Zeruak kur-kur egiten du

Zeruak kur-kur egiten du

Edurne Elizondo

Ikusi baino lehen, entzun. Ez da hegaldi isila kurriloena. Kur-kur egiten du zeruak hegaztiok batetik bertzera mugitzen direnean. Kur-kur hori, gainera, gero eta ozenago aditzen ari da Nafarroan, gero eta gehiago direlako hegoalderako urteroko bidean herrialdea zeharkatzen duten kurriloak: 2014ko urria eta abendua bitartean 40.000 zenbatu zituzten; iaz, berriz, denbora tarte berean, ia 94.000.

Boluntario talde bat aritzen da hegaztiok zenbatzeko lan horretan, Nafarroan, Jesus Mari Lekuona da haien koordinatzailea. Biologoa da, eta esperientzia handiko pertsona, hegaztiei so, zerua behatzen. “Ikusgarriak” iruditu zaizkio abendua bitarte jasotako datuak, eta agerian utzi dituzten hainbat kontu nabarmendu ditu.

Batetik, astebete aurreratu dela aurten kurriloen migrazioa. “Urriaren 10 aldera hasten ohi dira hemendik pasatzen; aurten, berriz, urriaren 1ean bidean ziren jada”. Bertzetik, azaroaren 1ean gertatu zena ekarri du gogora biologoak, egun bakar batean 10.000 kurrilok zeharkatu zutelako Nafarroako zerua. “2.000 eta 3.000 hegaztik osatutako multzoak ere ikusi ditugu aurten; ikusgarria izan da”.

Herritarren artean kurriloek jakin-mina pizten dutela erran du Lekuonak, eta anitz direla, hegaztiei so egiteko ohitura izan gabe ere, gora begiratzen dutenak, haien zain. “Negua iragartzen omen dute kurriloek, eta egiten duten soinuak berezi eta nahasezin bilakatzen ditu hegaztiok”.

Agerikoaz harago, kurriloen migrazioaren azterketak hegaztioi buruz gehiago jakiteko aukera ematen die, urtero, adituei. Urria eta abendua bitarte Europa iparraldetik Espainiarantz egiten duten bidean Nafarroatik pasatzen diren kurriloak zenbatzen dituzte. Denek ez dute bidaia osoa egiten, ordea, eta, Nafarroara ailegatuta, herrialdeko hainbat txoko aukeratzen dituzte haietako zenbaitek, negua hemen emateko. Horiek ere zenbatzen dituzte Nafarroan sarea osatzen duten boluntarioek. Zenbatzeko lanak datorren astean-edo hasiko dituzte, hain zuzen ere. “Urtarrileko hirugarren astean egiten ohi dugu”.

Azkenik, udaberriko migrazioa ere aztertzen dute Lekuonak eta bertze boluntarioek. Kasu horretan, alderantzizko bidea egiten dute kurriloek: hegoaldetik iparraldera itzultzen dira, han ugaltzera.

Kopuruak, gora

Gero eta kurrilo gehiagok zeharkatzen dute Nafarroako zerua, eta gero eta gehiago dira, halaber, neguan hemen gelditzen direnak. “Azken urteotako datuek erakusten duten joera hori da”, erran du Lekuonak. Lehen, bakanak ziren herrialdean gelditzen zirenak. Iaz, berriz, 600 inguru zenbatu zituzten. “Aurten kopuru horrek gora eginen duela uste dugu”.

Atseden hartzeko tokia eta jatekoa behar dute kurriloek. Nafarroan gelditzen direnek ere bai, noski. Eta Nafarroan, batez ere, arroza eta artoa izaten dute. Iparraldetik hegoalderako bidaian ere, atseden hartzeko tokiak behar dituzte hegaztiok, eta Nafarroako hainbat hezegunek ematen diete horretarako aukera. Hegoalderako bide horretan, Espainiako Extremaduran gelditzen dira, batez ere. “Han, batez ere ezkurra dute jateko”. Azken urteotako migrazioari buruzko datuek agerian utzi dute hegoalderago ere jarraitzen dutela haien bidaia hegaztiek. “Marokon, adibidez, 800-1.000 inguru zenbatu dituzte azken urteotan; Portugalen ere egin beharko liekete so hegaztioi, uste baitugu han ere gelditzen direla, baina datu anitz ez dugu”.

Kurriloen populazioaren egoera, edonola ere, ona dela nabarmendu du Jesus Mari Lekuonak. “Ugaltzen diren 100.000 bikote baino gehiago daude Europan; kopuru horri txitena gehitu behar zaio, gainera”. Kurriloek familian egiten dute bidaia. “Aurten bikote anitz ikusi ditugu txita batekin edo birekin ere; berri ona da hori”.

Animaliok bidaiatzeko duten gaitasuna miretsi du Lekuonak. Taldeka mugitzen dira batetik bertzera, eta ohikoa da V forma duten multzoak osatzea hegan egitean. Duela gutxi jakin da, hala ere, hegazti taldeok esploratzaileak bidaltzen ohi dituztela, aurretik, non atseden hartu eta zer jan bila dezaten. “Toki aproposa aurkitzen dutenean abisua ematen diete bertzeei, bidaia has dezaten”.

Klimaren aldaketak, haizearen indarrak edo ilargiaren faseek nola eragiten duten jakiteko datuak ere ematen ditu migrazioaren azterketak. “Horiek aztertzea hagitz garrantzitsua da”. Ulertzeko, adibidez, azaroaren 1ean bezala, 10.000 kurrilo batera mugitzera zerk bultzatzen dituen. Haiei so jarraituko dute Nafarroan. Udaberrian ere bai. Kur-kur eginen baitu zeruak, berriz ere.