Ahots deserosoak jopuntuan

Ahots deserosoak jopuntuan

Ion Orzaiz

Sarritan, kontatzen dena baino garrantzitsuagoa ei da nork kontatzen duen. Polizia baten irudia Espainiako telebista publikoan azaltzen bada, inork gutxik pentsatuko du kazetariek agente horren segurtasuna arriskuan jarri dutenik. Irudi horiexek hedabide alternatibo edo deseroso batean azalduz gero, ordea, unean uneko agintari politikoek jo-puntuan jar ditzakete profesionalak, irudiak argitaratze hutsagatik. Helburu horrekin onartu zuen Espainiako Kongresuak (PPren gehiengo osoari esker) Herritarren Segurtasunerako legea edo Mozal legea.

Ahotsa.info agerkari digitaleko langileek, esate baterako, iragan den azaroan sentitu zuten mozalaren laztasuna ezpain artean. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak gutun bat igorri zien, poliziak ageri ziren argazki bat argitaratzeagatik 601 eta 30.000 euro arteko isuna jaso zezaketela abisu emanez. “Mozal legea indarrean jarri zenetik, Ahotsa.info-k jasotako mehatxua da hedabide baten kontra aplikatzen den lehen neurria”, azaldu du Paz Frances, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta zigor zuzenbidean adituak.

Ez zen isun bat izan, ezta prozesu administratibo bat ere. Ohar soil bat zen. Baina itxuraz aseptikoa eta informatiboa zen gutun horren bitartez, Albak kolokan jarri zuen hedabide nafarraren informazio eskubidea. “Legearen interpretazio a petatsua egiten du gobernu ordezkariak abisu horretan, eta adierazpen askatasuna urratzen du, Ahotsa.info-ren jarduna baldintzatzen baitu”, dio Francesek.

Katedradunaren arabera, Albak erabilitako prozedura “oso ohikoa” da, baina horrek ez du esan nahi zuzena izan zenik. “Egiazki, irregulartasun larri bat da, ohartarazpen huts bat denez, ez duelako helegitea aurkezteko abagunerik ematen; beraz, mehatxua jasotzen duenak ez du bere burua defenditzeko aukerarik”. Zehazki, Mozal legearen aplikazio horrek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10 eta 13. artikuluak urratzen dituela uste du Francesek.

Argudio horiek oinarri gisa hartuta, Ahotsa.info-k Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu zuen Espainiako Estatua abenduan, Defendatzen duena defendatu plataformaren bitartez. Diagonal eta La Directa hedabideek ere bat egin dute salaketarekin. Helburua ez da Carmen Albaren abisua soilik salatzea, Mozal legea bera auzibidean jartzea baizik. NUPeko irakaslearen irudiko, Estrasburgon aurkeztutako salaketa “oso garrantzitsua” da, Herritarren Segurtasunerako legearen gainean ebazpen bat ematera behartuko baititu epaileak. “Asko dira lege horrek urratzen dituen eskubideak: informazio eskubidea, elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, manifestazio eskubidea… Hori guztia aztertu beharko du auzitegiak”. Argi dute, dena den, prozesu luze eta korapilatsua izanen dela.

Zigorrak, nahieran

Francesen arabera, Mozal legearen ezaugarri nagusienetako bat zehazgabetasuna da: “Kontzeptu nahasi asko erabiltzen dira bertan, eta agintari politikoen irizpideen menpe gelditzen da legearen aplikazioa”.

Zigorrak ezartzeko irizpideak ez, baina arau berriak argi uzten duena Poliziaren ahalmena da: “Poliziaren eskuduntzak handitzen ditu Mozal legeak, herritarrei miaketak egiteko edota segurtasunezko perimetroak nahieran ezartzeko. 1992ko Corcuera legeak ahalmen handia eman zion Poliziari, baina lege berri honek izugarri handitu du botere hori”.

Bestalde, debekaturik dauden gauzen zerrenda luzatu egiten du Espainiako Gobernuak segurtasun arau berriaren bitartez. “Azken lau urteotan ikusi ditugun protesta ekintzen tankera hartu dute debeku berriek. Adibidez, eraikin publiko zein pribatuen barruan manifestazioak egitea debeku da orain, Hipotekak Kaltetutakoen plataformek bankuetan eginiko protestei aurre egiteko”.

Beste adibide bat ere jarri du Francesek: eraikin publiko baten aitzinaldera igotzea eta pankarta bat paratzea debekatzen du arau berriak. “Non ikusi dugu hori? Bada, talde antidesarrolistek, ekologistek eta antikapitalistek eginiko protestetan. Herri harresiak, AHTaren aurkako ekintzak… Horiek ere badute neurrira eginiko zigor administratiboa”. Oro har, kalean piztutako protestei emandako erantzun politikoa dela uste du katedradunak. “Halako eskandalu batek erantzuna izan beharko luke Europan”.