Berokia Castildetierrarentzat

Berokia Castildetierrarentzat

Edurne Elizondo

Bardea izan zenaren lekuko da hango Castildetierra muinoa. Haizeak eta urak zizelkatutako paisaiaren irudi eta ikur. Garai batean, lautada izan zen inguru hori; hareharriak zeuden goiko aldean, eta, azpian, berriz, tuparriak. Urak eta haizeak eragindako higadurak sortu du egungo paisaia, eta Castildetierraren gisako muinoak iraganaren lekuko bilakatu dira. Ez betiko, ordea, higaduraren eraginak ez baitu etenik. Adituek ere ezin dute gelditu. Mantsotu egin nahi dute, ordea, Castildetierran, eta hori egiteko moduak aztertzen ari dira. Berokia jarri nahi diote, nolabait, higaduratik babesteko.

Castildetierraren oinarrian tuparriak badira; goiko aldean, berriz, hareharriak. Azken horiek tuparriak baino gogorragoak dira, eta ez dira hain erraz higatzen. Oinarrian diren tuparriek eusten diete goiko hareharriei, ordea, eta oinarriak huts egiten duen unean, muino osoak eginen du behera.

Momentu hori atzeratu nahi du Bardeako Batzarrak, eta erakunde horrek eskatuta ari dira zer egin daitekeen aztertzen. Zaragozako (Espainia) Metopa enpresak hartu du ardura hori. Asteon egon dira Bardean azkenekoz, iazko udaberrian martxan jarritako saioak gainbegiratzen.

Castildetierraren gisako ondoko muino bat aukeratu zuten saio horiek egiteko. Lan horretan Nafarroako Gobernuko geologo Esteban Faci dute laguntzaile. “Castildetierraren ezaugarri bertsuak dituen eremu bat hautatu dute, erabili nahi den produktuak zer eragin duen aztertzeko”. Urtebeteko epea ezarri zuten iazko udaberrian; ondorioz, datorren udaberrian emaitzak aztertu, eta erabakiko dute zer egin.

Metopa enpresako geologo Cristina Marinek argi eta garbi erran du: “Ez da erraza izanen”. Ezta merkea ere, segur aski. Zaragozako enpresak harrizko monumentuetan gertatzen den higadurari aurre egiteko moduak jorratzen ditu, batez ere. Lehenbiziko aldiz ari dira Bardeakoaren gisako monumentu natural batean lanean. “Esperientzia aitzindaria da hau”, nabarmendu du Marinek.

Horregatik erabaki zuten urtebeteko saioa egitea, inolako erabakirik hartu baino lehen. Higadura mantsotzeko produktu batekin inpregnatu dute tuparria. Produktu horrek inpermeabilizazioa ematen du, baina transpirazioa egiten uzten du, aldi berean. “Harriari gore-tex geruza bat jartzearen gisakoa litzateke, nolabait erranda”, azaldu du Esteban Facik.

Oraingoz, erabilitako produktuak ez du aldaketarik eragin tuparrian. Hiru hilabetetik behin egiten dituzte kontrolak, produktuak harriaren kolorea aldatu ote duen edo arrakalak eragin ote dituen ikusteko. “Oraingoz ez da halakorik gertatu; orain arte, hala ere, eguraldi epela izan dugu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Ikusteko dago, adibidez, izotzak zer eragin izanen duen”.

Nafarroaren irudi

Bisitari anitzek lotzen dute Nafarroa Castildetierra muinoaren irudiarekin. Hori dela eta, hari eusteko ahalegintzea garrantzitsua dela uste du Cristina Marinek. Geologoak nabarmendu du, halaber, muinoan esku hartzeko moduak ezin duela muinoa bera desitxuratu. “Badira epe motzera eraginkorragoak izan daitezkeen alternatibak; sareak jar daitezke, adibidez, baina horrek erabat aldatuko luke muinoaren itxura”. Horregatik bazter utzi dituzte halako aukerak.

Marinek eta Facik argi dute, azkenean, muinoak behera eginen duela. Noiz gertatuko den erratea, hala ere, zaila dela azaldu du Facik. Nafarroako Gobernuko geologoak, edonola ere, ez du uste muinoak bertze ehun urte eginen dituenik zutik. “Hemendik bost edo hamar urtera ere eror daiteke. Gainetik egindako kalkuluak baino ez dira, hala ere”.

Higaduraren ondorioak mantsotzea du helburu Metopa enpresa egiten ari den lanak. Aurretik egin izan dituzte Castildetierra betikotzeko bertze hainbat urrats. 2011. urtean, adibidez, muinoa eskaneatu egin zuten, hiru dimentsioko irudia lortu ahal izateko. “Hareharrizko tontorrean ere badira arazoak, pitzadurak baitaude. Ez da erraza, baina har daitezke neurriak hori konpontzeko. Hiru dimentsioko kopia ere erabiltzen ahal da”, erran du Marinek.

Castildetierrari eutsi nahi diote. Ahalegin horrek ez du justifikaziorik, ordea, geologiaren ikuspuntutik. Hori uste du Jose Luis Piedrafita geologo eta Iruñeko UNEDeko irakasleak. Are gehiago, ez du ontzat jo horretan diru publikoa gastatzea. “Erabakiak ez du geologiarekin zerikusirik; merkatu kontu bat da. Castildetierrak turismoa erakartzen duelako nahi dute behera egin ez dezan”, azaldu du. “Gertatzen diren prozesu geomorfologikoak, ordea, direnak dira. Naturak bere lana egiten du”.

Enpresak produktua probatzeko hartutako urtebeteko epea motz gelditzen dela uste du Piedrafitak. “Herri lanetan ere ikusten dugu lehendabiziko urtean dena dagoela ongi: gero hasten direla arazoak”. Kontua Bardearen ikur bilakatu den muinoaren irudiari eustea bada, hiru dimentsiokoa baliatzen ahal da, geologoaren ustez. “Egin daiteke kopia oso bat. Baina erori behar badu, eror dadila”.