dira: “Dena galdu dute; eta nola edo hala egin behar dute aurrera”, erantsi du Toscok.

Aurrera egin behar horrek agerian uzten du errefuxiatuen ezaugarri nagusia, hain zuzen ere. “Erresilientzia. Bizitzari eusteko indar ikaragarria dute, eta kanpalekua normala ez den normaltasun esparru bilakatzen dute. Sorterrira lotuta daude, nolabait, baina bidean aurrera jarraitzen dute. Maamunek berak kanpalekuan ikasi zuen sakelakoak konpontzen”, nabarmendu du Jorge Fernandezek.

Kamera jarri, eta grabatu

Errefuxiatuen egunerokoa islatu nahi du filmak. Eta, hori lortzeko, kanpalekuan bizi direnen arteko solasaldiak grabatu dituzte. Maamun Al-Wadi bilakatu dute protagonista, eta haren denda, berriz, errefuxiatuen topagune. “Guk ez dugu solasaldietan parte hartu. Ez ditugu zuzendu nahi izan. Anitzetan, bulegora ailegatu arte ez dugu jakin zertaz ari ziren. Nahita egin dugu hori; kamera jarri, eta haien arteko harremana grabatu nahi izan dugu, bertzerik ez”.

“Grabatzen ari ginenaren gainean inolako kontrolik ez genuen. Kamera martxan jarri, eta ez genekien zer gertatuko zen. Eta hori da film honek duen ederrena”, nabarmendu du District Zero laneko soinu arduradun Miguel Garciak.

Solasaldi horietan agerian gelditzen da egunerokoaren gogortasuna; Siriako oroitzapenak mahai gainean jartzen dituzte errefuxiatuek, atzean utzitako senideen eta tokien argazkien bidez; baina ez hori bakarrik. Jolasean ari diren edo eskolara joaten diren haurren bidez, itxaropena ere saiatzen da bere tokia hartzen kanpalekuan,

Argazkiek ere pizten dute itxaropen hori, eta irribarrea marrazten dute errefuxiatuen aurpegietan. “Batez ere, Maamunek inpresora bat erosi, eta argazki horiek paperezko irudi bilakatzen dituenean”, azaldu du Fernandezek. Iruñean, filma hasi baino lehen, argazkia egin zuten zuzendariek eta lantaldeko gainerako kideek. “Maamuni bidaliko diogu, irudi hau ere gorde dezan”, erran zuten zuzendariek.

Fernandezek argi eta garbi erran du: “Errefuxiatu batengana joan ginen, eta lagun bat utzi dugu han”. Dokumentala egin duten pertsonentzat ere sakelakoa bilakatu da Zaatari kanpalekuan direnekin harremanetan jarraitzeko modu.

Toscok dokumentala egitera joan aurretik ezagutu zuen kanpaleku hori. “Lehendabizikoz joan nintzenean hesirik ez zegoen”. Orain bai. “Han sartu eta espetxe batean sartzen ari zaren sentsazioa duzu”, erran du zuzendariak. Zaatari kanpalekuan Ismael Ibrahim Albes errefuxiatu palestinarraren laguntza izan zuten dokumentalaren egileek. “Zubi lana egin zuen siriarren eta gure artean”.

Iruñean aurkeztu baino lehen, Jordanian izan zen Tosco film hori erakusten. Maamun Al-Wadik parte hartu zuen aurkezpen hartan, bai eta dokumentaleko bertze protagonista Karim Rajabek ere.

Amanen egin zuten Jordaniako aurkezpena. “Hango testuinguruak ez du hemengoarekin zerikustekorik. Jordanian, ofizialki, 600.000 errefuxiatu daude. Egoerak gainezka egin du, eta sortu dira tentsioak”.

Mazedonian eta Serbian ere izan da Tosco azken asteotan, errefuxiatuen bidea jarraitzen. Europako agintariek erakutsi duten jarrera kritikatu du zuzendariak. “Duintasun kontu bat da hau. Errefuxiatuekin hitz egin dut, eta inork ez du karitatetik nahi; sorterritik ihes egin dute gerrak bultzatuta. Lan egin nahi dute, haurrak eskolara eraman, ez dute oparirik nahi. Berriro diot, duintasun kontu bat da, eta Europa ez da ari ailegatzen ari diren errefuxiatuak duintasunez tratatzen”.

Gerra ez da amaitu. Errefuxiatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Mundu osoan. Eta hori gertatzen den bitartean, gaur-gaurko dokumentala izanen da District Zero. Iruñeko aurkezpena hasi baino lehen, halaxe azaldu zien Jorge Fernandezek ikusleei: “Orain ikusi behar duzuena, gaur gertatzen ari da; eta bihar ere gertatuko da; eta etzi…”. Errefuxiatuen aurpegia eta haien izen-abizenak ikusgarri bilakatu ditu dokumentalak. Haiei so egiteko.